15 urtetik gora hariarekin jolasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 13a, 10:31

Asteasuko Lizardi Etxean asteazkenero legez, aurreko astean ekin zioten berriz ere ikasturte berriari. Eskulanetako tailerrean aritzen dira hainbat emakume. Giro ederrean, elkarrekin bi orduz, hariarekin sorkuntza landuz, egundoko lan ederrak osatzen dituzte.

Urte ugari dira Asteasuko emakume talde bat eskulanetan hasi zela. Hamabost urte daramatzate, –Puri irakasle beasaindarraren gidaritzapean azken lau urteotan–, gantxilloan, bainikan, brodatzen, puntua egiten, gurutze puntua lantzen eta josteko beste hainbat teknika ikasiz, arratsalde ederrak igarotzen. Joan zen asteazkenean ekin zioten aurtengo ikastaroari. Lizardi Etxeko beheko solairuan, bi orduz aritzen dira gustuko duten zaletasuna lantzen, lagunarteko giro ederrean.
Betidanik gustatu izan zaie hariarekin lan desberdinak egitea, eta etxean ere, euren kabuz aritzen ziren ikastaroa hasi aurretik. Orain ordea, egundoko lanak egiten dituzte emakume asteasuarrek. Materialari dagokionez, “irakasleak hari denda bat du Beasainen eta bera arduratzen da behar duguna eskuragarri jartzen”, azaldu dute ikastaroko emakumeek; “guk eskatu eta berak ekarri egiten digu”.

Lanen emaitzak, gertukoentzat
Bakoitzak bere gustuak ditu, bati gantxilloa gustatzen zaio, besteari puntua... Azaldu dutenez, “lan edo josteko era batzuk begietarako eta bizkarrerako nekagarriak izan daitezke”, eta ondorioz, erosoen sentitzen diren estiloan aritzen dira. Lan zailengatik galdetuta, errezetara jotzen dutela adierazi dute jostunek, “emaitzak ikustea gustatzen zaigu guri, ez gara urtebetean lan berarekin aritzen”.
Asteasuko artisauen azokan, hainbat urtetan zehar ipini izan dituzte euren lanak ikusgai, “azken aldian ez ditugu jartzen, beste jostun batek jartzen ditu orain lanak herritarren eskura”. Egindako lanak gertu-gertukoen eskura uztea gustatzen zaie ikastaroko kideei, “guk nahiago dugu, egindako lanak seme-alabek, bilobek edota ingurukoek aprobetxatzea. Nahiz eta jendearen gustagarri izan, erakusketan jartzea baino pozgarriagoa izaten da biloba txikia guk egindako lanen bat jantzita ikustea”.

Lagunarte bikaina
Aurrera begirako asmoei buruz galdetuta, beste hainbeste urtetan zehar biltzeko asmoarekin agertu dira protagonistak, “hemen sortzen den lagun arteko giroa ederra da benetan, oso gustura sentitzen gara kontu batzuk esan eta hariari puntada batzuk ematen”. Denbora pasa gisa hartua dute, baina ikusgarria da zer nolako lanak egiten dituzten. Emakume bat jertse bat egiten, ondokoa gurutze puntuko lan ikusgarri batekin, hirugarrena gantxilloz egindako mahai gaineko zapi ederra osatzen... Bakoitza bere lanean aritzen da, baina irakaslearen begiradapean betiere.
Aipagarria da bestalde, egun hariarekin ari badira ere, beste hainbat ikastarotan parte hartu dutela emakumeok; sukaldaritzan, sendabelarren ikastaroan, pinturan... Denetarik egin izan dute, eta edozer gauza berri ikasteko gogoz agertzen dira beti.
Eskulanaren balioa
Eskulanen balioa ezin da prezioa jarrita ordaindu, “lan bat egiteko beharrezko diren orduak asko dira eta egin ondoren balioa jartzea oso zaila da”, aipatu du kide batek. “Jendeak ez du ulertzen egindako lana zenbatekoa den. Emaitzari begiratzen diote eta gehienetan garestia dela esaten dute, fabriketan makinek egindako lanekin baikaude ohituta”. Eskuz egindako lanak behar bezala baloratzen ez direla uste dute emakumeok. “Orokorrean, jendeak gustuko izaten ditu eskulanak, baina prezioa jartzean, atzera egiten du askok”.

Ateak zabalik
Lagunartean eskulanak egin nahi dituen edonork zabalik ditu Lizardi Etxeko ateak, “lagun giroan ordu batzuez betiko erritmotik aldendu nahi duen edonor anima dadila gurekin jostera etortzera, ikaragarri ongi pasatzen dugu. Beti zerbait ikasten dugu eta orain arte etorri garen guztiok urte batean baino gehiagoan errepikatu izan dugu. Dudarik gabe, ongi pasatzen dugun seinale izango da”, esanaz amaitu zuen ikasleetako batek.  Eguna eta ordua jarrita daude, beraz. Animatzen den edonor, ager dadila asteazkenetan, arratsaldeko hiruretatik bostetara bitartean Lizardi Etxera. Ongi etorria izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!