"Ezer baino lehen une honetan Guardia Zibilaren eskutan atxilotuak aurkitzen diren hiru euskal herritarrei gure babesa eta elkartasuna bidali nahi dizkiegu hemendik. Karlos eta Ketxusen senideei gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi diegu. Bai eta azken operazioetan atxilotuak eta espetxeratuak izan diren ezker abertzaleko militante guztiei.
Beste behin inkomunikazioaz eta torturaz hitz egiten hastea dagokigu, beldur baikara behin atxilotuak epailearen aurrera eramanda, hiru euskal herritar gehiagoren izenak egongo direla torturaren zerrenda beltzean. Zentzu alarma guztiak piztu nahi ditugu hiru atxilotuak jasaten ari daitezkeen tratuaz. Guardia Zibilak urte honetan atxilotu dituen 28 herritarretatik 24 torturatu ditu. Datu honek gure kezka areagotu baino ez du egiten.
Villabonan azken urte eta hilabeteetan bizi dugun errepresio egoerak, Euskal Herriak bizi duen jazarpena erakusten digu. Villabonako kaleak Euskal Herriaren ispilu dira, besterik ez. Ertzaintzaren bortizkeriak hildako alkateordea, ihesean minbiziak eramandako iheslaria, atxilotuak, torturatuak, debekuak, polizia gorputz ezberdinen okupazioak, kontrolak... Denbora gutxian egur asko jaso dugu. Asteazkenean iritsi zitzaigun azken kolpea, herriko bi anaia Guardia Zibilak atxilo hartu eta eraman zituenean.
Gogotik jo gaituzte, baina Zutik gaude.
Polizia operazio hauen guztien xedea Euskal Herrian loratzen ari den aro politiko berria zapuztea da. Azken hilabeteetan izan diren mugimendu politikoek eta ETA erakundearen adierazpenak prozesu politiko bat abian jarri dute. ETA erakundearen distentsio keinuaren ondoren Espainiako Gobernuak errepresio gehiago iragarri zuen, errepresio gehiago Euskal Herrian mamitzen ari den prozesu demokratikoak aurrera egin ez dezan. Errepresio gehiago iragarri zuten eta hiru asteren buruan hiru polizia operazio burutu dituzte, tartean tortura salaketa oso larriekin.
Herri honetan indarrean duten errepresio eta salbuespen egoera betikotu nahi dute estatuek.
Baina guk Euskal Herria sufrimenduaren zirkulu itxiak atera nahi dugu. Beste egoera batera eraman behar dugu herri hau, guk ezagutu ez dugun bake eta justizia egoera belaunaldi berriek ezagutu dezaten.
Errepresioaren xedea demokrazia eragoztea da. Errepresioa aldarrikatzen duenak demokrazia ukatzen du. Errepresioa ospatzen duenak bakea eragotzi nahi du. Zentzu honetan herri honetara bake eta demokrazia egoera bat ekartzeko beharrezkoa izango da errepresioa geldiaraztea. Beharrezkoa izango da errepresio bidea indargabetzea, errepresioa ezinezkoa egitea. Beharrezkoa izango da salaketa eta mobilizazioa.
Gaur arratsaldean Bilboko kaleak jendez lepo bete behar ditugu. Hurrengo egunetan, errepresioari Stop esateko eta tortura salatzeko deituko diren protesta ekitaldietan parte hartzeko deia egiten dugu. Tortura estatu baten ustelkeria gorena adierazten duen tresna politikoa baita".
Villabonan, 2010eko urriaren 2an.