Adinekoen astea Bertxin elkartearen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 2a, 11:34

Andoaingo adinekoei begira hitzordu ugari deitu dituzte aste honetarako, Bertxin Andoaingo Jubilatuen eta Pentsionisten Elkarteak antolatuta. Iaz abiarazitako Adinekoen astea bigarren ediziora iritsi da. Ostiral honetan, asteari amaiera emateko, hildakoen omenezko meza eta bazkaria izango dute. Jose Luis Crego elkarteko lehendakaria eta arima da. Elkartea sasoiko dagoela adierazi du.

Qué bello es vivir film ezaguna ikusi zuten astelehenean; Zugarramurdira txangoa egin zuten asteartean; bingo berezia jokatu zuten asteazkenean; patata tortilla lehiaketa ostegunean... hitzordu ugari udazken hasiera honetan.

Adinekoen astea ospatzen ari zarete, beraz, aste honetan...
Jose Luis Crego. Iaz egin genuen lehen aldiz; urtean zehar hainbat ekitaldi prestatzen ditugu baina horiek eta gehiago egin nahi izanak eraman gaitu astea antolatzera.
Lehen edizioak, gainera, oso harrera ona izan zuen, eta horrek jarraitzeko gogoa areagotu zuen gugan.

Betidanik Sanjuanetan egin izan zen bazkaria aste honetara ekarri duzue...
J.L.C. Azken urtetan buruhausteak besterik ez genituen bazkari horrekin. Ehunka bazkidek ematen zuen izena, eta gero eta zailagoa egiten zen horiek denak Oianume jatetxean sartzea. Udal kultur arduradunek, bestalde, Sanjuanetarako Ondarreta ikastetxeko patioan egitea proposatu ziguten. Adineko jendearekin kalean  bazkaria egitea ez zaigu egokiena iruditzen. Horrexegatik erabaki genuen bazkari hura urriko aste honetara pasatzea. Gaur egun, Sanjuanetan mantentzen den bazkari bakarra urte horretan laurogei urte bete dituztenena da. Udalak eskainitakoa da, gainera.

Egitarauari erreparatuz gero, bingoak arreta deitzen du...
J.L.C. Berezia da aste honetakoa, sariak ere halakoak jarri direlako. Esan behar da bingoa asteazken arratsaldero ospatzen dela, eta egundoko arrakasta duela: 90 pertsona biltzen dira, bataz beste. Kartoi bakoitzak 10 zentimo balio du.
Dirua irabaztea ez, baizik eta helburua jendeak arratsalde atsegina igarotzea da, eta hori lortzen ari gara.

Toka eta petanka ohiko txapelketak falta dira.
J.L.C. Igogailuko obrak direla medio, segurtasun neurriagatik, bi txapelketa horiek bertan behera utzi behar izan dira.
 
Zenbat bazkide ditu elkarteak?
J.L.C. 1.500 bazkide gara. Horietatik %80ak 6 euroko kuota ordaintzen du urtero. 28.000 euroko aurrekontua darabilgu: horietatik 20.000 euro Andoaingo Udalaren diru laguntza da, gainerakoa bazkideek jarritakoa da.

Zein adinean dabiltza bazkideak?
J.L.C. Nortasun Agirian pentsionista hitza agertzea, hori da bazkide gisa onartzeko eskatu ohi dugun baldintza bakarra. 55 urte inguruko pentsiodun ugari dago, badira berrogeitik gora dituzten bizpahiru ere. Elkarteko zaharrenak, berriz, 86 urteren bueltan ibiliko dira.
Asko aldatu al da bazkideen profila azken urteetan?
J.L.C. Gero eta gazteagoak gara; gazteagoak ez ezik, baita aktiboagoak ere! Nik uste gizartean jubilatuenganako dagoen irudia hausten ari garela;  jubilatuen tabernan eseri, eta kafea hartuz kartetara jokatzea beste bizi kezkarik ez duen jubilatuaren irudi hura alegia. Hori erreala ez den topiko bat da, gaur egun.
Zuzendaritzan daramagun lau urteetan jokabideak aldatzen saiatu gara, eta horretan asko aurreratu dugula aitor dezaket. Adibidez, egoitza denona dela eta denon parte hartze aktiboagoarekin osatu behar dugula, edota, ez dugula zertan zalaparta batean ibili behar aldamenekoa baino lehenago iristeko ez dakit zer lortzeko.
Iraganean modu lotsagarrian gertatzen zen hori...

Zer motatako ekintzak antolatzen dituzue urtean zehar?
J.L.C. Egunotan ospatzen ari garen kultur aste honen moduko bestea antolatu ohi da apirilean. Txokoladak edo txistor jateak egiten ditugu Inauterietan, San Tomas egunean eta horrelakoetan. Egun osoko zazpi irteera egiten dira urte osoan zehar, eta oinez ibiltzeko bi txango. Bi asteko egonaldia ere antolatzen da Mediterranio aldean.
Toka, petanka eta karten txapelketak antolatzen ditugu. Eskulanak egiteko taldea astean bitan biltzen da. Ikastaroak, berriz, gero eta gehiago eramaten ari dira aurrera. Eskaera handitzen ari da: gimnasiako sei talde (150 pertsona) eta memoriaren tailerrean lau talde (65 pertsona)... kopuruan goruntza doa.
Azken urteetan bazkideen parte hartzea indartzen ari gara, eta emaitza bistakoa da.
Txangoekin, adibidez, bi autobus betetzera iritsi gara. Egoitzan bertan antolatzen diren ekitaldietara 400-500 pertsona biltzera iritsi gara. Bazkide askok egoitza gertukoa eta atsegina sentitzen duten seinale da hori.
Horrela jarraituz gero, egoitza txikia geratuko da. Ikusi besterik ez dago asteburuetan nola jartzen den... lepo!

Ahalegin handia izango da antolatzaile lanetan ibiltzea, ezta?
J.L.C. Ez dakizu zenbatekoa! Morrontza handiko lana da hauxe. Egin kontu: 2006an elkartearen zuzendaritzan sartu ginen talde hartatik ni neu bakarrik geratu naiz. Batzuk nekeagatik, besteek eraman ezinagatik... hasierako haietatik guztietatik neu bakarrik geratu naiz.

Zerk bultzatu zaitu jarraitzera?  
J.L.C. Besteen ongizatearen alde zer edo zer egin dezakezula sinestea, hori da nire motibaziorik handiena. Kalean kritika gaiztoak egitea beste lanik ez duten betiko lau horiek kenduta, gainerako bazkideak esker onekoak agertu zaizkit. Horien esker onari esker eutsi diot, orain arte.
Hala ere, egunean batean utzi beharko dudala pentsatzen ari naiz. Izan ere, 2006an zuzendaritza hartzerakoan egin genituen aginduetatik gehienak bete dira: kultur txangoak gehitu egin dira, ikastaroak eta tailerrak indartu egin dira, bingoa jarri da, toka eta petankarako tokia eraiki da... Igogailua bera ere urrian inauguratzekotan dira. Gure lana betetzen ari gara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!