San Migel jaiak Urnietan, Iñaki Aranzadi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 28a, 11:01

Iñaki Aranzadi Urnietako apaizak igandeko omenaldia jaso eta ordu gutxira elkarrizketa eskaini zion Airri astekariari. Aurreko igandeko jaiaren oihartzuna itzali gabe, bigarren omenaldia jasoko du laster. Izan ere, Urnietako jaietan Udalak ere esker ona adieraziko baitio. Jaien hasierako txupinazoa botako du San Migel egunean, eguerdiko hamabietan.

Elkarrizketa:

Egun gutxian bigarren omenaldia jasoko duzu Urnietan. Jaietan Udalak ere omenaldia eskaini behar dizu...
I.A.
Aiurrin irakurri nuen, bai! Horrelakoak pixkanaka barneratzen ditut, eta egun hauetan honako esaera pasa zait burutik: "Jesukristo ni baino hobea zen, eta ni baino txalo gutxiago jasota joan zen". Estimazioa ez da norberaren abildadearen neurrira dagoen zerbait. Opari bat da, sari bat da, inongo esplikaziorik ez duena. Jesukristok ere hainbeste txalo jaso gabe alde egin zuen!

Zer esan behar duzun pentsatu al duzu?
I.A.
Inprobisaziorako joera handia daukat: "Prezio berean hobeto egin dezakeenak, etorri eta egin dezala", esan eta kitto. Nire barnean pentsatzen eta barneratzen arituko naiz unea iritsi arte. Bertsoren bat edo beste botako dut, hori bai.

Jaiak zer nolako garrantzia du?
I.A.
Jaiari garrantzia handia ematen diot. Urtero erreflexio beretsua egiten dut. Tradizioagatik edo folkloreagatik jaiak ez nau batere asetzen. Zein da orduan motibazioa? Jaietan herrikide izatearen poza ospatu nahi dugu. Eta hori motibazio handia da.
Salto eta brinko egitean, bazkarian parte hartzean..., elkarrekin bizitzearen poza eta herrikide izatearen poza ospatzen ari gara. Ikuspegi humanoa eta erlijiosoa da niretzat.

Uste baino hobeto joan al zen aurreko igandeko omenaldia?
Iñaki Aranzadi.
Niretzat gustukoena Udalaren edota gizarte mailako erakunde nahiz pertsonen parte hartzea izan da. Ez zen elizaren inguruko mundura mugatu, eta horrek harritu nau. Herrian herritar bat bezala onartua izatea handia da niretzat.
Ospakizunarekin, nire ustea eta gogoa zen -eta da- parrokia indartzea. Une oso larrian bizi gara gu, adinean gora goaz eta etorkizuna ez dakigu zein izango den. Hernanirekin eta Astigarragarekin sare bat zabaltzea garrantzitsua litzateke. Omenaldia egitea onartu banu, oraintxe azaldu dudanagatik izan zen. Nire lana puntu batetaraino iristen da, eta beste ehun-berrehun pertsona biltzen dira parrokiaren martxa eramateko: Dotrinaren inguruan guraso eta haur piloa, katekesi familiarra, abesbatza,...
Elkartasun sare hori garrantzitsua da, apaizari bakarrik omenaldia egiteak ez du zentzurik.

Zer esan nahiko zenieke omenaldian parte hartu zutenei?
I.A.
Esateko asko daukat, igandekoagatik eskerrak eman beharrean nago. Ilusioa ikusi nuen jendearen artean. Oso polita izan zen.
Harrituta nago gauza askorekin. Bitxia iruditzen zait jendeak nire bizitzaren hainbat istorio jakitea. Arabako lautadara lau gazterekin joan nintzen, aste osorako. Horiek ahaztuta nituen. Mendikoak ez, horiek gehiago gogoratzen ditut.

Emozioari eusteko indar berezia egin al zenuen?
I.A.
Emozioetarako hotz samarra naiz, mesedeak egin ditudala onartzea ere kosta egiten zait. Sinfonia ederra zegoen Egape ikastolan eta, aldiz, gauza txikiek hunkitzen naute. Parrokira etortzen den bederatzi urteko monagilloaren kemena edota erdaraz hitz erdia ez dakien amonatxoarekin hizketan aritzea, horiek hunkitzen naute.
Ez dira inon agertuko kontu horiek eta, aldiz, bizipoza ematen dizutenak dira horiek. Pertsonen benetakotasuna hor dago.

Omenaldian gure artean ez daudenak gogoan izan zenituen?
I.A.
Denak izan nituen gogoan, maiz gainera. Gazteenak, bereziki. Istripuz edota gaixorik hil zirenak. Hori niretzat lurrikara modukoa da. Ez aurrera, ez atzera geratu naiz heriotz horien aurrean. Adinekoak ere gogoan izan nituen. Uste dut etxe guztietatik pasa naizela. Orain gutxiago, asko erresidentziara eramaten dituztelako. Bai, omenaldian  urnietar asko izan nuen gogoan.
Hileta bera ere modu berezian bizi izan dut. Pertsonaren joan etorriak aztertu eta bertso bat edo beste prestatzen dut, hari hori erabiliz.
Urnieta herri bildua da, herri osoak bat egiten du horrelakoetan. Baserri bakoitzetik bat gutxienez etortzen da, ospakizun inportantea izaten da.

Parrokiari garrantzia eman nahi diozu, baina zuk pertsonalki onespen maila handia lortu duzu...
I.A.
Izan liteke. Bi apaiz zeuden lehen, eta ni bakarrik iritsi nintzen. Bakarrik bizi izan ditut gauza asko. Erabaki zailetan parte hartu dut, nire iritzia emanez. Orriak ere zabaldu ditut etxez etxe, herriko arazoen inguruan.
Orduan, lortu dudan onarpena ez da isilik egon naizelako. Kezka izan dut: modu egokian, aniztasunean bizitzea. Nire burua geroz eta gehiago ezagutzera eman, orduan eta onespen maila hobea izango dudan kontzientzia izan dut beti.
Hernanin hamabi bat urtez irakasle izan nintzen eta kontzientzia horri esker ikasleak bereganatu nituen. Alferrik zen "silencio!" eta horrelakoekin klasean sartzea. Horrela ez da gauza onik lortzen. Mendira irteera eginez gero, poltsikoan nituen ikasle guztiak. Mendia eskola izan da niretzat: zailtasunean, konpartitzean, onez onean ibiltzen...

25 urte egingo zenituela uste al zenuen?
I.A.
Ez dut geroan asko pentsatzen. Urte batzuk emango nituela bai, pentsatu nuen hori. Guretzat, dena den, aldaketa oso handia da. Ez duzue imajinatzen aldaketa zein gordina den guretzat. Urnietako aurreko apaizari hemendik ateratzea kosta egin zitzaion, utzi zuenean igandero etortzen jarraitu zuen.
Nire historian hiru parrokiaren ardura izan dut. Hasieran, Ursuaranen. Hiru urte eman nituen ehun biztanle zituen herri hartan, beharbada ondoen egon nintzen tokia. Ondoren, Hernanin, hamazazpi urte. Tartean, Kolonbian hiru egin nituen.  Eta gero hemen, Urnietan, hogeita bost. Istorio politak gertatu zaizkit denbora horretan guztian. Hogeita sei urte dira Hernanin bikotea ezkondu nuela. Urnietan bizi dira orain. Ezkondu nituen, haien seme-alabak bataiatu nituen eta, ondoren, ezkondu ere bai. Orain, bertatik, ume txikiak eskolara nola eramaten dituzten begira egoten naiz. Birraitonaren parekoa naiz!
Hernaniko baserri bateko gizonezko batek ere egun hauetan hiru bertso eder bidali dizkit, lekuko izan nintzen familia horren historia laburbiltzen duena. Magistralak dira.
Hori guztia denborak ematen du. Denborak bere bidea egiten baitu. Apaizak ahaztu ditzake horiek denak, baina besteak ez. Harentzat inportantea izan zarelako.
www.aiurri.com: Argazkiak eta bideoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!