Larraulgo historia, lehenengoz paperera

Pello Joxe Aranburu Ugartemendia, Zizurkilen bizi den alkizarrak ‘Larraul, historia baten hasiera’ liburua osatu du Larramendi Bazkunaren saiakera bildumarako. Azaroan, Larraulgo Kultur astearen baitan aurkeztuko da liburua.

Beste hainbat kiderekin batera, Goierriko Euskal Eskola (GEE) eta Maizpide euskaltegien sortzaile izan zen Pello Joxe 70eko hamarkadan hasita. Jubilatu arte aritu zen euskaltegian eskolak ematen, “garaiz jubilatu nintzen zorionez eta ez naiz sekula damutu. Ikerketa lanetan eginkizuna baneukala eta zer aztertua bazegoela ikusi nuen”.

Euskarako irakasle zinela ekin zenion euskara eta euskal kulturaren mundua aztertzeari. Euskal literaturarekin lotura zuzena zuten hainbat lan kaleratu zenuen hasiera batean…
Pello Joxe Aranburu:
Maizpide euskaltegian irakasle genbiltzala, euskarazko gaiak ikertzeko mugimendua sortu eta Gerriko lehiaketa jarri zuen abian, besteren artean, Joxe Martin Apalategi antropologoak. Lehen urtean parte hartu ez bagenuen ere, bigarrenetik aurrera, Maizpide euskaltegiko lau irakaslek bat egin genuen egitasmoarekin, artxibategietan lanean hasiz. Gerora, istripu baten ondorioz, baja hartu nuen lanetik eta ikerketa lan horiek egiten jarraitu nuen nire kabuz. Momentu hartan Goierriko euskal idazleen bizitzak eta obrak aztertu eta aldi berean taldeari nortasuna emanez, hainbat lan kaleratu genuen: Iztueta, Otaegi, Gerriko, Amundarain edota Otxoa Arini buruzkoak, besteak beste.
Behin ikerkuntzan hasita, bihozkada modukoa izan nuen: Lan horiek neronek egiten ez baditut, ez ditu inork egingo pentsatu eta hasitako bideari eustea erabaki nuen gerora ere. Joxe Mari Apalategik norberak bere jatorria eta herria aztertu behar zuela esaten zigun eta horri lotuta hainbat lan egin dugu, bai taldean eta baita bakarka ere.

Asteasuko Juan Bautista Agirre idazlea ere hartu zenuen aztergai. Azalduko al diguzu lan haren bidea?
PJ.A.:
Aurrez argitaratutako hainbat lan aztertzen ari ginela, Juan Bautista Agirre Elolaren hainbat obrarekin egin nuen topo. Villasanteren aburuz, Juan Bautista Agirreren obra 1900 arte klasikorik klasikoena zen, euskal idazlerik jator eta dotoreena. Bere bizitzari buruz ezer argitaratu gabe zegoela ikusita, zuzen-zuzenean ekin nion lan hari. Bakarka osatu nuen lan hura, 1996. urtean.

Gipuzkoako Norteko trenaren historia osatzen urtetako lana egin zenuen. Nondik nora abiatu zinen?
PJ.A.:
Ordurako Tolosako artxibategia –Gipuzkoako oinarrizkoena– eta Oñatikoa –Gipuzkoako artxibategi oraindik eta zabalagoa– nahiko ondo ezagutzen nituen, baita oso garrantzitsua den Asteasuko notaritza ere –bai Tolosan dagoena eta bai Asteasuko udaletxean bertan dagoena–. Haietan lanean nenbilela, Gipuzkoako Norteko trenari buruz frantsesez idatzitako faktura bat aurkitu nuen. 1864 urtean egin zen Norteko trenaren gaia arakatzen hasi nintzen. Izan ere, Serapio Mujikak argitaratu zituen datu gutxi batzuk besterik ez ziren jasotzen orduko entziklopedietan. Lan horretan ari nintzela, egun ezaguna den historiatzaile gazte batek gai hori aztertu gabe zegoela esan zidan eta bazekiela non zegoen nahikoa informazio: Alcala de Henaresko artxiboan gordetzen zela, hain zuzen, lan haien berri. Madrilera joan eta izugarrizko informazio piloarekin egin nuen topo. Ikaragarrizko altxorrarekin. Galdera bat sortu zitzaidan orduan: “Zergatik ez ote da orain artean gai hau aztertu?”. Hamar urte inguru aritu nintzen Norteko trenaren gaia lantzen eta geroztik, lauzpabost liburu eman nituen argitara. Bi generikoak: Norteko trena Irundik Beasainera eta Beasaindik Zegamaraino batetik, eta bestalde, Norteko trenak hainbat herritara ekarri zuen garapena ere aztertu nuen: Zumarraga edo Zizurkilen kasuak, esaterako. Izan ere Zumarraga edo Zizurkil –Elbarrena– zerbait baldin badira, trenaren ondorio dira, hein handi batean.

Aurtengo urtea urte oparoa izan da zuretzat. Lehenik, Pello Mari Otañoren liburua osatzen parte hartu zenuen Teodoro Hernandorena kultur taldearen baitan…
PJ.A.:
Erabat ezberdina izan da lan horren bidea. Teodoro Hernandorena kultur taldean Pello Mari Otañoren mendeurrena betetzen zela jakin genuenean, liburua egitea erabaki genuen. Oso-oso esperientzia ona izan zen, gehiegizkoa. Antonio Zabalak aurrez Otañoren inguruko lanak egin bazituen ere, bertsolariak Argentinan igaro zituen azken urteak aztertu gabe zeudela jabetu ginen eta horri lotu gintzaizkion gu buru-belarri. Intentsitate handiko lana izan zen. Oso ona.

Azaroan aurkeztuko duzun arren, labetik atera berria duzu azken lana: Larraul, historia baten hasiera. Azalduko al diguzu liburuaren ideiaren sorrera?
PJ.A.:
Pello Mari Otañoren liburuaren garai bertsuan eginiko lana da. Aurrez, Asteasuko Juan Bautista Agirreren biografia eta gerora Alkizako historiari buruz egin nuen liburua osatzen ari nintzenean gordetako materiala hartu dut oinarrian. 2008 urte amaieran Larramendi Bazkunak saiakera bildumarako deialdia egin zuenean, liburuaren laburpen moduko bat aurkeztu nuen. Begi onez ikusi zuten deitzaileek nire proposamena eta handik sortutako lana da.

Historia liburu aldetik Larraulen dagoen hutsunea betetzera al dator argitalpena?
PJ.A.:
Larrauli buruz argitaratzen den lehenengo liburua da hau. Izenburuak argi erakusten du hori: historia baten hasiera da. Liburua XVIII. mendearen bukaeran amaitu dut nik. XVI. mendetik XVIII. mendera, ordea, aztertu ez ditudan hainbat gai jorratu  daiteke oraindik eta, garai horretatik aurrera, Larrauli buruz lan handia egin daitekeela uste dut. Esku artean neukan materiala erabili dut eta hainbat eranskin tartekatu dut, oso kontzienteki gainera; izan ere, Larraulen ez baitago artxibategirik, ez dokumenturik; hiru aldiz kiskali zitzaien bertako artxibategia, 36ko Gerran azkenekoz. Alderdi hori nolabait osatzeko, Larrauli buruz aurkitu ditudan dokumentu guztiak –den-denak–, sartu ditut liburuan.
Idatziei dagokionez, badaude Asteasuko Hipolito Usabiaga erretoreak Larraulen inguruan idatzitako apunte gutxi batzuk. Serapio Mujikak ere Orografía de Aiztondo liburuan Larrauli buruz zerbait idatzi zuen. Hortik aurrera, ordea, ez dago gehiagorik.

Larraulen sorrera artzaintzarekin lotuta dagoela aipatzen duzu liburuan…
PJ.A.:
Larraulen oinarria artzaintza da, zalantzarik gabe. Toponimian ere agerikoa da hori: Larre hitzetik dator Larraul izena. Larraul Aiztondon kokatuta zegoen eta Aiztondo Gipuzkoaren sorrerarekin lotu behar da. Aiztondoko alkatetza nagusia hantxe zegoen Gipuzkoa –Ipuzkoa orduan– 1025 urtean sortu zenean. 1200 urte inguruan agertu zen Aiztondo izena lehenengo aldiz; eta oraindik Larraulgo izenik agertzen ez bazen ere, bertan zegoen hasiera-hasieratik, Asteasurekin batera. Bata zein bestea artzaintza guneak ziren, Aiztondo osoa bezala.

Noiz kokatuko zenuke Larraulen sorrera?
PJ.A.:
Larraulgo herri kontzientziaren sorrera herriko hainbat eraikinekin lotuta azaldu dut liburuan. Larraulgo San Esteban parrokia XVI. mendean eraiki zuten, Gipuzkoa guztiko gainontzeko eliza gotikoak bezalaxe. Aurretik, ordea, Larraulen bazen beste eliza bat. Txuringadi errota, ordea, lehenagoko eraikina zela esaten dute: 1336 urtekoa. Iribar Goikoa moduan ezagutzen zen orduan. Hori izango zen lehenengo Larraulgo obra. Bestalde, hirugarren eraikina burdinola zen; Larraulen egonagatik Aiztondokoa zena. Garai hartan eta eraikin horien inguruan hasi zen talde edo etnos hura herri kontzientzia hartzen. Gero, lehen karlistadaren aurretik erabateko independentzia hartu zuen. Prozesu hori adierazi dut liburuan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!