Marian Ibaibarriaga, bizitza erdia haurrekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 13a, 10:46

Marian Ibaibarriaga haurreskolako hezitzaileak uztailean hartu zuen erretiroa. Haurrenganako maitasunak eta hezkuntza bokazioak eraman zuten Galardi haurtzaindegiko lehenengo langileetako bat izatera, 1978an.

Ondarroan jaioa izanik, nolaz bertaratu zinen Andoainera?
Ondarruan 1947an jaio nintzen eta bertan egin nuen bizimodua, harik eta andoaindar batekin ezkondu, hango bulego lana utzi, eta bertara bizitzera etortzea erabaki genuen arte. Nahiko gogorra izan zen aldaketa; kale giro motela topatu nuen Andoainen, ez zeukan kostaldeko herri baten bizitasunik. Arratsaldeetan gurasoek umeekin-eta kalera irteten ziren Andoainen, baina Ondarruko sozializazio hura sumatu nuen faltan.

Intregazioa ez zen samurra izango, beraz…
Etzazula pentsa. Nahiko irekia izan nahiz beti izaeraz, eta Iñaki eta Nora seme-alabak nahiko agudo jaio zirenez, horien bitartez, ez zitzaidan gehiegi kosta harremanak lantzea, batekin zela bestearekin zela.

Galardi haurtzaindegian noiz eta nolatan hasi zinen?
Emakumeen formakuntzari begira Kutxak irekita zeukan egoitzan Joxepi Orbegozo –batez ere- Ixiar Arin, Izaskun Troncoso eta beste hainbat lan polita egiten ari ziren, eta ni ere haiengana hurbildu nintzen. Amek lan munduan sartzeko zeuzkaten trabak ikusita, haurtzaindegi baten premia sentitu zuten, eta hura sortzeari ekin zioten 1978an. Hezitzaile modura nik ere egitasmo hari ekarpena egin niezaiokeela iruditu zitzaidan orduan. Izan ere, sentibera naiz eta haurren psikologiak interesa sortu izan dit beti.
Horrelaxe hasi ginen Arantxa Lizarribar, Josune Larreta eta hirurok 15 haurrekin, maiatzaren 15ean. Irailean Itziar Ansa eta Izaskun Etxezarreta batu zitzaizkigun, eta 80ko hamarkadan, berriz, Kristina Mendiluze eta Mertxe Manterola heldu ziren.

Zer dohain behar dira hezitzaile izateko?
Bokazioa, lehenbiziko gauza. Eta ondoren, sentiberatasuna umeengana iristeko; horretarako, umeen bizipenak sentitu egin behar dira, beren lekuan jartzen jakin behar da. Gogorra baldin bazara jarreraz, haurrei transmititu egiten diezu maiz izaera hori, eta hori kalterako zaizu lanbide honetan.
Prestakuntza profesional egokiaren premia ere ezin da ahantzi. Alde horretatik, eskertzekoa da Joxepi Orbegozok-eta hasiera-hasieratik jarri zuten interesa hezitzaileok magisteritza atera eta hizkuntza eskakizunak bete genitzan.
 
Zein baldintzetan egiten da lan haur eskolan?
18-20 bat haur biltzen dira gela bakoitzean; bi hezitzaile dira arduradun, eta hirugarren baten laguntza dute 20tik gorako taldeetan. Zabala da ordutegia: 07:15etan irekitzen da eta 18:00etan ixten. Bitarte horretan, hiru txandako lanaldiak egiten ditugu hezitzaileok.  

Bokazioa izan arren, gozatu al liteke ardurapean hainbeste haur edukita?
Gogorra da kopuru hori duen gela batean lan egitea, baina pertsonalki, eman nezakeen guztia eman dudan eta oso gustura ibili naizen sentsazioa daukat. Lanbide honetan ez da deformazio profesionalik sufritzen; inplikazioa horrenbestekoa da, lan hau eguneko 24 ordutan daramazula buruan. Lantokitik kanpo zaudela ere burua haurrengana doakizu maiz: “halako haurrari ez diot behar zuen denbora eskaini”, “beste harekin nola jokatu beharko ote nuke”…
Atzera begiratuta, aitortu behar dut nahiko gogorrak egin zaizkidala azken hiru bat urteak. Gaztea zarenean denari egiten diozu aurre: etxeko lanei, seme-alabei, lanbideari… Baina adin jakin bat heltzean, ahalmenak jaitsi egiten dira. Horrela, iritsi nahi eta ezin, egonezin handia bizitu dut azken hiru urteetan.    

Zer sentitzen da hainbat belaunaldi zure eskuetatik igaro direla ikustean?
Poza izugarria. Ingurura begiratu eta beti topatzen dut ezagunen bat, hartzaindegiko umea dena, aspaldian hortik igaro eta orain unibertsitatean ikasten edo lanean ari dena, gurasoak… Senarrak beti esaten dit nirekin ezi dela kalera irten, honekin eta harekin berriketan igarotzen dudalako denbora guztia.
Badakizu, hala ere, zerk eragiten didan ilusiorik handiena? Ikusteak gure eskuetatik igaro diren haur batzuk guraso bihurtu direla eta beren haurrak haurreskolara ekartzen dituztela.

Udala Galardi Partzuergoan sartzeko asmotan zen. Nola dago kontua?
Bertan ez sartzea eta gu Udal langile izaten jarraitzea erabaki du. Tirabira handiak izan dira; langileok nahiz gurasoek  arrazoi pedagogikoak argudiatu ditugu ezezkoari eusteko, eta eskerrak eman behar zaizkio Udalari entzuteaz gain, kasu egin digulako.
Izan ere, Partzuergoan sartzeak haurren garapenean kalteak eragingo zituela pentsatzen genuen. Besteak beste, haurrak orain daukaten sukalderik gabe geratuko ziren, eta guk otorduari garrantzi handia eman izan diogu beti, heziketaren parte den heinean. Bestalde, ezinbestekotzat ikusten dugu haurrak hezitzaile berberekin egotea gauza guztietarako. Beren bizitzako aurreneko urte horietan egokitzapen asko bizitu behar dituzte mundura zabaltzen hasi aurretik, ziurtasuna behar dute, eta prozesu horretan ez zaie hezitzaileen nahasketarik komeni.      

0-2 ziklora murriztu da zuen lana azken urteetan…
Pena handia eman zigun, baina 2007-2008 ikasturtean kendu zuten hirugarren urteko gela, bai. Pentsatzen genuen haurraren heziketa prozesuan 0-3 etapa osorik bete behar zela; alegia, hautsi ezineko zikloa zela eta erreferente finko izango zituzten hezitzaile berberekin egin beharrekoa zela, hortik aurrera ikastetxeetarako jauzia egin zezaten. Izan ere, 0-2 urte bitarteko haurra ahula da, baina orduan hasten da sortzen goxotasuna edota konfiantza haurraren eta hezitzailearen artean eta 3 urterekin hasten da haurra komunikatzaile izaten.  

Baloratua sentitu al duzu zuen lana urte hauetan?
Gero eta gehiago iruditzen zait. Gurasoen mentalitatea jada ez da “lana egin behar dugunez, han utzi beste erremediork ez dugu”. Gurasoek eta gizarteak, oro har, ulertu dute aukera hezitzailea dela haurrak gure esku uztea. Horrexegatik, hain zuzen ere, ez dugu gogoko haurtzaindegiaren kontzeptua; nahiago dugu haurreskola bezala ezagutzea gure egoitza, nahiz eta Galardi eraikuntzako horman haurtzaindegia dela jarri oraindik.

Lankideek eta haurrek uztailean egin zizuten agur ekitaldia…
Bai, eta hunkigarria izan zen; sentibera naiz izatez, eta malkotan bukatu nuen. Izaskun, Arantxa lankide ohia eta 20 urte gurekin aritu zen Margari sukaldaria ere bertaratu ziren, Aloñak aurreskua dantzatu zuen, Kristinak txistua jota… Oso polita izan zen dena.

Haur eskolan bizitutako bizipenak pilatuko zaizkizu egunotan…
Bai, noski. 32 urtetatik azpimarratuko nukeena batez ere, lankide guztiok mantendu dugun lan giro eta giza-harreman ona da. Hezkuntza egitasmo batek funtzionatzeko, oso garrantzitsua baita ingurukoak lankideaz gain lagunak ere izatea.
Esan behar dut, orain 32 urte hasitako lan taldea bagoazela pixkana, baina geroztik sartzen ari direnak oso profesional onak direla eta haurreskolak hortxe iraungo duela lehen bezain zuzen edo zuzenago.

Udal langileek ere bazkaria prestatu omen dute zure omenez…
Urriaren 22an izango da. Eskertzekoa da benetan ekitaldi hori prestatu izana, baina lotsa pixka bat ematen dit egia esanda, haurreskolakoak ez baikara gehiegitan azaldu lankidea agurtzeko egin diren bazkari horietara. Izan ere, ostiral eguardietan ospatzen dira eta guretzat oso ordu txarra da, haurrak ezin baititugu bakarrik utzi.

Eta hemendik aurrera, zer?
Nahia, June eta Asier bilobekin denbora gehiago egoteko hartuko dut denbora, lehenbiziko eta behin. Eta ondoren, nahi adina egin izan ezin ditudan gauzak egiteko: irakurri, bidaiatu, gimnasia egin…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!