Bigarren eskuko azoka, larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 14a, 11:20

Bigarrengo eskuko objektuen azoka berri bat ospatuko da Andoainen, Goikoplazan, urriaren 23an. Urriaren 19ra arte eman daiteke izena; nahikoa da 943 591 298 telefono zenbakira hots egin eta Iñigo edo Xabierrengatik galdetzea.



Eguzki-Ihintza enpresaren eskutan dago azokaren antolaketa, Udalak hala eskatuta. Xabier Agirre bertako langileetako bat da.

Lehenengo eta behin, azalduko al zenuke zein den zuen enpresaren ekintza esparrua?
Ingurumenarekin lotutako enpresa da, eta hainbat arlo jorratzen du. Besteak beste: ingurumen eta lurraldearen ikerketak, ingurumen ebaluazioa, aisialdia eta turismo jasangarria, digitalizazio eta kartografia, hezkuntza eta sentsibilizazioa…

Irekia al dago oraindik mahaia jarri ahal izateko izena emateko epea?
Urriaren 19ra arte eman daiteke izena; nahikoa da 943 591 298 telefono zenbakira hots egin eta Iñigo edo Xabierrengatik galdetzea. Edozein herritar animatuko nuke azokan parte hartzera.

Zein aurreikuspen duzue, mahai jartzaileei dagokionez?
Gizarte funtzioa daukaten elkarteen artean Emausek eman du izena oraingoz; lehendik ere azoka ezagutzen duten Sahararen aldeko bi taldeetako (Maiatzak 20 eta Hurria Sahara) bat behintzat espero dugu. Hiru ikastetexetako ikasleek ere jarriko dituzte mahaiak, euren ikasketa bidaietarako dirua biltzeko. Bestelako produktuak ekarrita azoka anitzagoa bihurtzen duten ondoko herrietako saltzaileak, ohikoak direnak, horiek ere etortzekoak dira. Eta azkenik, geratzen diren gainerako mahaiak, 32 osatu bitarte, gizabanakoen esku izango dira; batzuk jada emana dute izena.

Herritarrak inplikatzea nahi duzue…
Hala da. Izan ere, nahiago dugu azoka “profesionala” baino, herritarrak parte hartze zuzena duen azoka.
Esan behar da hasiera motelak izan ostean, herritar dexenteren partaidetza ezagutzen ari dela azoka hau; egonkortu egin da kopurua gainera, bai Zumea Plazan, baita Goikoplazan. Kasuren batean edo bestean gurasoak seme-alabekin batera animatzen dira mahaiak jartzera; normalki, ordea, gurasoak lotsatu-edo egiten dira eta seme-alabei uzten diete lan hori.

Lotsa aipatu duzu…
Ez gaude ohituta jendaurrean jartzera. Era guztietara, eskarmentuak esaten digu probatzen duenak oso ondo pasatzen duela, saldu egiten duela, eta ondorioz, errepikatu egiten duela. Haurrek bereziki…

Bigarren eskuko gauzekiko kultura falta al dago gure gizartean?
Asko daukagu egiteko, inguruko herrien aldean (Frantziako estatua, Ingalaterra…). Aurrejuzgu handiegia dago erabilitako gauzekiko maiz; oso sustraituta daukagu beti gauza berriak erosi nahi izatearen kultura.
Ez dakit zer gertatzen den, baina esaterako, Agenda 21aren edo bestelako ikasgaien eskutik, ikasteetxeetan landu ohi da bigarren eskuko gauzen salerosketa edo erabilpenaren kultura. Gero, ordea, praktikara eramatea falta zaigu.

Gauzak baloratzen jakitea falta al zaigu, beraz?
Guztiok mentalizatu beharko genuke, ganbaran baztertuta daukagun objektu hori beste batek gehiago baloratu eta erabili egingo lukeela, eskutan edukiko balu; salneurri merkean saltzen badiogu, biak aterako gara irabazten.
Ez gara ohartzen, baina pentsatzen jartzen bagara denoi gertatu izan zaigu horrelako istorioren bat. Nik adibidez, bizikleta arraro bat erosi nuen 40 eurorengatik iaz; jabeari ez zion zerbitzen nonbait, baina niretzat nahikoa zen Leitzaranen barrena Txapelaraino joan ahal izateko. Gorka, nire semeari ere BH markako bizikleta mitiko horietako bat oparitu zion lagun batek. Inoiz ilusiorik handiena egin dion oparia izan da; Andoaingo bizikletarik azkarrena edukiko balu bezala ibili izan da harekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!