Elizpe jubilatu elkartea, Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 13a, 10:36

Duela 30 urte inguru sortu zen Zizurkilen Elizpe jubilatu elkartea. Atxulondo Kultur Etxean biltzen dira, izen bereko tabernaren ondoan. Zuzendaritza batzordeak hartu du hitza.

Sei kide zizurkildarrek osatzen dute Elizpe jubilatu elkarteko zuzendaritza batzordea: Juan Antonio (lehendakaria), Kontxi Murua (lehendakari-ordea), Dorita Lorenzo (diruzaina), Pili Antolin (idazkaria), Cecilia Bernal (batzordekidea) eta Heladia Jauregi (batzordekidea). Bost emakumeren artean, ederki zainduta omen dago Juan, “ez dut kexatzerik”, azaldu du lehendakariak. Zuzendaritza batzordea urte hasieran berritzeko bilkura egiten bada ere, azken lau urteotan segidan bete du lehendakari papera Juanek. Gainerako batzordekide guztiek ere errepikatu egin dute euren papera urte bat baino gehiagotan. Zuzendaritza batzordean denbora gehien lanean ari dena, ordea, Dorita Lorenzo da dudarik gabe; hamabi urte pasatxo ari baita betekizun horretan.
Egun hauetan Galizian ibiliko da elkarteko kide asko, batzordeko hainbat kidek bidaia antolatu eta 50 lagunez osatutako autobusa abiatu baita bertara. Ondo pasa!

Zenbat bazkide ditu Elizpe jubilatu elkarteak?
300 bazkide baino zertxobait gutxiago gara elkartean.  Argi hitz eginda, ordea, bazkide guztiek elkarteko ekintzatan parte hartzen ez dutela esan beharra dago. Bestalde, bazkide ia gehienak zizurkildarrak bagara ere, Aduna, Asteasu nahiz Amasa-Villabonakoak ere baditugu tartean. Izan ere, Aduna eta Asteasun ez dute jubilatu elkarterik eta billabonatarrak eurenean izena emanda egonagatik, gurean ere bazkide eginda, gure ekintzetan parte hartzeko aukera izaten dute. Baita guk ere haienean.

Zein adineko kideentzat dago zabalik elkartea?
Adinari dagokionez, tarte zabala hartzen du. 60 urteren bueltan hasi eta 80 urteak ondo pasa artekoak ere badaude. 80 urtekoak asko dira, pentsa; adin hori betetzen duenari plaka oparitzen dio elkarteak urtero eta aurten, hamar plaka eman behar ditugu.

Zuzendaritza batzordeko kideok ba al duzue biltzeko egun zehatzik?
Ekintzaren bat antolatu behar dugunean zehazten dugu biltzeko eguna. Gainerakoan ez. Hala ere, asteartetik ostiralera, 11:00tatik 13:00etara egunero zabaltzen dugu bulegoa. Arratsaldetan ere irekita egoten da elkartea, kartetan jolastera etortzen baita hainbat bazkide.

Zein ekintza antolatzen duzue  urtean zehar?
Urte hasieran batzar nagusia egin ohi dugu eta bertan, aurreko urtean eginiko ekintzen memoria irakurtzen da. Bilera horretan egiten da zuzendaritza batzordeko kideen hautaketa ere. Baina esan bezala, errepikatu egiten dugu gehienok.
Ekintzen artean, jubilatuen elkarteak hiru ikastaro antolatu eta ordaintzen ditu urtean bederatzi hilabetez: yoga, gimnasia eta eskulanak. Bazkide askok hartzen du parte ikastaroetan eta eskulanetan, esaterako, oso lan ederrak egiten dira. Donostia Kutxaren bidez hiruzpalau hitzaldi ere antolatzen dugu urtean zehar eta trukean, etortzen direnentzat merienda jartzen dugu guk. Karta txapelketak ez ezik, dominoa, toka eta igelarenak ere bideratzen ditugu. Bestalde, txango ezberdinak prestatzen ditugu. Daukagun diru poltsaren arabera hiru edo lau izaten dira urtean. Aurten, esaterako, Kalahorrara, San Antoniora, Amurriora eta Arantzazura joan gara. Irteeretako bat Arantzazura izaten da urtero, jende nagusiak oso gustukoa baitu. Bestalde,  jaietan, urrian edota Gabonetan ekintza ezberdinak antolatzen ditugu: bazkariak, gaztaina-jatea, zozketak…

Nola finantzatzen dituzue antolatutako ekintzak?
Udalak diru-laguntza ematen digun arren, ekintza guztiak bideratzeko ez da nahikoa izaten eta guk ere biltzen dugu dirua, saltoki edota merkatariengana joz. Bestalde, bazkideen kuoten dirua ere ekintzak antolatzeko erabiltzen dugu. Udalak, Foru Aldundiak bideratuta ematen digun diru-laguntza bi zatitan jasotzen dugu azken aldian. Bigarren zatia urtez kanpo eskuratzen dugunez, dagokiguna urtearen barruan jasotzea eskatu nahi dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!