Besance anaien atxiloketaren ondorena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 13a, 10:40

Madrilgo Soto del Realgo espetxean preso dago Juan Carlos Besance, ETAko kide izatea egotzita. Jesus Mari anaia kargurik gabe aske da urriaren 1az geroztik.

Joan zen irailaren 29an  Guardia Zibilak hartu zuen Oriamendi auzoa goizeko 09:30ak aldera. Arratsaldeko 14:30ak arte Juan Carlos eta Jesus Mari Besance Zugasti anaien Oriamendiko etxea miatu ondoren, atxilotu egin zituzten bi anaiak. Arroa auzoko beste garaje bat ere miatu zuen Guardia Zibilak eguerditik aurrera, eta arratsaldean, baita Aldude kalean zutena ere, Ertzainekin batera. Arroako garajearen miaketan bertan izan ziren Besance anaiak eta handik Madrilera eraman zituzten arratsaldean. Miaketen ostean, Arroako garajean, besteak beste, pistola bat, kargadoreak, 101 kilo lehergailu edota 2001 urtean lapurtutako auto bat aurkitu zituztela azaldu zuen Guardia Zibilak. Herritar ugarik egun guztian zehar poliziaren presentzia handia izan zela nabarmendu zuen eta Estatuko komunikabideen agerpen goiztiarra ez ezik, gerturatu ziren kamera eta kazetarien kopurua gehiegizkoa izan zela.
Besance anaiak Amasa-Villabonan atxilotu zituzten egun eta ordu berean Xabier Atristain donostiarra ere atxilotu zuen Guardia Zibilak Usurbilen; hasiera batean ETAko komando bereko kide izateren susmopean hirurak. Madrilen inkomunikatuta igaro zituzten hurrengo egunak. Jesus Mari Besance, urriaren 1eko goizaldean aske utzi zuten kargurik gabe, epailearen aurretik igaro gabe.
Juan Carlos eta Xabier Atristainek bost egun igaro zituzten inkomunikaturik eta inkomunikazioaren amaieran “tortura latzak” jaso izana salatu zuten.

Audientzia Nazionalaren autua
Madrilgo Audientzia Nazionalak urriaren 4an eman zuen jakitera Juan Carlos Besanceren inguruko autoa. Bertan, ‘Fenomeno’ izengoitiarekin, ‘Imanol’ komandoko kide izatea leporatzen zaio Xabier Atristainekin batera eta, lehergailuak nahiz armak gordetzea. Autoak dioenez, duela hamabi bat urte sartu zen Besance ETA erakunde armatuan eta hasiera batean, ‘Argala’ komandoan hartu zuen parte. Besteak beste, Leitzako Jose Javier Mujika zinegotziaren aurkako atentatuan edota Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Hezkuntzako sailburu ohi Jose Ramon Rekalderenean parte hartu izana leporatzen zaio. Era berean, 2008. urtean Venezuelara joan izana armak erabiltzen ikasteko ikastaroan parte hartzera.

Tortura salaketak, inkomunikazioa eta gero
Urriaren 1ean aske utzi zuten Jesus Mari Besance, fisikoki baino psikologikoki mehatxatu zutela jakinarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). “Madrilera bidean mehatxuak, kolpeak eta galdeketak jasan zituen eta Madrilen lasaitu zen bere aurkako jarrera. Bere ziegako atea irekita uzten zuten, beste bi atxilotuen oihuak eta tortura sesioak entzuten zituelarik”. Juan Carlos anaiak, tortura fisikoa eta psikologikoa salatu ditu. AAMk jakitera eman duenez, “autoan zihoala buruan poltsa jarri zioten, arnasik gabe utziz, ia itotzeraino. Hiru aldiz errepikatu zioten poltsarena, eta autoan zihoala bi aldiz galdu zuen konortea. Bere gainean salto egiten zuten Guardia Zibilek eta oihuak eta mehatxuak etengabeak ziren… Bost egunez begiak antifaz batekin itxiak izan ditu, eta inkomunikazio aldia amaitzean denboraren nozioa erabat galdua zuen… Kolpatu egiten zuten gorputzean, izerditan blai uzten zutelarik. Izerditan blai zegoela frigorifikoa deitzen zioten gela batera eramaten zuten, non sekulako hotza egiten zuen. Dardarka hasten zen, ez zuen ezer ikusten baina sekulako hotza sentitzen zuen… Lehen ez zuen inolako arazorik begietan baina orain malkoak etortzen zaizkio eta ez du ondo ikusten”. (Tortura salaketak osorik irakurgai aiurri.com gunean).

AAMren salaketa
Inkomunikazioak iraun zuen bitartean, iluntzero bilkurak eta manifestazioak egin ziren AAMak deituta Amasa-Villabonan, atxilotuak askatzeko eskatuz. Baita Juan Carlos espetxeratu eta gero ere, urriaren 8an, Tolosaldeko AAMk eta ezker abertzaleak deituta. Urriaren 1ean, Jesus Mari askatu zuten egunean, inkomunikazioaren eta torturaren aurkako prentsaurrekoa eskaini zuen AAMk Errebote plazan. Urriaren 6an, torturen salaketen berri ematearekin batera, eurek ere bost puntuko salaketa plazaratu zuten (aiurri.com gunean ikusgai). Besteak beste, Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalei, Arartekoari eta Erakunde nagusiei salaketa hauen aurrean pentsatzen dutena esateko deia egiten zieten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!