Eraginkor gidatzen ikasi nahi?

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 13a, 10:42

Bengoetxea autoeskolan eraginkor gidatzeko ikastaroa jarri dute abian urrian zehar. Doaneko zerbitzua da eta herritar guztientzat zabalik dago.

Nagore Aramendi, Bengoetxea autoeskolako irakasleetako bat da eta bera arduratuko da eraginko gidatzeko ikastaroa bideratzeaz. Andoainen nahiz Amasa-Villabonan dituzten egoitzetan eskainiko dute eraginkor gidatzen ikasteko aukera, guztiz dohainik gainera. Andoainen dagoeneko hainbat talde sortu da, –udaltzainena esaterako–, eta Amasa-Villabonan ere herritarrek interesa erakutsiko dutela espero du Nagorek. “Egia esan, egungo bizimoduan bakoitza bere erara eta korrika bizi gara eta ez da erraza halako ikastaroak aurrera ateratzea; ezta doan eskainita ere”.

Azalduko al diguzu zertan oinarritzen den eraginkor gidatzeko ikastaroa?
Nagore Aramendi:
Egungo bizimoduan korrika ibiltzen gara gehienok eta horrek badauka eraginik gidatzerakoan ere. Gehienetan autoa ere presaka hartzen dugu eta azkar iritsi behar horretan, zakar gidatzen dugu askotan: gainerako autoak azkar aurreratuz, bat-batean balazta erabiliz edota martxak gaizki aldatuz… Ikastaro honen bidez gidatzeko ohitura hobeak bultzatu nahi ditugu. Egia esan, ez da ezer berririk erakusten: gidariak dakiena modu kontzientean eta lasaiagoan egiteko pausoak ematen dira. Ikastaroaren helburu nagusia, erregaiaren erabilera murrizten ikastea da eta hori, pauso gutxi batzuk ondo eginda lortu daiteke.

Energiaren erabilera orekatuari begira, EEErekin elkarlanean antolatutako ikastaroak dira…
N.A.:
Energiaren Euskal Erakundeak energia aurreztu eta erabilera ona bultzatzeko hainbat ikastaro eta ekimen antolatzen du urtean zehar. Autoeskolako kideei zuzenduta, besteak beste, eraginkor gidatzen ikasteko ikastaroak bideratzen ditu eta duela hiruzpalau urte egin genuen lehenengoa. Berriki beste ikastaro batean hartu dugu parte eta herritarrei eskainiko diegu orain erregaia aurrezten ikasteko aukera.
Ekimen honi bideratuta daukaten diru-poltsaren ondorioz, parte hartzaile guztientzat doakoa izango da ikastaroa.
Ikastaroaren amaieran, parte hartzaile bakoitzak eraginkor gidatzeko ikastaroan parte hartu duela baieztatzen duen agiria jasoko du EEEren eskutik.

Alderdi teorikoa eta praktikoa. Nola bideratuko duzue ikastaroa?
N.A.:
Ikasleak ikastaroan parte hartzen duenean, bere gidatzeko ohiturak adieraziz galdetegi bat betetzen du aurrena. Ikastaroaren helburuak aurkeztu eta gero, zazpi kilometro eta erdiko ibilbidea egiten dugu autoan, gidariak betiko bere ohituren arabera gidatzen duelarik. Lehen saio praktikoaren ondoren, autoeskolara itzuli eta azalpen teorikoak ematen ditugu, berriz ere ibilbide bera autoan egitera abiatu aurretik.

Zein alde dago lehenengo eta bigarren ibilbidearen artean?
N.A.
: Bigarren bueltan, saio teorikoetan emandako azalpenetan oinarrituz gidatuta, oro har, bi litro gasolina aurrezten dira gutxi gora-behera. Bai, zazpi kilometro eta erdiko bidean! Dudarik gabe, oso kopuru altua da hori. Neurri egokiak hartuta asko aurrez liteke hilabete bukaeran, eta zer esanik ez urtebeteren buruan.

Taldeka edo bakarka egin ahal izango da saioa?
N.A.:
Bi eratara posible da. Bakarka etortzen denak bi ordu eta erdi inguru beharko ditu. Taldeka, berriz, lau ordu pasatxo behar izaten dira. Gehienez ere hiru lagun etor daitezke taldean ikastaroa egitera, horixe baita jartzen diguten muga.
Aste egunetan goizez edo arratsaldez eskaintzen dugu ikastaroa egiteko aukera, baina herritarrek aukera zabalagoa izan dezaten, larunbat goizetan ere bai.

Zein dei luzatuko zenieke herritarrei?
N.A.: 
Nahi duenari ikastaroan parte hartzeko deia egingo nioke, emaitza interesgarria izaten baita. Egia esan, zaila da gutxi batzuen artean gidatzeko ohitura txarrak aldatzea, baina garrantzitsua da saiakera egitea.

Izen-ematea eta informazio gehiago: Amasa-Villabona nahiz Andoaingo autoeskoletan 943 690 057 / 943 594 406.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!