I. Kirol gala antolatuko du Allurralde Udal Kirol Patronatuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 6a, 20:07

“Andoaingo kirolariei eta kirol elkarteei publikoki esker ona ematea, egiten duten lana sarituz”, horixe da Kirol patronatuaren xedea abian jarri duen ekimen berriarekin. Harrigarria bada ere, inguruko herrietan aspaldikoa den ekimena Andoainen gauzatu gabe zegoen oraindik.
Bost sari banatuko dira, hasiera batean:
1. Urteko kirolaria edota (emakumezkoa eta gizonezkoa).
2. Urteko kirolari gaztea (emakumezkoa eta gizonezkoa).
3. Urteko kirol erakundeari.
4. Urteko erakunde babeslea.
5. Aipamen berezia.

Urteko kirolaria edota Urteko kirolari gaztea saria lortzeko, hautagaia ezinbestean Andoainen jaioa edo Andoainen erroldatuta behar du izan. Andoaingo kirol klub edo elkarte bakoitzak hautagai bat proposatuko du. Allurralde Kirol Patronatuaren webgunearen bidez, bestalde, Andoaingo herritar orok aurkez dezake bere proposamena.

Kirol erakundeari dagokinez, kirol klub edota elkarte guztiak izendatuko dira hautagai. Epaimahaiko kide guztiek adostuko dute zein izango den erakunde saritua.

Babesleek ere saridun izateko aukera izango dute. Hautagaiak izango dira kirolariak edota legez eratutako kirol klub edota elkarteak babestu edo lagundu dituzten erakunde edo pertsona horiek. Andoaingo kirol elkarte bakoitzak hautagai bat proposatuko du, eta proposamenarekin batera hautagai hori aukeratzeko argudiatu diren arrazoiak edota merezimenduak adieraziz.

Aipamen berezia jasotzeko hautagai izan daitezke egindako lanagatik edo duten balio handiagatik saria jasotzea merezi duten kirolariak, elkarteak, zuzendariak, teknikariak, epaileak, enpresak, kirolari profesionalak edo kirolarekin lotutako beste edozein estamentu.

Aipamen berezia jasoko duen pertsonak edo erakundeak Andoaingoa izan behar du edo, bestela, kirol lotura berezia izan behar du herriarekin. Aipamen berezirako hautagaiak Allurralde Kirol Patronatuak proposatuko ditu. Saritutako erakunde edo pertsonari Patronatuko urrezko intsignia emango zaio.

Hautagaiak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dago. Lehen kirol gala abenduan ospatuko da Basteron.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!