XIII. Igartza saria, Garazi Kamiorentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 30a, 10:54

XIII. Igartza saria eskuratu berri du Garazi Kamio Anduaga andoaindarrak. Orain, urtebete inguruko epea du liburua idatzi eta plazaratzeko. Sariaz, literaturaz nahiz ‘Sautrela’ saioko langintza berriaz hitz egin du.

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Bilbon. Irratian nahiz Berria egunkarian lanean aritutakoa da eta Irakasle Eskolan bigarren ikasturtea ikasten ari da egun. Duela hilabete, Euskal Telebistako Sautrela saioko lantaldean hasi zen erredaktore lanetan.

Nolatan animatu zinen Igartza sariketan parte hartzera?
Garazi Kamio: Betidanik ezagutu izan dut Igartza saria. Batetik, Euskal Idazleen Elkarteko webgunean lehiaketa guztien berri ematen delako eta, bestalde, liburuak erostera joaterakoan ere, Igartza saria jaso duten liburu guztiek faldoi modukoa ekartzen dutelako. Andoaingo lagunek animatu egiten ninduten sariketa horretan parte hartzera, baina –lotsagatik agian– ez nintzen sekula aurkeztera ausartu. Egia esan, krisia zorionekoa izan zen niretzat, lanik gabe geratu eta Irakasle Eskolan ikasten hasi nintzelako. Unibertsitatean pare bat irakasle ezagutu nuen eta haietako batek sariketan parte hartzeko esan zidan, eskolarako egindako lan bat irakurri eta gero.

Saria jasotzeko esperantzarik ba al zenuen?
G K.: Ez. Sekulako sorpresa izan zen niretzat, erabat espero gabekoa. Granadan oporretan nengoen lagunekin eta telefonoz eman zidaten berria. Beasaingo udaletxetik deitzen zidatela entzun nuenean berehala jabetu nintzen zergatik ari ziren deika. Akzesita izango zela pentsatu nuen, inondik ere ez lehen saria.
Wikipedian Igartza saria jarri eta orain artean saria zeintzuk irabazi duten ikusita, haien mailarik ez daukadala iruditzen zait. Baina epaimahaiak proiektu hau saritu duenerako zerbait ikusiko zuenez, aurrera jarraitzeko eta lan egiteko gogoa behintzat ematen dit niri.

Zein proposamen aurkeztu zenuen sariketara?
G K.:  Igartza sarira hamabost orriko lagin bat aurkeztu behar izaten da, eta egitasmoaren azalpena. Nire kasuan bi ipuin aurkeztu nituen eta beste hainbaten laburpena. Horrekin irabazi nuen sariketa.
Gerizpeko panpinak behin-behineko izenburua jarri diot lanari, nahiz eta agian izen horixe bera izango duen emaitzak ere. Lana aurkeztu bezperan ez neukan batera argi zein izenburu jarri, baina aldatzeko aukera banuenez horrelaxe aurkeztea erabaki nuen.

Zertaz hitz egingo du liburuak?
G K.: Proiektuan bertan azaltzen nuen izenburu horren arrazoia: Bizitza osoa antzezlan bat ikasten eta antzezten igarotzen dugula nioen. Baina une batean antzezlan hori ahaztu egiten zaigula eta jada ez dakigula zer egin, ez nora jo. Norbaiten gerizpean bizi gara beti: ama, aita, familia, auzoa, herria…, eta azken batean haien esanetara gauden panpina batzuk gara. Pertsonaia ezberdinekin, ideia horren inguruan ipuin ezberdinak osatuko ditut liburuan.

Nola antolatuko dituzu liburuko ipuinak?
G K.:  Istorio autonomoak izango dira, bakoitza bere hasiera eta bukaerarekin. Bere bidea izango du ipuin bakoitzak baina, lotura zuzenik gabe izanagatik, ez dut baztertzen ipuin batetik bestera keinuren bat egitea.

Besteak beste ironia azpimarratu du epaimahaiak proiektua saritzerakoan…
G K.:  Bi ipuin aurkeztu nituen sariketara eta horietako bat oso ironikoa zen. Ironia sartu dut ipuinetan, nahiz eta besteenganako lotura horri kritika egiten diodan. Ez dut ezer fatalistarik egin nahi; ironia erabiliz giroa leundu egin nahiko nuke.

Hauxe izango da kaleratuko duzun lehenengo liburua…
G K.: Bai. 2012ko udaberriko azokarako liburua kalean izatea aurreikusten da. Aurrez argitaratu dudan lan bakarra, Andoaingo Larramendi ikastolak 40 urte bete zituenean haren historiari buruz eginiko liburuxka izan da. Gainerakoan, lan potolo-potolorik ez.

Ate asko zabal ditzakeen saria da Igartzakoa. Jarraitu nahiko zenukeen bidearen hasiera al da hau?

G K.: Bizitza guztian zehar nahi izan dut zerbait idatzi eta argitaratu eta, dudarik gabe, Igartza saria beti da bultzada handia, ospe handiko saria baita. Une honetan literaturatik bizitzea zaila da eta beste lan bat egitearekin batera, loari ordu asko kendu behar zaizkio idazteko. Baina behin hasita, bide horretan jarraitzeko asmoa dut.

Noiztik datorkizu idazteko zaletasuna?
G K.: Txikitan kazetari izatera jolasten ginen. Ikastolako idazlanez gain, etxean neukan koadernoan ere idazten nuen. Duela gutxi Bilbon ikasten nueneko eguneroko bat aurkitu nuen… Beti edukitzen dut badaezpada ere poltsan koadernoa eta boligrafoa. Betidanik idazten dut baina, Amasa-Villabonako Amodiozko gutunen lehiaketara izan ezik, ez dut sekula lanik sariketara aurkeztu.

Zein helburu duzu idazterakoan?
G K.: Kalean zehar zoazenean egoera nahiz jende ezberdina ikusten duzu. Orain gutxi, errepidearen ondoan gizon bat, bere ama izango zen emakume heldu batekin ikusi nuen. Emakumea gurpildun aulkian eserita zegoen, aulkia alde batera begira jarrita eta semea beste aldera. Egoera tristea iruditu zitzaidan. Antzeko egoerak buruan gorde eta paperera ekartzen ditut gero. Beste batek kirola egiten duen bezala, idatzi egiten dut nik. Barrua askatzeko ere balioko du.

Sautrela saioan lanean hasi berria zara. Zein da zure eginbeharra?
G K.: Duela hilabete hasi naiz Sautrelako hamaikagarren edizioan lanean. Lander Garro eta biok ari gara erredaktore lanetan. Literatura gustatuz gero, oso lan polita da. Oso saio lasaia da, gainera. Erritmo aldetik askatasun handia uzten digute erreportajeko gaiak aukeratzerakoan. Dagoeneko hiruzpalau programa grabatu dugu eta oso gustura nago. Niretzat izugarrizko plazera da liburu bat irakurri eta horren inguruko galderak osatzea nire lanaren zati izatea.

Lanpostu berriak bultzatuta, gehiago irakurtzea dagokizu orain. Zein liburu mota duzu gogoko?
G K.: Asko gustatzen zait historiari buruzko saiakerak irakurtzea. Normalean bi liburu tartekatzen ditut, orain Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori irakurtzen ari naiz, liburu zaharragoekin batera.

Hori guztia nola uztartzen duzu Irakasle Eskolako ikasketekin?
G K.: Iaz hasi nintzen Atzerriko Hezkuntza ikasten eta ikusiko dugu noiz bukatzen dugun. Asko gustatzen zait irakaskuntza eta etorkizuna dela esaten dute. Gurasoak,  –jubilatu badira ere–, irakasleak eduki ditut eta betidanik bizitu dut zer den irakaskuntza etxean. Langabezian nengoelako erabaki nuen ikasten hastea, Boloniaren aurreko azken ikasturtea zelako… Oso gustura ari naiz eta nire asmoa ikasketak bukatzea da. Gero etorkizunak esango du zer egingo dudan.

Idaztea, irakurtzea edota ikasteaz gain bestelako zaletasunik?
G K.: Literaturaz gain, ordenagailuak asko gustatzen zaizkit; nahiko friki-a naiz. Irratizale amorratua naiz: goizero irratiarekin esnatzen naiz eta irratia piztuta daukadala hartzen nau loak. Egia esan, kazetari mundua oso gogoko dut: egunkariak nahiz interneten berriak irakurtzea. Telebista gutxi ikusten dut, baina kirola ikustea gustatzen zait: txirrindularitza bereziki eta baita futbola ere.

Aiurri aldizkarian urteak daramatzazu zurea duzun ukitu bereziarekin zutabeak idazten. Horrenbeste eginbeharren artean, noizean behin jarraituko al duzu irakurleei lerro batzuk eskaintzen?
G K.: Bai, noski. Aiurriko zutabeak ariketa dira niretzat; gai zabal samarrak aukeratu eta eskualdean gertatu den zerbaitekin lotzen saiatzen naiz, kazetaritza literarioagoa egiten. Nire ustez ariketa polita da hori eta asko gustatzen zait zutabe hori idaztea.

Igartza saria
Hamahiru urte ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hamahiru proiektu aurkeztu dira, eta Garazi Kamioren Gerizpeko panpinak behin-behineko izena duen ipuin-bildumaren egitasmoa irabazletzat jotzea adostu dute Igor Estankona, Xabier Etxeberria eta Karmele Jaio epaimahaikideek. Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza. Aurreko urtean Uxue Apaolaza izan zen garailea, Eider Rodriguez duela bi urte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!