Andoain elkartearen kokaleku nagusia bada, Burdinak ez dio sekula muzinik egin inguruko herrietan lan egiteari. Besteak beste, Villabonako lurretan dagoen Onddolar eremuan ere berreskuratze lanetan parte hartze zuzena izan du. Hori guztia gauzatu ahal izateko ezinbestekoa da udalerri horien guztien laguntza, eta Burdinak eskerrak eman nahi dizkie Udal agintariei.
Lan mardula urte honetan
Ondare historikoaren berreskurapenean Burdina Taldea lan mardula burutzen ari da 2010ean zehar. Lan oparo hori, besteak beste, Andoainen, Beizaman, Elduainen eta Berastegin burutzen ari dira. Nabarmentzeko, hauexek: bost karobi berreskuratu dira, bi labe Leitzaran inguruetan, mineralak eramateko edukiontzia...
Horiez gain, aspaldiko harrobi baten ikerketa lanak burutu dira Leitzaranen.
BOLONDRESEN LANA
Hori guztia egin ahal izateko ezinbestekoa da bolondresen parte hartzea. Haiek gabe ezinezkoa litzateke. Andoaingoak dira, nagusiki, baina baita beste herrietakoak ere: Villabona, Lasarte, Asteasu, Elduain, Donosti edota Orereta.
Bolondres modura parte hartzeko gogoa eta interesa duen orok Burdinarekin harremanetan jartzea besterik ez du, horretarako egokitu duten 699 487 683 telefono zenbakian.
Urte amaierako festa
Urtearen amaierarako Burdina festa antolatzen ari da bolondres talde osoari esker ona adierazteko. Izan ere, aurreko belaunaldiek utzitako ondarea berreskuratzeko pertsona askoren laguntza behar izaten da. Burdinak etorkizunean ondarea berreskuratzeko lanean jarraitu nahi du, horixe da bere konpromisoa.