Zubeldia arrandegia, Zizurkilen zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 30a, 10:29

Hogeita hiru urte daramate Lourdes eta Luis Mari Zubeldia anai-arrebek jatetxe eta tabernetara arraina banatzen. Maiatzean, arrandegia zabaldu zuten Zizurkilgo Erniobidea kalean.

Aurrez pentsatu gabe murgildu ziren Zubeldia anai-arrebak lantegi honetan. Lourdes-ek eman zuen lehen pausoa: “Tolosan bizi nintzen ni garai hartan. Nire amaginarrebak lana bilatu zion bere koinata bati, arrandegi batean, baina azken momentuan, lan hura ez hartzea erabaki zuen. Ume txikia nuen nik eta amaginarrebari esan nion, umea berak zaintzen bazidan neronek hartuko nuela arrandegiko lan hura. Horrela, ezertxo ere jakin gabe hasi nintzen lanean arrandegian”.
Bi urtez lanbidea ikasi eta Tolosan bertan bere arrandegia jartzea erabaki zuen Lourdesek. “Luis Mari anaia erremonteko jokalari profesionala zen eta erretirorako garaia hurbiltzen ari zitzaiola ikusita, bion artean jarri genuen Tolosako arrandegia. Ordurako jatetxe eta tabernetara banaketa egiten hasiak ginen eta arrandegi hura txiki geratu zitzaigun banaketarako arraina prestatu eta salmenta egiteko. Tolosako arrandegia itxi eta Zizurkilen, Asteasuko bidean dagoen Erniobidea kaleko pabilioian jarri genuen arraina eta mariskoa prestatzeko gunea”.

Eskaerari erantzunez
Jendearen eskaerari erantzuteko erabaki zuten arrandegia irekitzea: “Santakrutz jaien inguruan zabaldu genuen jendaurrera. Pabilioiaren kanpoaldean dagoen kartela ikusita, jende asko geratzen zen arraina saltzen ote genuen galdetzera. Azkenik, pabilioian gune berezia sortu eta arrandegi moduan jarri dugu. Jendeak oso harrera ona egin digu. Kotxea aparkatzeko arazorik gabe, bertan geratu eta arraina erosteko aukera ematen die eta hori asko eskertzen dute. Inguruko jendea etortzen da batez ere, Asteasu, Zizurkil eta Villabonakoak”.
Arrainaz gain, mariskoa ere saltzen dute zubeldiatarrek: “Almejak edota muskuiluak beti izaten ditugu eta norbaitek zerbait bereziagoa nahiko balu, enkargupean ekartzen dugu. Kapritxoagatik, elkarteren batean marisko edo bixigu jatea egin nahi duen jende dezente hurbiltzen da, geroz eta gehiago”.
Zizurkilgo lehen arrandegia da Zubeldia anai-arrebek jarri dutena. “Ez Zizurkilen, ezta Asteasun ere, ez dugu arrandegirik ezagutu. Jendeak eskertu egiten du aukera berri hau izatea”.

Hegaluzea, txitxarroa, legatza…
Momentu honetan, hegaluzearen kanpaina amaitzen ari dira eta laster, txitxarroarekin hasiko dira. “Antxoaren kanpaina amaituta, hegaluzearekin aritu gara orain arte eta laster, txitxarroa izango dugu. Urte osoan zehar oso ondo saltzen den arraina, berriz, legatza izaten da”, azaldu du Lourdesek.
Dendaz gain, jatetxe eta tabernetarako banaketari ere eusten diote. “Anaia goizeko 04:30etan joaten da Pasaiara. Arraina ekarri eta hemen izaten gara koinata, Maria Pilar Larrarte eta biok, arraina prestatzeko. Donostia, Asteasu, Zizurkil, Villabona, Andoain…, inguruko jatetxe eta taberna askotara banatzen dugu, baina Iruñeara ere joaten gara. Lehen anaia eta biok aritzen ginen, baina orain, esku gehiago behar ditugu banaketari eta arrandegiari eusteko”, azaldu du Lourdesek.
Lan neketsua da arrandegikoa, baina gogotsu ageri da Lourdes: “Asteko egun guztietan egiten dugu lan, baita igandeetan ere. Astelehena izaten da lasaixeagoa, baina gainerantzean, ez dugu atseden handiegirik hartzen. Neguan hotz handia pasatzen dugu eta goizean oso goiz mugitu beharra izaten dugu. Hala ere, pozik gaude izandako erantzunarekin eta aurrera begira, jarraitzeko asmoa dugu”. Goizeko 08:30etatik 13:00etara edukitzen dute zabalik Zubeldia arrandegia. Erniobidea kaleko 28an dute arrain eta marisko freskoen eskaintza zabala. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!