Virginia Ameztoy, ehungintzan artisau

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 30a, 10:40

Artisautzara bideratu du Virginia Ameztoy billabonatarrak bere lan ibilbidea. Ehungintza eta serigrafia batu ditu bere sorkuntzetan. Urrian fieltro ikastaro bat emango du Asteasun.

Nola bideratu zenuen zure bizitza artisautza mundura?
Virginia Ameztoy:
Txikitandik bizi izan naiz artearen munduan murgilduta. Duela hamar bat urte jakin nuen Ingalaterran bazegoela oihalgintza eta serigrafiarekin harremana duen Arte Ederretako ikasketak egiteko aukera. Ez nuen zalantzarik izan eta bertan pasa nituen lau urte. Aurrez, Artelekun aritua nintzen Manolo Vello izeneko artista batekin serigrafia ikasten. Ingalaterrakoak, oso urte aberasgarriak izan ziren. Artisautzaren inguruko kultura oso zabalduta dago han eta irakasleak izugarri onak ziren. Teknika aldetik asko ikasi nuen eta norberaren nortasuna artearen bidez erakusteko gaitasuna ere asko garatu genuen bertan izan ginen guztiok. Ikasketez gain, zure produktuak landu eta saltzeko aukera zabala dago Ingalaterran. Azoka asko antolatzen da eta oso zabala da postua jarri eta sorkuntzak salgai jartzeko aukera. Arropa diseinatzaile asko, esaterako, horrela hasitakoak dira. Nik ere nire lantxoak jartzen nituen salgai eta oso urte aberasgarriak izan ziren, nahiz eta askotan lanak gaina hartuta ere ibili beharra izan nuen.

Nolakoak dira zure lanak?
V.A.: Oihalen gaineko serigrafiak egiten ditut, batez ere. Gustuko irudia oihalaren gainean jartzeko aukera ematen du serigrafiak. Zeta, tertziopeloa…, ehun ezberdinak erabiltzen ditut nire sorkuntzetarako. Lehendabiziko pausoan gustuko kolorez tindatzen dut oihala eta ondoren, serigrafia lantzen dut. Teknika berezia erabiltzea eskatzen du serigrafiak eta emaitza oso polita izaten da. Ohe gainekoak, soinekoak, leporako zapiak…,  gauza ezberdinak egiten ditut. Fieltroarekin ere lan asko egin izan dut: poltsak, jantziak, kapelak… Tailerrean lantzen ditut sorkuntzak, batzuetan enkargupean eta beste batzuetan nire kabuz.
Bolada batean, birziklapena ere asko landu nuen. Nire eskuetara iristen ziren artilezko jertse zaharrekin, esaterako, poltsa asko egin nituen. Oso arlo interesgarria da hori ere. Armairuan ditugun eta erabiltzen ez ditugun arropei bigarren bizi bat emateko modua. Gainera, oso lan atsegina da.

Nola ikusten duzu artisautzaren egoera?
V.A.: Izugarrizko aldea dago Ingalaterrako eta Euskal Herriko egoeraren artean. Han askoz ere irteera gehiago dute artisauen lanek. Oso umetatik jasotzen dute aritusautzaren inguruko kultura eta mugimendu handia sortzen da artisau gazteen artean. Nahiko erraza da produktuei irteera bilatzea. Hemengo salmenta berriz, askoz ere motelagoa da. Enkargu bidezko lantxoak, marketing-erako produktuak, zenbait dendarako egindako sorkutzak…, aurrera ateratzeko modua badago, baina ez da erraza. Orain, zenbait ikastaro emateko asmoa ere badut. Esaterako, urrian fieltroaren inguruko ikastaroa ematen hasiko naiz Asteasun eta oso pozik hartu dut aukera hori.

Nolako ikastaroa da Asteasun eskainiko duzuna?
V.A.: Fieltroa egiten ikasteko argibideak emango ditut. Oso gauza politak egin daitezke fieltroa erabiliz; poltsak, pitxiak, kapelak… Beste oihal batzuekin ere nahas daiteke eta horrek joko handia ematen du. Eskulan polita da artilea lantzea eta ikasteko erraza da, gainera. Hiru osagai nagusi ditu fieltroak; artilea, glizerinazko xaboia eta ur beroa.
Astean bi orduz bilduko gara Lizardi etxean, maiatza bitarte. Ikastaroa aurreratuta dagoenean, artilea tindatzen ere erakutsiko dut. Modu horretan prozesua bere osotasunean ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, norberak bere gustuko diseinua egiteko aukera izan dezaten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!