Unai Azkarate, Kultur teknikari berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 30a, 10:32

Duela hiru aste hasi zen Unai Azkarate gazte bergararra Zizurkilgo teknikari gisa lanean. Pozik ageri da erronka berriaren aurrean.

Nolatan iritsi zara Zizurkilgo Kultur teknikari lanera?
Unai Azkarate: Izatez bergararra banaiz ere, Orion bizi naiz duela hiru urtetik. Orioko teknikari posturako oposaketak egin nituen eta hirugarren postuan geratu nintzen. Ainhoa Larrea teknikariaren ordezkapena egiteko norbait behar zutenez, Orioko oposaketa hartan sortutako zerrenda eskatu zuten, beste hainbat Udaletakoekin batera. Alberto Irazu hartu zuten aurrena ordezkapena egiteko, baina beste lan eskaintza bat izan, eta niri deitu zidaten. Hemen arituko naiz Ainhoa itzuli arte eta oso aukera polita da niretzat.

Zizurkilgo Kultur teknikari izateak ardura handiak dakartza…
U. A.: Bost arlotako teknikaria naiz: Kultura, euskara, gazteria, kirola eta hezkuntza. Horrek lan karga handia ekartzen du, baina modu honetako lanpostu baten gogoz nengoen. Lehen ere kudeaketa lanetan ibilitakoa naiz eta asko gustatzen zait. 2007an, Kilometroak Bergaran egin zen urtean, koordinatzaile orokor izendatu ninduten Igor Elorzarekin batera. Lantalde ezberdinak koordinatu, ekintzak antolatu…, garai hartan ikasi nuen kudeaketa lanak egiten. Erronka handia izan zen hura eta Zizurkilgo lanpostu hau ere erronka polita da.
Goizero, tarte bat hartzen dut urtean zehar egiten diren ekintzei errepasoa egiteko: auto slaloma, urriko azoka, blues gaua, maiatza saltsan, antzerki eta kirol asteak, emakumeen nazioarteko eguna… Ekintza mordoa antolatzen da Zizurkilen eta nondik nora ibili behar dudan jakiteko, oso ondo etortzen zait aurreko urteetan egindakoak begiratzea. Gauzak itsu-itsuan antolatzen hasi gabe, oso garrantzitsua da aurrez egindakoa ezagutzea.  

Nolako harrera egin dizute zizurkildarrek?
U. A.: Oso gustura nabil, oso jende onarekin egin dut topo. Oraindik hasi berria naiz eta lanpostuaren nondik norakoak ikasten ari naiz, baina oso gustura egongo naizela iruditzen zait. Momentu honetan ikastaroak martxan jartzen, eskolaz kanpoko ekintzen koordinazioan eta urriko azokan nabil buru-belarri. Lehendabiziko astean Alberto Irazuren laguntza izan nuen eta orain, udaletxeko langileen babes eta laguntzarekin ari naiz lanean. Gainerantzean, egunean eguneko beharrei erantzuten saiatzen naiz. Herria, herritarrak eta bailara ezagutzen ari naiz egun hauetan.

Arte Ederrak ikasitakoa zara…
U. A.: Bai, sei urtez bizitu nintzen Bilbon, Arte Ederrak ikasten. Arte munduan gauzatxoak egindakoa naiz eta gaur egun ere, jarraitzen dut zenbait margolan txiki egiten. Artearen arlo ezberdinak jorratu izan ditut, espezialitate bakar batera mugatu gabe. Diseinu grafikoan hasi nintzen, ikus-entzunezkoak ere jorratu nituen, erakusketak antolatzen eta montatzen ere aritu izan naiz… Duela bi urte hasita, irakaskuntza munduan ere murgildu naiz marrazketa, marrazketa teknikoa, plastika eta artisautzako klaseak ematen.

Musika munduan murgilduta ere bazabiltza….
U. A.: Artearekin lotuta dago nire zaletasunik handiena: musika. 2004an Mahaster River taldea sortu genuen, Bilbon, Bergarako lagun talde batek. Formatu txikiko kontzertu akustikoak ematen ibili ginen eta hortik sortu zen Azkaiter Pelox proiektua. Formatu akustikoa jorratzen dugu baita ere, baina abesti guztiak originalak dira, guk sortutakoak. Dagoeneko bi diska kaleratu ditugu, biak ere Andoaingo Garate estudioetan grabatutakoak. Musikak artearekin harreman estua duela iruditzen zait, norberaren izaeraren eta sentimenduen adierazpenarekin zerikusi handia duelako. Bestalde, musikak eta ikuskizun munduak jende asko ezagutzeko aukera eman dit eta hori oso positiboa da beti.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!