Jaiak iristeko gogoz al zaudete?
Maitane Txapartegi. Orain dela urte batzuk egia esan kasu handirik ez genien egiten. Udalak egitaraua prestatu eta guk ez genuen parte hartzen. Parranda egitera mugatzen ginen. Azken urteetan, ordea, egitaraua osatzeko inplikatzen ari gara.
Jai batzordean jende ezberdina ari gara lanean. Uda hasi aurretik jaien antolaketan murgilduta gaudenez, egia esan, jaiak iristeko irrikitan gaude.
Ainhoa Olano. Gu zain gaude, indar biziz. Azken urteetan ikusi dugu gainera ekintza berriak egin direla, goruntz doala jaia. Hobetuz doaz Sanmielak. Jendea geroz eta gehiago inplikatzen ari da. Azken urteetan txosna gunean gazteak bakarrik biltzen ginen baina iaz adin guztietako jendea bildu zen. Guk dagoeneko jaiaren parte izatea sentitu dugu.
M.T. Inplikatuta egonez gero, gogo gehiagorekin bizi dugu jaia. Iazko arrakasta ikusita gainera, aurtengorako gogo gehiagorekin gaude.
Iazkoa uste baino hobeto?
M.T. Iazkoa oso ondo atera zen. Jai batzordetik apustua egin zen txozna gunea Idiazabal kaletik herrigunearen gainaldera igotzeko, eta oso ondo atera zen. Jai giroaren inguruan herritarrak gune berean biltzea erabaki zenean, beldurrez geunden. Kezkatuta geunden, gazteak ez ote ziren txozna gunera gerturatuko. Eta azkenean oso ondo igaro ziren jaiak.
A.O. Jai giroa karparen inguruan kontzentratu zen. Gazte eta ez hain gazte, adin nahasketa handia zegoen. Ez genekien erantzuna zein izango zen, herri honetan horrelako probarik ez genuelako egin. Eta azkenean jendea oso eroso zegoen.
Aurten, gainera, txozna bat gehiago izango dugu. Beraz, jaia goruntz doala dirudi.
Aurten jai egun gutxiago eta asteburu bakarra. Zein iritzi duzue, onerako izango al da?
A.O. Alde onak eta txarrak izango ditu. Gazteek parrandarako asteburu bakarra izango dute baina, bestalde, abantailak baditu: jaia jarraian izatean Sanmielen erritmoa ez da apurtuko.
Bestetik, astean zehar jaiaz gozatzeko aukera indartuko da. Hori izan da gure asmoa. Beste herrietan jai eguna astean zehar izanda ere, merkatalguneak itxi egiten dira. Jendeak jai egiten du! Aurtengoa Urnietan alde horretatik proba modukoa izango da, urnietarren erantzuna zein izango den jakiteko baliagarria. Ea jendea astean zehar parte hartzera animatzen den!
Asteazkena, irailak 29, jaiaz gozatzeko aukerak nahi adina izango dira... Ondo aterako al da?
M.T. Ikustear dago. Urnietar askok kanpoan egiten du lan. Jaiak ez dira inoiz ikaragarriak izan eta, hori dela eta, jendeak San Migel egunean ez du lantokian jai hartzeko ohiturarik. Ona litzateke gu bertakoak izanik jai hartzea.
Gu horren aldekoak gara. Jaia ez genuke asteburura mugatu behar.
Jai batzordearen lanaren inguruan zer esan dezakezue?
A.O. Denok elkarrekin egin dugu lan, bakoitzak bere ekintzak burutuko ditu eta nik uste dut ekintza batzuk ez dituztela besteak itzalean utziko.
M.T. Jai batzordea bera osatzea ona iruditzen zait. Herritarrak izatea jaietan zer egin behar den aberasgarria da. Sektore ezberdinetako jendea dago batzordean, eta egitarauarekin sektore ugarira iristen da.
Gazteen parte hartzea goruntz doala iruditzen al zaizue?
A.O. Bai, pixkanaka bai. Lehen jendea lokaletan sartzen zen eta kontzertua antolatuta ere lau katu biltzen ginen. Jokoak antolatu eta antolatzaileok osatzen genituen taldeak. jende gehiago biltzen bazen begira egoteko zen.
Azken urteetan egoera aldatu egin da. Karaokean, kontzertuan..., jendearen parte hartzea nabarmen igotzen ari da.
Bazkarira geroz eta jende gehiago etortzen da. Garai batean 30 lagun biltzen ginen eta gazte festetan 180 lagun izan gara.
Are gehiago, kanpoko herrietatik nabaritzen dugu jendea badatorrela. Lehen azaldu ere ez ziren egiten eta orain badatozela sumatzen ari gara.
M.T. Hutsean hasi ginen lanean, eta urteen poderioz emaitzak lortzen ari gara. Geroz eta hobeak gainera. Horregatik pozik gaude.
Egoera desatseginak ere izan dira jaietan, ezin daiteke hori ukatu...
M.T. Beste herrietan bezala gertatuko dira horrelakoak. Jaia normalean oso lotuta dago parrandarekin. Eta parranda alkoholarekin, drogarekin... Azkenean, kontsumo eredu bat dago eta horrek kasu batzuetan "desfasea" dakar.
Jendea berotu egiten da eta denetik gertatu da. Semaforoa hautsi, zaborrontziak erre... Ertzaintza urtero etorri ohi da.
Zergatik gertatzen den? Orokorra da herri guztietan, kontua da Urnieta herri txikia dela eta gune bakarrean bildu ohi dela jende guztia. Horrelakoetan gertaera askoz nabarmenagoa geratu ohi da.
Gauarekin lotzen dira egoera zatar horiek, eta horregatik bereziki eguneko ekitaldiak sustatu nahi ditugu.
A.O. Liskarrak edota portaera zatarrak gertatzen direnean, gertaera horiek benetan ez duten garrantzia hartzen dute. Beste gauza positibo guztiak estaltzen dira horrelako portaera txarrekin.
Guri horrek benetan izorratzen gaitu, jai parte hartzaileen alde lanean ari garelako. Ondo pasatuz eta umorez bizi ditugu jaiak, eta horrelako zatarkeriak gertatzen direnean gure lana hein handi batean zapuztu egiten dute. Jarrera aldatu egin behar da, ez gaudelako ados. Saihestu behar da liskarrak eta portaera narratsak gazteekin identifikatzea.
Horren harira, berrikuntzarik izango al da txozna eremuan?
A.O. Bai, orain esandakoaren harira ekimen berritzailea martxan jarriko da Urnietan. Jokabide negatibo horien aurka gaudela adierazteko jaietan bi bisitari izango ditugu. Bi elementu berri izango dira, bi pertsonaia. Txupinazo alternatiboaren egunean bertan aditzera emango dugu egitasmo berria. Jai guztietan zehar gurekin izango dira bi pertsonai horiek eta uste dugu hurrengo urteetan ere gurekin izango direla.
Adi egoteko, beraz, urnietarrak. Bi pertsonaiak gure artean izango dira irailaren 29an, txupinazo alternatiboan.
Zein da aurten zuen erronka nagusia?
A.O. Iazkoak bezain onak izatea nahiko genuke. Denok izan genuen sentsazio on horrekin amaitzea desio dut. Lehengo urtean bezain onak izan daitezela!
Horrekin pozik nengoke. Eta liskarrak desagertzen badira, ba, primeran.
Ea astean zehar egiten diren ekitaldietan ere jendea erakartzea lortzen dugun.
M.T. Ni ere ideia beraren aldekoa naiz. Iazko sentsazioa oso ona izan zen, eta uste dut, oro har, jendearena ere bai.
A.O. Jendea animatu nahiko nuke jai egun guztietan parte hartzera. Txozna gunean bat gehiago izango da, gainera.