Ikasketak, pilota eta beste hainbat zaletasun partekatzea zaila den arren, guztietarako denbora ateratzen saiatzen da gaztea. Jubenil mailan aritu da aurten, maila ona erakutsiaz eta senior mailara pasatu berri den honetan, “datorren urtea, zailagoa izango dela aurreikusten du”.
Aurrelari ala atzelari lanetan aritzen zara?
Xabier Urbieta: Gaur egun aurrelari lanetan aritzen naiz, txikitatik atzean jokatzen ikasi arren, azken bost edo sei urteetan aurrelari gisa oso gustura sentitzen naiz. Lagunarekin ala bakarrik jokatzeko aukera jarrita, bikoteka aritzea gustukoago dut.
Kontaiguzu aurten zein txapelketatan ibili zaren eta zer moduz moldatu zaren…
X.U: Nahiko ongi ibili arren, beti izaten dira gorabehera batzuk. Txapelketei dagokionez, Euskadikoa eta Gipuzkoakoa lortu ditugu; Abadiñon eta Urretxuko txapelketetan ere finalera ailegatu nintzen, baina ez nuen lortu azken lehia irabazterik. Besteak beste, Mañarikoa, Errenteriako jaietako txapelketa, azkena jokatu berri dugun Graunia, Errioxa eta Gipuzkoan elkarren aurka lehiatzen garen txapelketa irabazi ditut, baita Olaztiko txapelketa ere.
Zer da pilota Xabierrentzat, zer ematen dizu?
X.U: Gaur egun denbora pasa bezala hartzen dut; ongi pasatzen dut eta oso gustuko dut kirol hau. Egitekorik ez dudanean aspertu egiten naiz, beti zerbaitetan aritu behar duen horietako naiz.
Noiztik aritzen zara kirol honetan?
X.U: Sei urterekin hasi nintzen jolas moduan eta gaur arte hor aritu naiz jo eta su.
Nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?
X.U: Ez naiz ongi gogoratzen baina esandakoaren arabera, oso oker jokatzen omen nuen. Pilotan punpa batera jokatzen da, baina ni bi punpetara aritzen omen nintzen. Azkenean, ikasi dugu behintzat.
Egun, astean zenbat entrenamendu egiten dituzu?
X.U: Pilotako bi entrenamendu egiten ditut astean, astelehen eta asteazkenetan. Horrez gain, fisikoa lantzen dugu eta gimnasioan ere apur bat aritzen naiz, gehiegi gabe, ez baita ona gimnasioan asko aritzea.
Non eta norekin entrenatzen duzu?
X.U: Tolosako Beotibar pilotalekuan entrenatzen dut. Anizeto Lazkano da nire entrenatzailea eta nagusia, berriz, Luis Galarraga dugu.
Etorkizunera begira, pilotatik bizi zaitezkeela esango al zenuke?
X.U: Ez nuke jakingo ziur esaten. Pilotatik bizi nahiko nuke, baina ez dakit zer izango den etorkizunean. Aurrean ditugun garaiak ere, egia esan ez dira oso onak, pilotari on asko bidali dute etxera eta egoera datorren bezala hartu beharko dugu.
Zeinen pareko izatera iritsi nahiko zenuke, zein da zure ustez pilotaririk osoena?
X.U: Aimar Olaizolaren pareko izatera iristea izango litzateke nire ametsa. Juan Martinez de Irujo ere oso konpletoa da, baina ni Aimar zalea naiz.
Noren aurka jokatuko zenuke gustura eta nor nahiko zenuke izatea bikote?
X.U: Dudarik gabe, Martinez de Irujoren aurka jokatuko nuke partida bat. Bikotekideari dagokionez, Zubieta edo Barriolarekin gustura arituko nintzateke.
Pilotaz gain, ikasten ari al zara?
X.U: Kiroletako modulu bat ikasten ari naiz, Donostian, Barandiaran ikastetxean. Bi urteko ikasketak dira eta aurten hasi naiz, oraingoz oso gustura ari naiz. Goizean hasi eta hamaikak arte klase teorikoak izaten ditugu eta hamaiketatik hirurak arte kirol desberdinak egiten aritzen gara, boleibola, eskalada, futbola..., denetarik egiten dugu. Pilotan eta pilotatik kanpo beraz, kirolean murgilduta ibiltzen naiz normalean.
Ba al duzu beste zaletasunik?
X.U: Ehizan ibiltzea oso gustuko dut, berehala hasiko dugularik aurtengo denboraldia. Jada, zerura begira jarrita nago, hego haize hauek direla medio. Bestetik, motorrean ibiltzea ere asko gustatzen zait. Parranda batzuk ere egiten ditut, apur bat despejatzeko.
Gustuko duzun zerbait utzi behar izan al duzu alde batera pilotari izateko?
X.U: Sarritan lagunekin ateratzea albo batera utzi behar izaten dut, beti izaten baita konpromisoren bat. Baina gustuko tokian ez da aldaparik izaten eta harrapatzen dut tarteren bat edo beste lagunekin egoteko.
Etxean eta lagunartean zer esaten dizute?
X.U: Ongi ari naizela, horrela jarraitzeko eta okertu gabe pilotari heltzeko esaten didate, bai etxean eta baita lagunartean ere.