Besancetarren eta AMMaren tortura salaketak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 6a, 16:21

Joan zen irailaren 29an Guardia Zibilak atxilotu eta bost egun inkomunikatuta igaro ondoren, Juan Carlos Besance villabonatarra Madrilgo Soto del Real espetxean preso dago uneotan, ETAko kide izatea egotzita. Guardia Zibilaren eskutik "tortura oso latzak" salatu ditu. Tolosaldeko AAMak hurrengo egunetan tortura salaketa horiek publikoki aurkezteko asmoa du eta ostiralerako, urriak 8, iluntzeko 20:00etan manifestaziorako deia egin du Villabonako plazan, ezker abertzalearekin batera.
Hara hemen Tolosaldeko AAMak igorritako besancetarren tortura salaketak eta AMMarena berarena:

Juan Carlos Besance:

"Atxilotze unea nahiko bortitza izan zen. Etxeko atea bota zuten eta Carlos eta bere anaia atxilotu zituzten. Ondorengo miaketak nahiko lasai joan ziren.

Hasiera Guardia Zibilaren patrol batean sartu zuten, eta tratua nahiko lasaia izan zen une horretan. Baina ondoren auto batean sartu zuten eta hemen hasi zen bost egunez luzatuko zen infernua.

Autoan zihoala buruan poltsa jarri zioten, arnasarik gabe utziz, ia itotzeraino. Hiru aldiz errepikatu zioten poltsarena, eta autoan zihoala bi aldiz galdu zuen konortea. Bere gainean salto egiten zuten Guardia Zibilek eta oihuak eta mehatxuak etengabeak ziren.

Madrilera iritsi eta galdeketak hasi ziren. Bost egunez begiak antifaz batekin itxiak izan ditu, eta inkomunikazio aldia amaitzean denboraren nozioa erabat galdua zuen.

Egunero bi edo hiru galdeketa egin zizkioten, bakoitza bi ordukoak, abokaturik gabe eta Guardia Zibil pila bat inguruan zituela, tortura, mehatxu eta irain artean. Erabat legez kanpoko galdeketak.

Gerritik behera biluzten zuten eta flexioak egitera behartzen zuten, bitartean sabelean ostikoz jotzen zutelarik.

Manta batekin biltzen zuten, zinta batekin lotu eta eskuak goma espumarekin lotzen zizkioten, buruan poltsa jartzen zioten arnasarik gabe utziz eta barrabiletan ostikoak ematen zizkioten. Kolpatu egiten zuten gorputzean, izerditan blai uzten zutelarik. Izerditan blai zegoela frigorifikoa deitzen zioten gela batera eramaten zuten, non sekulako hotza egiten zuen. Dardarka hasten zen, ez zuen ezer ikusten baina sekulako hotza sentitzen zuen.

Gutxienez hamabi aldiz jarri zioten poltsa buruan, asko estutzen zioten, arnasarik gabe utziz, ia itotzeraino. Madrilen beste behin galdu zuen konortea.

Sprai moduko bat bota zioten buruan eta eskuetan, ilea gogortzen zitzaiola nabaritu zuen baina hortik aparte ez zuen ezer berezirik sentitu.

Galdeketetan ahots pila bat entzuten zituen, oihuak, familiarekin etengabeko mehatxuak, anaiarekin etengabeko mehatxuak, ilobarekin etengabe mehatxuak. Berak argi du bere anaia berari mehatxu egiteko helburuarekin atxilotu zutela. Argi du hasieratik bazekitela ez zuela ezer, baina hala ere hor izan zutela hiru egunez, presio bide bezala.

Deklarazioa ikastera behartu zuten, eta ikasitakoa botatzera deklarazio poliziala egiteko unean. Bost egunez oso gutxi jan zuen, eta ez zuen lorik egin.

Azken egunean erabat jota zegoen, ezin zuen gehiago, eta pixka bat lasaitu zen Guardia Zibilaren jarrera.

Lehen ez zuen inolako arazorik begietan baina orain malkoak etortzen zaizkio eta ez du ondo ikusten".

 

Jesus Mari Besance:

"Juan Carlos anaia eta Xabier Atristainekin batera atxilotu zuten, baina larunbatean gelditu zen libre.

Madrilera bidean mehatxuak, kolpeak eta galdeketak jasan zituen eta Madrilen lasaitu zen bere aurkako jarrera.

Bere ziegako atea irekita uzten zuten, beste bi atxilotuen oihuak eta tortura sesioak entzuten zituelarik".

 

 

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren salaketa:

-Euskal herritarren aurkako tortura salaketa berri hauen aurrean konpromiso argiak eskatzen ditugu. Zentzu honetan, Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalei, Arartekoari eta Erakunde nagusiei salaketa hauen aurrean pentsatzen dutena esateko gonbidapena luzatzen diegu.

-Torturak salatzea estrategia baten barruan dagoela diotenei honako galderari erantzuteko deia egiten diegu: Nola esplika daiteke pertsona batek bere buruaren aurkako deklarazio polizialak egitea, jakinda hauek epaiketan froga bezala erabiliko direla eta bera urte luzez espetxeratzeko balioko dutela? Nola esplika dezakete Atristainekin gertatua, non ofizioko abokatua bera ukatu egin den deklarazio poliziala sinatzera?

-Beste bortxarik ezean Espainiako Gobernuak bortxarik basatiena mahai gainean jartzen jarraitzen du. Euskal Herrian abian den prozesu politikoa baldintzatu nahi dute, amildegira eraman. Ez dute inolako borondaterik herri hau sufrimenduaren zirkulutik ateratzeko, eta horretarako sufrimendu gehiago sortzea da hartu duten erabakia.

-Alde bateko distentsio keinuak ez du beste aldearen errepresio eta jazarpen itsua gelditzea ekarri, ezta ekarriko ere. Herritarron presioak, erakunde eta eragileen lanak soilik ekarriko du errepresioa gelditzea, eta bide horretan indarrak biderkatu beharra dagoela uste dugu. Ezin dugu onartu euskal herritar bat gehiago torturatua izatea.

-Jakinarazi nahi dugu azken atxilotuen testigantzak munduko erakunde ezberdinetara eramango ditugula. Bereziki Venezuelako Gobernuari, Madrilen duen enbaxadoreari eta herrialde horretako erakunde eta mugimendu politikoei azken atxilotuek jasandako torturen lekukotzak bidaliko dizkiegu. Honekin batera Nazio Batuen Erakundeko begiraleek egin dituzten informe eta eskaeren berri ere eramango diegu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!