Agur Anjeles, mila esker

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 30a, 10:44

Irailaren 18an zendu zen Anjeles Uzkudun Tapia asteasuarra, 90 urte zituela. Hutsune nabarmena utzi du herritarren artean. Aurpegira begiratu hutsarekin agerikoa zuen emakume maitagarria zela: goxoa, zintzoa, eskuzabala, borondate onekoa, langilea, gertukoa, alaia… Ahoan izaten zuen gehienetan irribarrea.

1919 urtean jaio zen Asteasuko Apreterone etxean, Juliana Tapia zuen ama, Alejandro Uzkudun aita. Hamar anai-arreba izan ziren guztira. Apreterone etxeko jarduera nagusia apretak edo alpargatak egitea zen eta bertako dendan, apretak bezala herritarrei elikagaiak saltzea. Euren etxean zuten Asteasuko lehen telefonoa eta abisuak emanez etxez etxe ibiltzea egokitu zitzaien anai-arrebei sarritan. Baita 36ko Gerrak iraun zuen bitartean ere, hildakoen nahiz erituen berri senideei emanez.
Apretak egiten etxean egin zuen lan lehenik Anjelesek, gerora ileapaindegitza ikasi eta Asteasun ileapaintzaile lanetan aritu zen erretiratu zen arte.
Umetatik giro euskaltzale eta abertzalea ezagutu zuen etxean eta giro horretan ikasi zuen herria eta herriaren izana ezagutzen eta maitatzen. Euskara nahiz euskal kulturaren alde urrats sendoak eman zituen Asteasun eta bere izaeragatik ez ezik, egindako ahaleginagatik estimatua baino maitatua izan zen herritarren artean.

Enara dantza taldea
Gaixotasunak eraginda lanetik erretiratu zenean sortu zuen Enara dantza taldea Asteasun, diktadura amaierako urte gordinetan. “Asko gustatzen zitzaidan dantza eta neska-mutilei erakusten hastea pentsatu nuen. Jotak kenduta ez nekien dantza askorik; gazteei erakustean ikasi nituen neronek ere. Igartzaneko garajean hasi nintzen orain 40 urte baino gehiago. Dantzari koadrila polita biltzen zen, 15-20 laguneko taldea”, adierazi zuen Aiurri aldizkariak apirilean eginiko elkarrizketan. Pozik gogoratu zuen gazte horiek izan zirela duela bi urte Asteasuko San Pedro eguneko Elizmendiko Dantza-Soka berreskuratu zutenak. Oso eskertuta zegoen herriko ohitura biziberritzeagatik. Dantzan ez ezik, kantuan ere erakutsi zien gazte haiei; San Juan eguneko martxa bezala, baita Santa eskeko bertsoak ere.

Aiurriko kolaboratzaile
1990eko hamarkadan, bere ekimenez animatu zen Anjeles Uzkudun Aiurri aldizkarian kolaboratzaile lanetan hastera. Idaztea bezala irakurtzea gustatzen zitzaionak Asteasuko usadio, gertakari eta hainbat istorioren berri eman zuen hainbat urtetan. “Aiurrik istorioak biltzen zituela ikusi nuenean, eskribitzerik ba ote nuen galdetu eta neroni hasi nintzen. Asteasun naparrak sartu zirenetik gerra amaitu arteko kontuak idatzi nituen. Garaiko istorioak jakin egiten dira, baina kontatzen ez badira galdu”, azaldu zion Aiurri aldizkariari berriki. Eta bai egia handia! Bere saiakerari esker, dudarik gabe, galtze bidean zeuden antzinako ohitura askoren berri jaso zen. Hara 1997ko irailaren 9ko Aiurri aldizkarirako (64. zbkia., 7. orria), Ernioko ohituren inguruan idatzi zuen zutabea:
ERNIOKO ERROMERIA
Igande bezperan hamarretako trenean Errenderiatik eta urrutiagotik etortzen ziren. Gazteen bila joaten ziren Asteasutik autobusak Billabonara. Asteasun afaldu eta gauean igotzen ziren Erniora gazteak. Bazkaltzera herrira jaisten ziren, Albinonean (oraingo Iturriondon) bazkaltzen zuten. Nahikoa lan egin dugu guk Albinonerako oilaskoak lumatzen! Kale Nagusian barrena etortzen ziren Erniotik gazteak, soinua jotzen, eta oso giro polita jartzen zuten. Ernio inguruko herri bakoitzak igande jakin bat hartzen zuen Erniora soinu eta guzti igo eta festa antolatzeko. Zelatunen egiten zen erromeria, eta salda Zelatunen bertan eta Ernioko gurutzearen bidean dagoen bordan eskaintzen zuten artzainen andreek. Errezilgo emakumeak aspaldiko errezoak errezatzen aritzen ziren kalbarioetan, eta koadrila bat osatuz gero, gurutzera iritsi arte dauden gurutzeetan errezatzen zuten emakumeek gazteekin batera. Gora iristean koadrilako gazteek borondatea ematen zieten emakume horiei. Lehen kolore guztietako zintak saltzen zituzten, baita medailak ere. Guk, umetan, Erniotik Asteasura jaisten zirenei horrelaxe esaten genien: ‘Zinta bat faborez! Zinta bat faborez!’. Zinta ematen ziguten baina medaila ez, eta noski, guk hori nahi izaten genuen. Lehen, erromeria egiten zen arren, erlijioagatik igotzen zen jendea Erniora kalbarioak egitera. Orain festa da nagusi.


36ko Gerraren inguruan
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 2005. urtean 1936ko Gerraren inguruko Herio 1936 argitalpena osatzerakoan nahitaezkoa izan zen Anjelesen zuzeneko parte hartzea. Tropa nazionalak Asteasun sartu zirenean 16 urte zituen Anjelesek eta lehen pertsonan eta bere begiekin ikusi zuen 36ko Gerrak bere etxean bezala Asteasun nahiz asteasuarrengan eragindako mina. Gerora, sekula ahaztuko ez zitzaiona. “Guretzat egun gogorrenetakoa izan zen naparrak sartu zirenekoa. Sartu ziren abuztuaren Ama Birjiña egunean, hilaren 15ean. Ez ziren soldaduak, gerrilleruen modukoak ziren. Guretzat haiek ziren naparrak, hainbeste aldiz esaten ziguten: Hemen direla naparrak! Gure dendara sartu eta harrapatzen zituzten oinetako guztiak, batez ere, larruzko alpargatak. Saltzeko ekarri berriak zirenak, galtzerdiak eta abar. Gure ama gaixoa, sukaldean beste pila bati gosaria ematen. Xestoka arrautza zegoen gure etxean, baserritarrek gauzaren truke ekartzen zituztenak; haiek bukatu zituzten…”. Herio 1936, 7. orria.
Gerra anker hartaz hitz egin zuen Aiurri aldizkarian ere, “Makina oker pasatzen da, baina gerra da txarrena. Asteasu herria hain txikia izateko oso gogor astindu zuen gerrak. Sei herritar fusilatu zituzten bertan batere kulparik gabe, baita hainbat kanpotar ere. Gertaera haietan herriko jendea izan zen okerrena, bengantza eta inbidia handia baitzegoen”.

Aiurriko Ohorezko aipamena
Joan zen otsailean, kultura nahiz euskara sustatzen eginiko lanagatik Aiurriko Ohorezko aipamena jaso zuen Anjelesek. Alejo anaia hil berria zuen eta sari-emate ekitaldira etortzerik izan ez bazuen ere, ohikoa zuen umiltasunez eta oso esker onez jaso zuen aipamena. Aiurriko lan taldeak begirune handia zion Anjelesi. Horren adibide garbia da Anjelesekin bildu ondorenean, egoitzan bere izena ateratzen zenean, behin baino gehiagotan entzuten zela “zahartzen naizenean Anjeles bezalakoa izan nahi dut” aipamena. Mila esker Anjeles, Aiurriko lan taldearen izenean. Oso pozgarria izan da zu ezagutzeko aukera izatea.

Ave Mariarekin, agur
Dantza bezala kantua ere gogoko zuen Anjelesek. Egun Villabonan bizi den Antselmo Vitoria asteasuarrak oso abeslari ona zela gogoratu du eta gaztetan herriko abesbatzan abesten zuela. “Asteasuko Ave Maria entzutea ikaragarri gustatzen zitzaion. Lehen sarritan abesten genuen elizan Andres anaiak eta biok, Enrike Segurola organoan genuela. Anjelesek bere pozik handienetako bat Ave Maria Asteasuko elizan entzutea zela esaten zuen eta bere hileta elizkizunean bihotz-bihotzetik eskaini genion agur modura. Elizkizunaren amaieran, Agur Jaunak abestu genuen elizara gerturatutako guztiekin batera. Hori eta gehiago merezi zuen Anjelesek. Lan asko egin zuen herrian, beti ideia finkoekin aurrera. Emakume handia izan da Anjeles Asteasun”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!