Opuako ikastegiak hogeita bost urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 2a, 11:32

Hogeita bost urte bete ditu Andoaingo Lanbide Hastapeneko Ikastegiak. Sasoi batean papertegiko lantegia izan zen OPUA eraikuntzan dago behar bezainbat ezagutzen eta baloratzen ez den ikastetxe hau. Hilario Dorronsoro enplegu eta gazteriako Udal teknikaria eta Edurne Baztarrika gizarte eta lan arloko begiralea ikastegi honen arduradunetako bi dira.

Ikastegiaren 25 urteko historia laburtuko al zenukete?
Hilario Dorronsoro: 1985ean Laborde zen hartan ireki zen ikastetxea; aitzindaria izan zen Euskadi mailan orduan, beste bi ikastetxerekin batera. 1998an Udalak Ziakon dituen pabilioietara eraman zen, eta azkenik, 2001ean OPUAra ekarri zen, Olagain auzunera; hori Celulosas lantegiari eraikuntza erosi ondoren gertatu zen.
Izen ezberdinak ezagutu ditu historian zehar; hasieran tailer okupazionalak izan ziren, eta lan hastapenerako ikastetxea gerora. Hezkuntza arautuan sartuta dago 2008az geroztik. Egia da aldaketa asko jasan dituela urteen poderioz, baina funtsean helburua nahiko berbera edukitzen jarraitzen du: 16-18 urte bitarteko gazteen lan txertaketarako prestakuntza eskaintzea.
    
OPUAn INEMeko ikastaroak ere ematen dira aldi berean…
H.D.: Bai, enplegu edo prestakuntzarako programak ere ematen dira langabetuei zuzendutakoak, txapa eta pinturarekin lotutakoak, hain zuzen. Esan behar da LHIa ez ezik INEMeko ikastaroak ere Andoaingo Udalak kudeatzen dituela, Jaurlaritza eta INEMetik dirua jaso eta gero.  

25 urtetan ikastegiak antzeko helburuak izan dituela aipatu duzue lehen…
H.D.: Bai, funtsean. Lehen eskola graduatua gainditzen ez zuten gazteentzat bideratzen zen, eta gaur egun, berriz, DBHn eskatzen zaiena betetzen ez dutenentzat. Era horretan, gazteen prestakuntzaren bitartez, bi helburu lortu nahi ditu ikastetxeak: bata, Lanbide Heziketan ikasten jarraitu ahal izateko aukera edukitzea, eta bestea -nagusiena garai hauetan-, lan txertaketarako aukera edukitzea.

Soldadura eta ibilgailuen txapa eta pinturako espezialitateak ematen dituzue…
H.D.: Bere garaian Buruntzaldean hitzarmerna sinatu zenean, banatu egin ziren espezialitateak. Adibidez, Usurbilen ileapaingintza eta sukaldaritza jarri zen, Lasarten zurgintza eta seriegrafia… Espiritu horri eutsi zaio urtetan, eta herri bakoitza erreferentzi gisa hartu izan da beti. Esan behar da soldadura zein txapa eta pintura merkatuak eskatzen dituen espezialitateak direla, profil anitza edukitzeak enpresako hainbat arlotan sartzeko aukera ematen baitu (autobusak, autoak, trenak, leihoak…).

Nork osatzen duzue ikastetxea, hasi berria duzuen ikasturte honetan?
H.D.: Irakasleei dagokionez, tailerrean bi begirale eta laguntzaile bat daude; ikasgelan, berriz, beste bi begirale eta laguntzailea (sei hilabeterako etortzen dena). 40 ikasle matrikulatu dira aurten, hezkuntza sailak markatzen duen kopurua.
Lau lan talde osatzen ditugu, bi ikastaro teoriko zein praktikotan banatuta. Hezkuntza arautuan sartzen garenez, irailean hasi eta ekainean amaitzen dira eskolak. Ordutegia sei ordukoa da, hiru tailerrean, eta bi eta erdi ikasgelan.  

Eta INEMeko ikastaroak?
H.D.:  15 ikasle onartzen dira, eta 759 orduko ikastaroak dira. Udaberrian hasi eta azaroan edo amaitzen dute, egunean sei orduz arratsaldeetan jardun eta gero.  

Zer tipologia dakarte hona datozen gazteek?
H.D.: Batetik beste ikastetxeetan eurekin etekinik atera ez dutelako hona bideratu dituzten gazteak daude, DBHn ikasturteak errepikatu behar izan dituztenak, familia normalizatu batekoak izan arren portaera aldetik gaizki dabiltzanak… Nahiz eta beste ikastetxeetan zailtasunak edukitakoak izan, hona etortzen direnean ondo funtzionatzen dute orokorrean, ofizioren bat ikasteko gogoz egoten baitira.   
Bestetik, etorkinak daude, gero eta gehiago. Batzuk Hegoamerikatik etorritakoak dira; lehendik hemen zauzkaten gurasoengana bizitzera etorri dira hona, kasu gehienetan. Beste batzuk, azkenik, magrebiarrak dira; horiek bakarrik etorri dira eta asko harrera etxeetan bizi dira; ikastetxe hauxe da geratzen zaien baliabide bakarra kasik azken horiei.

Ikasgeletan zein motatako edukiak lantzen dituzue?
E.B.: Eskola graduatua gainditzeko erabiltzen diren liburuekin aritzen gara; Hernani eta Andoaingo Helduen Eskolekin koordinatzen dugu horretarako. Material horrekin arlo zientifiko-teknologiko eta komunikazio linguistikoarekin zerikusia duten edukiak lantzen dira gehienbat. Guk ez dugu eskuduntzarik ebaluatzeko, eta Helduen Eskolakoak etortzen dira horretara.

Ez da lan samurra izango zuena…
E.B.: Oso lan intentsoa da. Ofizio bat erakustea baino, gure lanik zailena jarrera egokiak eduki ditzaten erakustea da. Kontuan izan behar da gaurko gazteak eta orain 20 urtekoak ez direla berberak; argi ikusten da hori baloreetan, kontsumoaren arloan, talde lanerako espirituan… Jokabideak, komunikazioa, arauen errespetua eta antzeko aspektuen lanketak eragiten digu burukominik handiena. Azken batean gure lana gazteak motibatzea da, zentratzen laguntzea; jakinaraztea zertarako dauden, zer nolako aukera eskaintzen zaien euren etorkizuna bidera dezaten.
Guzti horretarako, tutoritzari garrantzia handia ematen diogu. Gazteekin lan pertsonala egiteaz gain, euren ingurukoekin (familiarekin edo harrera etxeetako arduradunekin) harremanetan egoten gara. Ezinbestekotzat jotzen dugu aspektu guztiak koordinatzea eta integratzea, gaztea heldutasun maila batera irits dadin.

H.D.: Edurnek esan bezala, baloreak lantzen saiatzen da ikastetxe hau batik bat. Kontuan hartuta, hori bai, jatorri ezberdinekoak direla asko: familia normalizatutako kideak, familia desegituratuetako kideak, hegoamerikarrak, magrebiarrak… Nork bere baloreak ditu, eta hori jokatzeko eran antzematen zaie berehala.

Gatazkarik bizituko zenuten inoiz…
H.D.: Bai, hori ezin da uka. Baina aldi berean, esan beharra dago begiraleak erreferentzia bihurtzen zaizkiela gazteei maiz. Ikasten ari diren garaian akaso ez dute baloratuko zer daukaten esku artean, baina urteen poderioz batzuk itzuli egiten dira orientazio bila, irakasle ohiarengan konfiantza gorde dutenaren seinale izan ohi da hori.  

Ikasle denak mutilak al dituzue?
E.B.: Izan dugu neskaren bat edo beste, baina orain denak mutilak dira. Lantzeke daukagun arlo bat da hori, zalantzarik gabe, ikastetxeekin, orientatzaileekin, lantegiekin… Balore batzuk nola aldatu litezkeen aztertu eta emakumea ere gurera ekartzea erronka handia da. Goierri aldean, esate baterako, gero eta emakume gehiago animatzen ari da soldadura egitera. Gipuzkoako inguru honetan, ordea, atzerago gabiltza.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!