Iñistor jaia: Juantxo Gorostidi Urnietar prestu-ri elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 24a, 19:07

IV. Iñistor jaia irailaren 29an ospatuko da, San Migel egunean. Herri bazkaria amaituta, arratsaldeko 17:30etan izendapena eta omenaldia jasoko du. Juantxo Gorostidi Urnietar prestu izendapena eskuratuko duen hirugarren urnietarra izango da. Donostian jaio bazen ere, urnietarra sentitzen dela esan du beti. Igandero Urnietara joaten da amari bisita egitera, ezkondu zenetik Usurbilen bizi baita. Herri bazkaria eta omenaldia izan aurretik, hauexek bere sentsazioak:



Urnietar prestu izendapena jasoko duzula jakitean, zein izan zen zure erreakzioa?

J.G. Sorpresa handia hartu nuen, berrogei urte direlako Usurbilera etorri nintzela bizitzera. Ibaetan jaio nintzen, baina betidanik esan dut urnietarra naizela. Txirrindulari garaian elkarrizketak egiten zizkidatenean nongoa nintzen galderari urnietarra nintzela erantzuten nuen beti. Nik bizitza Urnietan egin dut, lehen eskola hangoa izan zen. Ezkondu arte han bizi izan nintzen, hasieran Arantzibia baserria zenean eta handik Garmendin. Urnietar prestu izendatu behar nautelako sorpresa hartu nuen eta, noski, pozik nago! Nirekin akordatzea handia da. Urnietan ez naiz hainbeste kalean ibiltzen, ama bizirik dago oraindik eta igandero Urnietara bisitan joaten naiz.

Garai batean omenaldi ugari jaso zenituen...

J.G. Bizikleta gainean azken urtea egin behar nuela iragarri nuenean, 20 lasterketatik 18 laskertetatan omenaldia jaso nuen. Utzi eta gero ere, Zarautzen, Seguran..., omenaldi gehiago jaso ditut. Eta orain Urnietan jaso jasoko dudanarekin oso pozik nago. Harrituta ere banago omenaldia niri egingo didatelako, baina berriro diot, ni urnietarra naiz. Alferrik esan niri kontrakoa! Urnietan bizi diren anaiak ditut kontrario handienak. Aurreko igandeko bazkarian txantxetan esan zidaten, "Hiri omenaldia egin? Hi ez haiz hemengoa eta!".

Eta begiak itxi eta Urnietako zein irudi datorkizu burura?

J.G. Uf! Ikaragarri aldatu da herria. Baserriak eta kale gutxi zegoen. Allariku eta parean zegoena, askoz gehiago ez. Erabat aldatu da herria. Beheko aldean, mojak dauden tokian, etxebizitzarik ez zegoen; Txinparta baserria eta ezer gutxi gehiago. Hori dena orain etxez beterik dago. Ikaragarri aldatu da.

Eta Sanmielen inguruan zein oroitzapen gordetzen dituzu?

J.G. Oroitzapen onak, gazte garaikoak. Gaupasak eta horrelakoak gutxi izaten ziren orduan... Koadrila ederra biltzen ginen, gogotik gozatzen genuen. Plazakoak kalekoen aurka egiten genuen futbol partida, eta giro polita sortzen zen. Arantzibian gure aldamenean bizi ziren Larburu anaiak txirrindulariak ziren, eta haiek ikusita murgildu nintzen bi gurpilen munduan. Bestela futbolista izango nintzateke. Atezain ona nintzela zioten. Urnietan futbola, pilota, atletismoa eta txirrindularitza. Besterik ez zegoen. Bospasei txirrindulari aritu ziren orduan

 

Urnietan, neu gazteena nintzen. Omenaldiaren atarian, zer esango duzun argi al daukazu?

J.G. "Eskerrik asko!", hori da esatea dagokidana.

 

Nola nahiko zenuke igaro eguna?

J.G. Ondo, giro ederrean eta bakean. Ondo atera dadila dena. Semearekin joango naiz, eta Urnietan bizi diren anaiak ere agertuko dira. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!