XIII. Azoka berezia, igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 13a, 10:39

Urriaren 17an, XIII. Azoka berezia izango da Zizurkil Goran. Zizurkildar nahiz eskualdeko herritar ugari erakartzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek.

Eskualdeko gainerako hainbat Udalek bezala, Zizurkilgoak ere urteak daramatza euskal produktuak sustatzeko apustua egitearekin batera, egun osoko jai eguna antolatzen. Artisautza nahiz baserriko produktuen eskaintzari begira ez ezik, azokara gerturatzen den bisitari kopuruari begira, urtetik urtera azoka indartzen ari dela agerikoa da. Goizeko 11:00tan emango zaio hasiera Zizurkilgo aurtengo Azoka bereziari, XIII. edizioari hain zuzen. Teodoro Hernandorena kalean janari postuak eta Intxaur pilotalekuan artisauen mahaiak zabaltzearekin batera, Kantu jira taldeko kideek euskal kantuz alaituko dute herriko giroa. Urtero bezala, aurten ere postu ugari jarriko da azokan eta kanpotik etorriko direnekin batera, horietako asko zizurkildarrek aurkeztu eta eskainitakoak izango dira. Unai Azkarate kultur teknikariak azaldu duenez, “herriko artisauen lauzpabost postu jarriko da eta bertako nekazarien produktuekin osatutakoak ere bat baino gehiago izango dira. Postuez gain, haur jolasen gune bat ere moldatuko da, familiako kide guztiek azokan euren txokoa aurki dezaten”. Eguerdiko 13:00etan ‘Zizurkilgo Azoka bereziko saria’ banatuko zaio herriko janari postu onenari.

Txahal errea, Zimiterioan
Herrian bertan hazitako txahala jateko aukera izango da egun horretan Zizurkilen. Eguerdi aldera txahal pintxoak eskainiko dira eta ondoren, arratsaldeko 14:30etan, txahal erre jatea izango da Zimiterioan. Bazkarian parte hartzeko, aurrez txartelak erosi beharko dira Zentroa, Pantxikane edota Atxulondo tabernetan, 15 euroren truke.

Poniak eta txakur erakusketa
Arratsaldeko 17:00etan azokako postuak berriro zabaltzearekin batera, haurrei zuzendutako ponien eta jolasen txanda izango da. 18:00etan, berriz, ikuskizun bitxia erakutsiko du Tik-Tak elkarteak; husky txakurren erakustaldia hain zuzen ere. “Lehen aldiz aurkeztuko dugu husky txakurren inguruko ikuskizuna. Urtero, antzeko jai egunetan herritarrei aurkezteko eskaintza berriren baten bila ibiltzen gara eta husky txakurren elkarteko kideekin harremanetan, berriki jarri dugu abian egitasmo hau”, azaldu du Tik-Tak elkarteko Gillermok. Ikuskizuna berria da eta inguru hauetan bereziki, nahikoa ezohikoa; husky txakurrak elurretakoak izaki, lurrean ikusteko aukera mugatuagoa izaten baita. “Karro eta trinoekin elurretan lehiatzen duten husky txakurrek fisikoki neguan lortutako mailari eusteko, udan ere entrenamenduetan jarraitzen dute lurrean. Lurrean entrenatu ahal izateko, ordea, gurpilak jarri behar izaten zaizkie garraiatzen dituzten trineoei. Modu horretan, urte guztian zehar entrena dezakete, uda garaian etenik egin gabe”. Elurretako txakurrak lurrean nola ibiltzen diren ikusi ahal izango da erakustaldian zehar eta txikienek trineo edo karro horietan ibiltzeko aukera izango dute.

Autobus zerbitzua
Egun osoan zehar doako autobus zerbitzua izango dela jakinarazi du Zizurkilgo Udalak. Bulandegi auzoko errotondatik edo Zubiaurretxotik Zizurkil Goiko plazarainoko ibilbidea egingo du autobusak, joan eta etorri. Auto pilaketarik izan ez dadin, beraz, zerbitzu hori erabiltzea gomendatzen da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!