Behemendi eta Itsamendikoiren bitartez antolatu duten ikastaro honetan, belarren ezagutza eta erabilera tradizionala ezagutzeko aukera izan dute. Fitoterapian erabiliak diren landareak ere bertan izan dituzte eta beraien ezaugarriak eta erabilerak zeintzuk diren jakitun izan dira.
UKENDUAK EGITEN JARDUN ZUTEN
Bigarren egunean, kalera atera ziren guztiak, inguruko eta gure baratzeetako landareak aztertzera. Sendabelarrak ezagutzeaz gain, belar txarrak edo kaltegarriak zeintzuk izan litezkeen eta bakoitzak zer eragin izan lezakeen ere aztertzen aritu ziren ikasleak auzoan ibilalditxoa egiten zuten bitartean. Hirugarren egunean, asteazkenean, ikasitako guztia praktikan jartze aldera, hainbat belar, olio, alkohol edota argizagi... erabilita, etxean egiteko moduko ukenduak egiten jardun zuten.
Parte hartzaileak oso gustura daude egindako saioekin eta aurrera begira ere, ikasten jarraitzeko asmoa azaldu dute.
PARTE HARTZAILEEN IRITZIA
Maria Rosario Izeta
1.Oso gustura aritu naiz ikastaroan. Belar askoz gehiago ezagutzeko balio izan dit. Lehen aldizkarietan ikusitako besterik ez nekien, baina kanpora atera eta ez nekien bakoitza zein izan zitekeen. Betikoez gain, ikaragarrizko sendabelar mordoa dagoela ikasi dut.
2.Oso laburra egin zait. Hiru orduko saioak egin ditugu hiru egunetan zehar; hasi aurretik luzea izan zitekeela ere pentsatu nuen, baina aidean pasatu zait denbora. Irakasleak oso ongi ematen ditu azalpenak eta atsegina da gainera. Gaur esaterako, ukenduak egiten ikasten aritu gara.
3. Honi jarraipena emateko beste tarterik balego, gustura hartuko dut parte berriz ere. Asko dugu ikasteko!
Milagros Errazkin
1.Ikaragarri gustura. Gaur arratsaldean ukenduak egiten aritu gara sukaldean. Belar txartzat jota nituen hainbat belarrekin milaka gauza egin litezke! Erabat harriturik nago. Bigarren egunean irteera bat egin genuen eta zur eta lur geratu nintzen zenbat landare alferrik galtzen dugun ikusita.
2.Beste hiru bat egun gehiago ere gustura hartuko nituzke. Ordu mordoa hain tarte txikian landuta, oso kontzentratua izan da. Praktikan jartzean ikusiko dut ezer ikasi ote dudan.
3. Oraindik nik ez dakidan lan asko egin liteke sendabelarrekin, gustura jarraituko nuke ikasten. Berriz antolatzen bada, hemen izango naiz, beraz.