Euskaraz ikasi, bizi eta irakatsi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 13a, 10:55

Sei urte daramatza Frankfurten jaiotako Petra Elserrek Urnietan bizitzen. Euskaraz bizi da eta etorkinei euskaraz hitz egiten ikasteko ‘Ni naiz, gu gara’ egitasmoa jarri du abian.

Bost hizkuntza hitz egiten ditu Petrak: alemana, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta euskara. Hizkuntza horietako bakoitza hitz egiten den lekuan bertan ikasi du eta naturaltasun osoz erabili du lekuan lekuko hizkuntza. Euskararekin ere gauza bera egin du: hizkuntza ikasi eta berarekin bizi. Petrak ez du inoiz euskara gutxitutako hizkuntza modura sentitu eta ahalik eta leku guztietan euskaraz egiten ahalegintzen da. Egun oraindik hutsune ugari ikusten du euskararen erabilerari dagokionez eta iluntasun horien artean, nagusienetako bat lantokietako egoera dela azpimarratu du, “euskararen normalkuntza oraindik ere ez da lantokietan gauzatu, baina euskaldunok dagoeneko onartuta daukagu egoera hori. Niretzat deigarria eta garrantzitsua izan zen horretaz jabetzea euskal gizartean kokatu eta gizartearen ikuspegia jasotzerakoan”. Duela hamabost urte pasatxo etorri zen Petra Euskal Herrira eta bere lotura pertsonalarengatik ikasi zuen euskara, “hala ere, 80ko hamarkadan hasi nintzen Euskal Herrira etortzen eta garai hartaz geroztik euskararen soinua nahiz kontzeptuak ezagunak egiten zitzaizkidan. Euskal Herrira etorri nintzenean, ez nuen inoiz zalantzan jarri euskaraz ikastea eta aukera izan bezain laster ekin nion. Nire lotura pertsonal nagusia euskaldun batekin semea edukitzea izan zen; ondorioz, familia hizkuntzetako bat euskara izan behar zuela argi genuenez, nik ere ikasi egin nuen”. Euskara ikastea ez zitzaion bereziki zaila egin, “euskara ez zitzaidan zaila iruditu, ez behintzat beste hizkuntzak baino zailagoa. Bai ulermenean bai ahoskatzerakoan, oinarrizko forma batzuk jakin eta haiekin seguru sentitzea garrantzitsua da. Hiru esaldi soilik esaten jakin arren, haiekin seguru sentitu behar da, gerora gainerakoak ikasteko. Gauza bera gramatikako egiturekin ere, poliki-poliki hizkuntza ezagutu arte”. Euskaraz gain, dakizkien gainerako hizkuntzak ere zegozkion lekuan ikasi zituen Petrak, “gaztelania ikasteko hainbat ikastaro egin banuen ere, hizkuntza bakoitza bere lekuan ikasi nuen: oinarriak ikasi eta gero, ikasitakoa kalean erabiliz”.

‘Ni naiz, gu gara’ ekimena, etorkinei begira
Egun, ahalegin berezia egiten du Petrak euskara kanpoko herrietatik Euskal Herrira etortzen diren etorkinei erakusten.

‘Ni naiz, gu gara’ ekimenaren bidez, etorkinak euskaraz komunikatzeko gaitasuna izan eta herriko kultura ezagutzearekin batera, herrian integra daitezen lortu nahi du. Orain artean Buruntza eskualdean garatu du ekimena eta espainiar estatuko nahiz munduko beste edozein lurraldetatik etorritako etorkinei modu erraz eta praktikoan euskara irakasten ari da, beste hainbat laguntzailerekin batera. Ekimen hori, poliki-poliki, Gipuzkoa osoan –eta Euskal Herrian barrena– zabaldu nahi du. Baita Beterri-Aiztondo eskualdean ere.

Zein da ‘Ni naiz, gu gara’ ekimenaren helburua?
Nire esperientziatik abiatuta, euskara Euskal Herriko komunikazio eta bizi tresna izatea nahiko nuke eta etorkinak ere horren zati izatea. Hizkuntza arlo guztietan menperatu beharko litzateke, baina bereziki eguneroko bizitzan; eguneroko lanean ere erabili ahal izateko. Ekimen honetako partaideek herriarekin, herritarrekin eta euskararen munduarekin lotura izan dezaten eskaini nahi dugu eta horretarako, beste kulturetatik etorritako jendearen eta hemengoen arteko zubi-lana egitea da gure asmoa.

Dagoeneko Buruntzaldea mailan abian duzue egitasmoa. Zer moduzkoa izan da hasiera?
Joan zen otsailaz geroztik, Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Andoainen talde bana dugu. Orain artekoa oso esperientzia interesgarria izan da; asko ikasi dugu guk eta ikasleek ere zerbait ikasiko zutelakoan gaude. Epe luzerako eremua da. Praktika handia behar da kanpotik datorrenak edota bertako erdaldunak, nahi duen neurrian, euskara bere hizkuntza egin dezan: euskaraz bizi, lan egin edota euskaldunekin euskaraz komunikatu ahal izateko. Oinarria ateak zabaltzea da, pertsona guztiei euskara jakiteko aukera ematea.

Zein metodologia erabiltzen duzue euskara irakasteko?
Oinarrizko esamolde eta hizkuntza tresnen bidez, funtsezko gauzak adierazten erakusten diegu, bakoitzaren nahi eta beharretan oinarrituta: Nor garen azaltzen, bakoitzaren gustuak erakusten, besteari zer nahi duen galdetzen… Ez dugu inolako programarik jarraitzen, taldekide bakoitzaren bizi-baldintzen arabera malgutasuna dugu nahi duguna ikasteko. Horixe da, nolabait, gure taldeen abantaila.
Ekimenean bi dinamizatzaile aritzen gara euskara erakusten eta hori ona da hizkuntzaren aldetik. Nik agian motelago eta argiago hitz egiten dut eta bertako laguntzaileak jatorrizko hizkuntzan egiten du.

Euskaltegiarekin parekotasunik ba al du zuen eskaintzak?
Ez gara inola ere euskaltegien konpetentzia sentitzen, guztiz osagarria da gure eskaintza. Euskaltegi batera euskara ikastera joan eta gero, gure taldera ere etor daiteke edozein euskaraz hitz egiten praktikatzera. Euskara ikasteko eskaintza guztien artean beste puska bat gehiago da gurea. Doaneko zerbitzua da eta astean behin ordubetez biltzen gara. Herri bakoitzean ordutegi ezberdinak ditugu eta modu horretan, herri batetik bestera etor daiteke hala nahi duena.

Etorkinei zuzentzen dizkiozue saioak. Nongo herritarrak biltzen dira taldeetan?
Hitzordura etorkinak etortzen dira; etorkinak, zentzu zabalean hartuta. Batetik estatu mailako etorkinak gerturatzen dira, esaterako, Extremadura edota Burgoskoak…, baina baita kanpoko atzerritarrak ere. Ekimena guztientzat irekia da.
Dudarik gabe, jendea taldeetara gonbidatzeko lan berezia egin behar da; badaude etorkinei zuzendutako beste eskaintza batzuk ere, baina askotan eskaintza ez da haienganaino iristen. Oso garrantzitsua da urte osoan zehar kaleko lana egin eta etorkinei pertsonalki egitasmoaren berri azaltzea.

Euskara ikasteaz gain, euskal kultura eta ohiturak ere uztartzen dituzue zuen saioetan…
Aldi berean kantaldiak edo dantzaldiak ere antolatzen ditugu eta horretarako herriko jendea gonbidatzen dugu. Bestela ere, interesa daukan euskalduna mintza taldeetara etor daiteke jendea ezagutu, gairen bat azaldu edo elkartrukea bultzatzeko. Alde horretatik ere irekiak dira taldeak.
Ekimenaren baitan ikas metodo berria sartu dugu, garrantzia eman nahi baitiogu ahozko erabilera, mugimendua eta ahotsaren segurtasunari. Esaterako, euskal dantzak, –beste erritmo batzuekin batera–, ere landu nahi ditugu gure saioetan, baina modu erraz eta parte hartzailean erakutsita. Gure asmoa ez da pausoak zehatz-mehatz dantzatzea; euskal dantza zer den sentitzea edota erritmoa ezagutzea baizik… Dantza irakasleekin elkarlanean ari gara beraz, berdin kantuarekin ere, metodologia bat ateratzeko.

Zer nolako esperientzia izan da zuretzat egitasmo hau martxan jartzea?
Ekimenaren koordinatzaile eta dinamizatzaile naizen aldetik, niretzat oso lan interesgarria eta atsegina da. Emaitzak ez dira hasieratik jasotzen, jendea oso poliki gerturatzen baita. Denbora pixka bat behar da egitasmoa herri bakoitzean txertatzeko eta malgua izan behar da, parte hartze irekia denez, batzuetan jende dezente eta beste batzuetan oso jende gutxi etortzen delako.
Nire ustez etorkinen eremu horretan hutsune handia dago eta gizartearen erronka da egoera horri erantzutea.
Momentuz erantzun ona jaso dugu instituzio nahiz udalen aldetik. Etorkizunean egitasmoa gehiago zabaltzea espero dugu.

Buruntzaldean abian jarriagatik, egitasmoaren eskaintza handituz doa, ezta? Beterri-Aiztondo eskualdera ere gerturatu zarete…
Momentuz Gipuzkoa osoan zabaldu dugu gure eskaintza. Asmoa Euskal Herri guztian hedatzea bada ere, hasi berriak garenez, oraindik ez gara hainbesteraino iristen. Modelo edota formula hau udalei eskaini diegu eta herritarren artean zabaltzen saiatuko gara orain. Interesgarria litzateke egitasmoa abian daukagun lau herrien inguruan ere martxan jartzea eta aldi berean esperientziak elkartrukatzea. Dudarik gabe, herri bakoitzean euskalgintzaren alorrean ibiltzen diren taldeekin esperientziak elkarbanatzea aberasgarria litzateke.
Taldeak sortu bitartean, egitasmoa ezagutu nahi duenak Buruntzaldeko herrietako taldeetara gerturatzeko aukera du.

Ekimen berri honen bultzatzaile ez ezik, itzultzaile lanetan ere aritzen zara. Euskaratik alemanera hainbat liburu itzuli duzu. Azalduko al diguzu zure bigarren langintzaren berri?
Bakartiagoa izanagatik, gogoko dudan beste langintza itzultzailearena da. Kulturen arteko zubi lana egiteko beste eremu bat da niretzat itzulpengintza. Lan interesgarria da, izan ere, lan horren bidez ezagutu baitut euskal literatura eta baita hainbat euskal idazle ere. Alemanian, itzulitako euskal liburuak aurkezteko hainbat saio egin dugu idazleekin. Irakurle eta kultur munduaren erantzun hori da, nolabait, itzultzailearen bakardade luzearen saria.
Orain artean Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua, Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak, Aingeru Epaltzaren Rock and roll edota Harkaitz Canoren Pasaia blues liburuak itzuli ditut. Orain, Laura Mintegiren Ecce Homo itzultzen ari naiz, datorren urteari begira.

Zer nolako harrera izaten dute euskaratik itzulitako liburuek Alemanian?
Alemaniako argitaletxe batekin elkarlanean aritzen naiz eta bilduma beraren barruan argitaratu ditut liburu gehienak. Bilduma ezagutzen duen jendeak jarraipena egiten dio eta baita unibertsitate mailan ere, euskara irakasten baitute Frankfurt, Berlin eta Nurembergeko unibertsitateetan. Duela urte batzuk euskal idazleak Frankfurteko liburu azokara joaten hasi ziren eta horrek ere bertako irakurleenganako gertutasuna ekarri zuen. Era berean, Alemaniako editoreak Durangoko Azokara etortzen dira eta badago urteetan zehar sortutako lotura.
Euskal liburuekin Alemaniara joan izan garenetan oso interes handiz hartu izan gaituzte irakurleek nahiz kultur mailako herritarrek. Zailena distribuzio munduan sartzea da, ahalmen ekonomikoak baldintzatzen baitu hori.
Momentuz ekimen txiki moduan ibiltzen gara, askotan jendearen parte hartze pertsonalen bidez. Berlingo Gernika kultur elkartea eta Euskal Etxearen inguruan ere biltzen da jendea.

Hizkuntzak bizitu egiten dituzu, zalantzarik gabe…
Bai, halaxe da. Baina ez naiz batere filologoa, hizkuntzarekiko lotura gehiago da nire kasuan zentzumena edo bizipenarena, kulturen arteko komunikazio tresnarena. Bizi ditudan hizkuntza guztiak ditut gogoko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!