Orain Ameriketan, orain Euskal Herrian… Non bizi zara egun?
Joxean Goñi: Hendaian bizi naiz orain bi urtez geroztik. Urnietara gurasoengana-eta etortzen naiz bisitan. Egia esan, gustura geunden Urnietan, baina familia eta biori etxebizitzen salneurriak eraman gintuen haraino.
Sanmielak nola bizitzen dituzu?
J.G.: Koadrilen afarian parte hartu nuen, baina bestelakoan, ez ditut oso gertutik jarraitzen. Bihar bagoaz Argentinara, eta oraintxe burua ez daukat jaietan jarrita.
Gaztetan beste modura bizituko zenituen, ala?
J.G.: Iruditzen zait Sanmielei beti falta izan zaiela zer edo zer festa handiak izan daitezen. Gogoan dut zinegotzi izan nintzen urteetan parte hartzea bultzatzen saiatzen ginela; baina batetik, herritar gutxi hurbiltzen zen laguntzera eta bestetik, zerbait antolatu eta kritika besterik ez zen jasotzen. Azken urtetan Iñistorra elkartea, gazteak…, hor dabiltza jaiei bestelako indarra eman nahian. Ea zorte ona duten.
Ez dakit zergatik, baina Xoxokako jaiekiko ditut nik oroitzapenik onenak. Bertako gazteekin pike sanoa izaten genuen; gu azaltzen ginenean, agudo botatzen zuten “etorri dituk kalekumeak!”. Harro antzean jartzen ziren. Bertakoek antzerki polita prestatzen zuten, eta barre galantak egiten genituen…
Kazetaritzan aritu zara urtetan, ekoizpen lanetan hasi aurretik…
J.G.: ETBn informatiboetan edo kirolen sailean jardun nuen. Baina azkenerako pittin bat erre, eta Elkartasunaren Bideak saioarekin bi urte egin nituen. Euskal kooperanteen lana eta horiek zeuden lurraldeetako bizimodua islatu nahi zituen saioak. Oso bizipen zirraragarria izan zen, oso-oso baldintza kaskarretan bizi den jendea ezagutuz ibili ginen munduan zehar kamera bat eta biok bakarrik.
Hostoil ekoiztetxerako jauzia egin zenuen gerora…
J.G.: Globomedia ekoiztetxeak Hostoil filialarekin lan egiten du Euskal Herrian, nik zuzendaritza lanak betetzen ditut bertan. Fikzioa, lehiaketak eta realityak egin izan ditugu telebistarako; besteak beste, Basetxea, Mondo Difficile, Itsasontzi baten…, El Conquistador, El Conquistador del Aconcagua…
Aconcaguako abentura da zuen azken produktua…
J.G.: Zortzi saio eskainiko dira igandetan, horrez gain Iñaki Lopezek gidatzen duen eztabaida saioa. Ezin da gehiegi azaldu zertan datzan, baina ezuste ugari duela bai. Lehiakideei gailurra egiteko gai direla erakustea eskatuko zaie. Bidean gertatzen zaizkien gora beheratan oinarritzen da saioa, azken batean.
Baliteke ohiko mendizaleen kritikak jasotzea reality bat mendian gora eramateagatik, baina gure asmoa zera izan da: jende arruntak, goimendizalea ez denak, gailur erraldoi baten igoera nola bizi duen islatzea.
Zein izan da zure funtzioa saio horretan?
J.G.: Bi hilabetez jardun genuen grabatzen. Argentinarra zen grabazio talde osoa, Julian eta biok kenduta. Oso konplexua zen baldintza horietan reality bat grabatzea. Ni oinarrizko kanpamenduan geratu nintzen, Plaza de Mulas deituriko tokian, 4.300 metrora. Gorriak pasa nituen, ez bainengoen entrenatuta. Egun dexente egin genituen bertan, eta ordu asko grabatu genituen. Gero lehiakideek igoerari ekin zioten Juanito Oiartzabal gidari zutela. Irrati bidez jarraitu ahal izan nituen haien ibiliak.
Orain El Conquistador-en 7. edizioa grabatzera zoazte Patagoniara. Azken urtean ETB %10eko audientzira murriztu da. Zuek ordea, %25a lortu duzue. Pagotxa bihurtu zarete ETBrentzat…
J.G.: Arrazoi asko pilatu da jaitsiera hori azal dezaketenak. TDTaren agertzea, gobernu eta zuzendaritza berriak, krisia… Ez nuke oraintxe zuritu nahi EiTB -kritikatzeko puntu asko baitauzka-, baina gurekin oso ondo jokatu izan du beti, guregan konfiantza jarriz. Programa askok funtzionatuko lukete pazientzia gehiago balego telebistan. Begira zer gertatu zaion berriki Patricia Gaztañagari, esaterako: Antena 3en saio berria estreinatu eta hirugarren egunerako kendu egin dutela. Balore finko bakarra, gaur egun, Belen Esteban dela dirudi.
Non uste duzu dagoela arrakastaren sekretua?
J.G.: Huskeria diruditen bi aipamen egingo nituzte. Lehenbizikoa, lehiakideak benetazkoak direla; ez dute Supervivientes-ekoen antzik. Doan joateko eta dena emateko prest agertzen dira. Munduko beste lehiaketak ezagutzen dituzten argentinarrak zur eta lur geratu ziren euskal lehiakideekin; “los vascos sois porfiados” esaten zuten: egoskorrak, lehiakorrak eta apostuzaleak garela, alegia. Bigarren gakoa, jokoak errealismotik asko izatean datza; ez dugu amarrurik egiten. Esate baterako, proba bat gaizki atera bada inoiz ez dugu edizioa mozten berriro grabatzeko.
Bi puntu horiez gain, noski, badaude beste zenbait elementu pizgarri: Korta eta Oiartzabalen arteko ikuskizuna, euskal ikuslearen profila (muturreko gauzak ditugu gogoko maiz)…
Zuzendari edo gidoilariek ere zuen partea jarriko duzue, ala?
J.G.: Egia esan, Basetxean askatasun osoa izan genuen gauza asko probatzeko. Hura munduan egin den realityrik basatiena zen, eta ondo funtzionatu zuten elementuak gero El Conquistador-en joan gara aplikatzen.
Aurreko edizioan Koldo eta Oihana lehiakideek irudiak manipulatu izana leporatu zizuten…
J.G.: Guk egun batean desitxura dezakegu lehiakide baten irudia. Baina hori ez da posible 30 egunetan jarraian egitea. Nik uste jendea den bezalakoa agertzen dela lehiaketan zehar. Badira lehenbiziko egunetan mozorroarekin agertzen diren lehiakideak; denborarekin, ordea, bakoitza den moduan agertzen da. Hori bai, ez da ahaztu behar lehiakideak programak ezartzen dituen egoera zehatzetan jokatzen dutela jokatzen duten eran; baliteke, gero euren eguneroko bizitzan, guztiz kontrako nortasuna erakustea.
Lehiakideak aukeratzeko, castinga erabiltzen duzue…
J.G.: Guk ez daukagu psikologorik, eta aurrez ez daukagu finkatuta partaideen profila, nahiz eta jendeak bestela pentsatu. Ni behintzat casting-etan saiatzen naiz elkarrizketak gai arruntekin (familia, lana, futbola…) egiten. Nik benetan baloratzen dudana hiztuna izatea da, eta batez ere, egoera arraroetan erantzuten jakingo duela jakitea.
Denetariko gizakiak igaroko dira zuen aurretik…
Lan honek liburu bat idazteko ematen du… Badira dirua eta fama lortzeko asmotan aurkezten direnak, baina nik uste gehienak abentura berri baten bila etortzen direla.
Ez naiz kapaz gizartearen analisi sozio-psikologiko bat egiteko, baina esango nuke, orokorrean, gizarte honek gaixotasun puntu bat baduela: nahiko nekatuta gaude betikoarekin eta astindua emango diguten bizipenen bila abiatzen gara.