Adunako eskola, berritua

Ikasturtearekin batera estreinatu dute Adunako eskolako eraikin berria. Azken urteotako toki faltari irtenbidea eman diote horrenbestez.

Pozik hasi dute ikasturtea Adunako ikasle eta irakasleek. Izan ere, eskolako eraikin berria estreinatzeko aukera izan dute. Gela eta komun berriak, igogailua, eskolarako bigarren sarrera…, aurpegi berriarekin ageri da Adunako eskola.
Mirari Garmendia da eskolako zuzendaria eta hark eman ditu berrikuntzen inguruko azalpenak: “Beheko solairuan haur txikienentzako gela handi bat sortu da. Hasiera batean, bi gela egitea aurreikusia zegon, baina txikienek toki asko behar izaten dute eta gela bakarra egitea erabaki zuten. Hala ere, etorkizunean beharra sortuko balitz, bi gelatan banatu ahal izateko prest geratu da. Bigarren solairuan berriz, Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailakoen gela berria eta irakasle gela sortu dira. Horrez gain, barne aldaketa gehiago ere egin ditugu. Aurrerantzean, Haur Hezkuntzako ikasle guztiak beheko solairuan izango dira eta Lehen Hezkuntzakoak, bigarrenean”.

Eraikitze lanak, aurreko ikasturtean
Iazko ikasturtean zehar egin zituzten eraikin berria egiteko lanak: “Lanek ez zuten oztopo handirik sortu gure eguneroko martxarako. 2009ko udan egin zituzten lanik handienak eta ondoren, arratsaldeko 16:00etatik aurrera aritzen ziren soinurik handiena ateratzen zuten zereginetan. Momentu jakin batzuetan bakarrik sumatu dugu aldamenean lanean ari zirela”.
Ekainerako amaituta zeuden eraikin berriko lan guztiak eta ikasturte amaieran, bi eraikinak elkartu zituzten. “Horren ondoren, irakasleen eta gurasoen lana iritsi zen. Zenbait ikasgelaz gain, liburutegia eta informatika gela ere tokiz aldatu ditugu eta horrek lan karga handia ekarri zuen. Gurasoei laguntza eskatu genien eta askok lagundu ziguten. Apalak mugitu, liburuak eta ordenagailuak garraiatu…, lan handia egin genuen guztien artean”, azaldu du Mirarik.

Aurrerantzean, nahikoa toki
Berrogeita zazpi ikasle hartzen ditu Adunako eskolak: “Lau ikasgelatan banatuta ditugu. Orain arte, toki falta nabarmena genuen. Lau ikasgela eta erabilera balioanitzeko gela bat genuen. Bilerak egiteko txokoa bilatzea ez zen erraza, edota behar bereziren bat sortzen zenean ere, zuzendaritza gela erabili behar izaten genuen. Horrez gain psikomotrizitateko saioak egiteko, Elordi plazan udaletxeak utzitako etxabea erabiltzen genuen. Eraikin berriari esker, behar horiek guztiak asetuta geratu dira”. Igogailua, larrialdietarako irteerak, elbarrientzako komunak…, beste hainbat berrikuntza ere bada Adunako eskolan. Haurren sarrera-irteerak lehengo ate beretik egingo dira. Hala azaldu du Mirari Garmendiak: “Hasiera batean, bi ate ezberdin erabiltzeko asmoa genuen, izan ere, ate berria egin dute atzealdean, haur txikien gelaren pare-parean. Gure ustetan, egokiagoa izan zitekeen haur helduagoak eta txikienak sarrera-irteeratan ez nahastea. Gurasoek esan digutenez, ordea, irteera berriaren kanpoaldean ez dago estalperik eta hori ez da batere erosoa euria egiten duen egunetan. Horregatik, ikasle guztiek betiko atea erabiltzen jarraituko dute ziurrenik”.

Datozen egunetan egitekoak
Ikasturtea martxan jarrita, oraindik ere bazen zereginik Adunako eskolan. “Informatika gelarako mahai berriak ekarriko zizkigutela agindu ziguten eta haiek iritsi arte, ordenagailuak martxan ez jartzea erabaki genuen. Baina ikasturtea hasita dago eta altzariak atzeratu egin dira. Beraz, lehendik genituen mahaiak  erabiliko ditugu informatikako ikasgaia martxan jarri ahal izateko. Altzari berriak iristen direnean, berriro ere aldaketa egin beharko dugu”, adierazi du Mirarik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!