Sansonarrik igandean herri kirol lehia bitxia antolatu zuen, tren geltoki aldetik Urnietako plazara doan aldapan. Parte hartzaileek enbor bat igo behar zuten, baina ez bizkar gainean. Enborraren alderdi bat beti lurraren kontra egon behar zuen, horrela bada, lehiakideek egurra zutitu eta lurra ukituz igo behar izan zuten.
Bost parte hartzaile izan ziren, horietatik bat Asun Rodrigez. Probak jende ugari bildu zuen errepidearen bi aldeetan. Giro ederra lagun, hor ekin zion lehen kirolariak, Urtzik, enborrari heldu eta maldan gora egiteari. 40 kilo inguruko egurra astinduz, minutu bateko tartearekin, bigarren lehiakidea irten zen, Iraitz. Jendea harriturik zegoen zer nolako ahalegina egin behar zen ikusita. Hirugarren parte hartzailea, Aiatik etorritako Haitz izan zen, bigarren lehiakidea ozta-ozta harrapatu zuena. Laugarren postuan, Juanjo atera eta honek ere enborra abiada bizian igo zuen. Azken parte hartzailea, Asun izan zen. Emakumeak enborrarekin azken txanpan lanak izan bazituen ere, txalo zaparrada beroa jaso zuen. Froga bitxia baina gogorra izan zen igandekoa, lehiakideek nahiko nekaturik amaitu zuten.
Sari banaketa Lehen postuan, Juanjo Agudo herritarra izan zen garaile, enborra helmugara eramaten 2 minutu eta 32 segundo behar izan zituelarik. 100 euroko saria jaso zuen. Bigarren postuan, Haitz aiarra geratu zen, 70 euroko ordainsaria lortuz. Helmugara hirugarren iritsi zena Urtzi izan zen, honek, 30 euro jaso zituelarik. Emakumeen mailan, Asunek 100 euroko saria jaso zuen, bera izan baitzen parte hartzaile bakarra, 4 minutu eta 49 segundotan igo zuen enborra maldan gora. Lehia polita izan zen igandekoa, berria, euskaldun askok gaurdaino ikusi gabekoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!