Maria Altuna artista gaztea, gogotsu dator

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 30a, 10:35

Maria Altuna zizurkildar gaztearen hainbat margo eta zeramika lan urriaren erdira arte ikusgai daude Erreka tabernan. Sentsibilitate eta saiakera handiko lanak dira.

Txikitatik datorkio artearekiko zaletasuna Mariari eta azken hiru urte hauetan hasi da serioago margotzen nahiz zeramika lantzen. Arte Ederrak ikasi ditu Bilbo eta Granada artean eta aurrerantzean ere bide berari eusteko asmoa du, doktoretza eginez; “argi daukat aurrera egin nahi dudala. Zaila da, ordea, etorkizuna hemendik bideratzen”. Unibertsitateko urteetan zaharberritzea, zeramika, pintura, serigrafia edota eskultura jorratu ditu; “geroz eta gehiago ikasi, gehiago gustatzen zait hau dena. Margotze soilaz gain, teknika ezberdinak jakiteak lan egiteko askatasun gehiago ematen dizu”. Erakusketa bat jartzerakoan, lanei elkarren arteko lotura emateko ildo bati jarraitu behar zaiola adierazi du, eta Errekakoa aurkezteko, familiako argazki zaharretan oinarrituta eginiko margolan ugari aukeratu du, “amonak ateratako txuri beltzeko argazkietatik abiatuta osatutako seriea ekarri dut batetik. Kolorea jarri diet nik eta kontu handiz eta denbora hartuz margotu ditut. Sarrerako marrazkiak bestelakoak dira: familiako argazkietan oinarritutako irudietan, beltza azken ukituak emateko soilik erabili badut, sarrerakoetan alderantziz egin dut: Txuria eta beltza erabili dut batik bat eta kolore konkretu batzuk sartu dizkiet bukaeran. Erakusketako lehen margoa, esaterako, sagar saltzailearena da; egutegi batetik ateratako irudia. Granadan nengoela lagun batek ekarri zidan eta ikusi bezain laster erabaki nuen marraztea. Irudia txuri beltzekoa bazen ere, nik kolore pixka bat sartu nion azkenean”. Oinarrizko lau koloreak erabiltzen ditu Mariak nahasketak egiteko, “pote gutxirekin kolore asko egin zitezkeela erakutsi zidatenetik, neronek sortzen ditut nahi ditudan tonu guztiak”.

Materialekin esperimentatzen
Materialekin esperimentatzea gustatzen zaio Mariari eta Bilbon baino gehiago Granadako unibertsitatean landu du aukera hori, “Granadan materialen prozesuak lantzen ikasteko oso ikasgai polita izan genuen. Pigmentuak hartu, olio, disolbatzaile edota bestelako produktuekin nahastu ondoren, guk sortzen genituen gure materialak. Oso ikasgai aberasgarria izan zen, asko ikasi nuen. Besteak beste, petardoak paperaren gainean jarrita edo xaboiari tinda pixka bat nahastuz ponpak egin eta marrazkiak egiten ere aritu nintzen. Bilbon ez nuen halakorik ikusi”. Hainbat proba eta berrikuntza egiten saiatzen da; olioak, akrilikoak, tinda, akuarelak, arkatza, betadinea edota lixiba erabiliz. “Denetik probatzea gustatzen zait, inguruan daukagun material guztiek balio baitute. Badut janariarekin koadroak egiten dituen lagun bat. Noski, erakusketaren bukaeran zakarretara bota behar izaten du eginiko lana. Izan ere, koadro bakoitzak bere bizitza du: batzuek gehiago eta besteek gutxiago”. Mariak gustuko ez ezik, bizi egiten du bere lana, “aurrera noala ikusten dut eta ikasten hasi nintzenetik orain dauzkadan interesetara tarte handia dagoela konturatzen naiz”.

Loatzoko buztina
Margoa bezainbeste edo gehiago lantzen du Mariak zeramika, “Loatzotik hartzen dut buztina: mendira igo, garbitu eta erabiltzeko. Poltsako buztin industrialak baino berotasun handiagoa du Loatzokoak: harritxoak ditu, kolore biziagoa du eta oso ona da, gainera! Zizurkilen ere bila ibili nintzen arren, ez nuen aurkitu”.
Lan mordoa du egina zizurkildar gazteak eta haietako asko etxean dauzka gordeta, “lan askorekin zer egin ez dakidanez, lagunei oparitzen bukatzen dut azkenean”. Errekakoa bakarka jartzen duen lehen erakusketa da, “lehenago pinturako beste erakusketa batean hartu nuen parte Granadan, ikaskideekin batera”. Herrian erakusketa jartzeak errespetu pixka bat ematen duela aitortu du, “jende asko pasatzen da hemendik eta asko herritarrak izanda, konpromisoa sentitu nuen hasieran. Baina kritika onak jaso ditut eta gustura nago”. Erakusketa gehiago jartzen jarraitzea gustatuko litzaioke eta baita haur eta gazteei tailerrak ematea ere.

Bloga martxan
barrenkartkolektiboa.blogspot.com helbidean ageri da Mariak beste lagun batekin batera abian jarritako hainbat egitasmoren berri. Artea ezohiko moduan atera izan dute kalera, herri eta hiritarrak pentsaraztera bultzatuz. Gero, jasotako emaitzak blogean zintzilikatu ohi dituzte. Une honetan Hautsak harrotuz egitasmoa darabilte esku artean. Edonork kalean tizak aurkituta, ideia nahiz egonezinak pareta edota kaleko txokoetan nola zabalduko liratekeen aztertu nahi dute. Nola beteko liratekeen espazio publikoak kolorez. Egitasmoa gauzatu ondoren helbide horretan jarriko dituzte jasotako emaitzak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!