Bilkuraren azken gaia, urteetan zehar lantzen aritu diren Hirigintza Antolamendurako Planari hasierako onarpena ematea izan zen. “Gaur egun garrantzi bera hartzen dute ikastetxeentzako guneak gordetzea, kirol guneak, babes zerrendak, mugikortasun horizontalak zein bertikalak”, Mikel Izagirre alkateak plana eztabaidatu aurretik aztergaia kokatzeko ahalegina egin zuen. Okupazio kontzeptua aldatu egiten dela adierazi zuen, “okupazio handiak bultzatzen dira lurzoruaren gehiegizko kontsumoa saihesteko, eta herritarrak gozamenerako espazio berdeak izan ditzan. Duela 20 urte kontzeptu hauek pentsaezinak ziren”.
Eskola kanpusaren kontzeptua ere sartu dute plan berrian, eskola jarduerari ematen dioten garrantziagatik eta hezkuntza publikoaren jarduera baldintza onenetan bilduko duen espazioa sor dadin.
Herritarren mugikortasunari ere bere garrantzia eman nahi izan diote.
Aisialdirako espazio eta aparkaleku berriak proposatzen dira plan orokorrean eta oinezkoentzako zonaldeen erreserba ere egin da. Landa inguruneari dagokionez, hirigintza mailako erasoetatik babesten saiatuko dira. Horrez gain, baserri eremuekiko zerbitzuak eta komunikazioak hobetuko dituzte.
GEHIENGOAREN BORONDATEA
Alkateak adierazi zuen eran, plana osatu ahal izateko “zailtasun eta eztabaida ugari izan dira, baina Udal ordezkarion gehiengoaren borondatearekin gainditu dira. Gaur herritarren aurrean aurkezten duguna ideiak dira, herritarren beharrak asetzeko eta gaur egun garrantzia hartzen duten kontzeptuak trukatzeko. Saio luzeen emaitza da”.
Bozketan, UDA, ezker abertzalea eta EAJ planaren aldeko agertu ziren. Herrigintzako ordezkaria abstenitu egin zen eta PSE-EEek aurkako bozka eman zuen. “Hemezortzi alegazio aurkeztu genituen eta horietatik gutxi batzuk izan dira onartuak, ez gaituzue kontuan hartzen” adierazi zuen PSEko ordezkariak. Plan honek interesak dituela gehitu zuen sozialistak.
EAJko Maribel Vaqueroren arabera, “plan honek herritarren beharrak asetzeko interesa besterik ez du eta hiru alegazio aldi izan ditu; partaidetzaren ondorio da, beraz”.
Ezker abertzalearen aburuz, plan honek herritarren interesak ditu, “PSEk ez luke plan honen ibilbidea lotsagarri utzi behar. Prozesu hau, asko eztabaidatu, landu eta onartutakoa izan da”.
Hirigintza plana Urnietako herriarentzat erreala dela gaineratu zuen ezker abertzaleko Iñaki Mendizabalek, “orainari begiratzeaz gain, gerora begira egiten saiatu gara, denborarekin jokatuz”.
Telefono eta posta bidezko inkesta
Urriaren 6an hasiko da HAPO Hiri-Antolamendurako Plan Orokorraren inguruko herritarren parte hartze ekimena. Bost batzar ireki Lekaion, eta Gizaker etxeak telefono eta posta bidezko inkesta egingo die urnietarrei, euren iritzia jasotzeko.
Urriaren 6an abiatuko da Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako herritarren parte-hartze ekimena. Bost batzar ireki egingo dira Lekaio kultur etxean urriaren 6, 13, 19 eta 26an, eta azaroaren 2an. Guztiak irekiak izango dira.
Lehen bilera horretan, Mikel Izagirre alkateak parte-hartze ekimenaren xehetasunak emango ditu, Propspektiker etxeko teknikariak lagun dituela. Asmoa honakoa da: bileretara bertaratuko direnak taldeka bildu eta herrian gauzatu nahi diren asmo ezberdinen gainean ideia eta proposamen ezberdinak jasotzea, batez ere HAPO eta Idiazabal kalearen inguruko kontuetan.
PARTE HARTZEKO DEIA
Batzarrak alde batetik, eta inkesta bestetik, Gizaker etxearen ardurapean burutuko dira. Herritarrei Udal kontuei buruzko galderak egingo zaizkie. Inkestako arduradunek herritarrei parte hartzeko gonbitea luzatu diete. Emaitzak azaroa aldera jakitea espero da.
Informazio gehiago:
Iker Apaolaza, 943 00 80 33.
iapaolaza@urnieta.org.
Iñaki Mendizabal, 943 00 80 00.