Urki dantza taldearen bidaia kronika eta ikastaroaren deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 5a, 10:37

"Etor bitez Euskal Herriko ezpata-dantzarien artean, ohiko talde, elkarte ala kofradia bakoitzeko dantzari-buru ala azkendariak, aukeratu beharko liratekelarik iaioenak, nola ezpatak hala bordoiak dantzatzera. Aurkeztu beharko dute egun horretan, ikusgarriro jantzita, bakoitzak berezkoak dituen apaingarriekin...".
2010 honetako irailaren 11erako deitu gintuzten Santa Krutzeko ezpata-dantzarioi, Euskal Herriko txoko ezberdinetako beste hainbat ezpata-dantzarirekin batera, Igartzako multzo historikoaren inaugurazioa egiteko.
Igartzako ezpata-dantzariek egin zuten deialdia eta bertara agertu ginen Beasain, Bilbo, Bera, Legazpi, Zumarraga, Iruña, Añorga, Tolosa, Eibar, Elgoibar, Deba eta Andoaingo dantzariak. Andoaindik Izaskun Beraza, Asier Garmendia, Jon Iraola eta Maite Sagasetak Gipuzkoako ezpata-dantza dantzatu genuelarik.
Eguerdiko hamabietan Beasaingo Udal plazatik atera zen kortijoa, Igartzako ezpata-dantzariak aurretik eta gainontzekoak atzetik, haien banderekin. Igartzara helduta herriko dantzariek zubi gainean dantzatu zuten eta ondotik bizkaitarrek, nafarrek eta gipuzkoarrok eraikin bana "inauguratu" genuen.
Igartzako jaunaren jauregian sartuz eman genion amaiera dantza saioari, Ondorengo bazkari eta akta liburuaren irakurketarekin borobildu zuten eguna beasaindarrek. Eskerrik asko, beraz, Igartzako ezpata-dantzariek Kofradiari horren egun berezira gonbidatzearren.

URKIREN DEIALDI BERRIA:
IKASTAROA HELDUENTZAT
Urki datza taldeak ikastaroa antolatu du. Urriaren 4an hasita, astelehenero eskainiko da iluntzeko 20:00etatik aurrera. Interesa duenak nahikoa du Arrate pilotalekuko azpialdera bertaratzea urriaren 4ko arratsalde horretan. Egun horretan, gainera, xehetasun gehiago eskainiko dira.
Dantza mailarik ez dela eskatuko argitu nahi izan dute: “erromeri batean edota jendea dantzan ikusterakoan, inbiriak jota eta dantza egiteko lotsaz dauden horiei guztiei zuzenduta dago. Geure helburua lotsa kentzen laguntzea eta dantzarekin disfrutatzen irakastea da”.
Ikastaroan honako dantzak irakatsi nahi dituzte, besteak beste: jauziak, fandango eta arin arina, larrain dantza, Xiberu eta Luzaideko zenbait polka.…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!