Iñigo Idiakez, Euskaldunako entrenatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 24a, 12:06

Euskaldunako entrenatzaile berria da Iñigo Idiakez, Realeko jokalaria izandakoa. Realaz gain, Rayo Vallecano, Oviedo, Derby County eta South Hamptonen jokatu eta gero, Añorgako jubenilak entrenatu zituen iaz. Kaskar samar ekin dio ligari Euskaldunak partida bat galdu eta bestea berdindu ostean, baina Idiakezek jokalariengan konfiantza badu.

Zer dela eta etorri zara Euskaldunara?
Iñigo Idiakez: 2009-2010 denboraldia Añorgarekin aritu eta gero, aurten inor ez entrenatzea pentsatua neukan. Izan ere, laster azaroaren 15etik abenduaren 12ra bitarteko epean Madrilen egotekoa naiz, entrenatzaileen ikastaroa burutzeko. Nolanahi ere, erabakia hartuta neukala, Joxen Huizi Euskaldunako lehendakariak hots egin, eta hona etortzeko tentatu ninduen; inguruko jendeak ere baiezkoa ematera animatu ninduen. Gainera, nik aspaldidanik nuen Euskaldunaren ezagutza, Mundaizen jokatzen nuen garaietatik; oroitzapen onak nituen, banekien ospea bazuela taldeak, eta horrenbestez, etortzea erabaki nuen.
 
Ikastaroarena zehaztu dezakezu?
I.I.: Eskuratzeko geratzen zaidan nazio mailako entrenatzaile titulua ateratzera noa. Zortzi urtez baino gehiago Ligako Lehen Mailan jokatu dugunoi aukera hori ematen digute, ikastaro trinko baten bitartez.
 
Zure anai Imanol bigarren entrenatzailetzat hartu al duzu?
I.I.: Nahi nuke, baina ez da horrela. Tarteka entrenamenduetara laguntzera etortzen da, besterik ez.
 
Zelaian profesional izatetik erregional mailako taldeak entrenatzera, zer moduzkoa izan da jauzia?
I.I.: Ikuspegia aldatu beharra dagoela, hor ez dago zalantzarik; non zauden, norekin ari zaren… aspektu horiek oso argi eduki behar dituzu. Izan ere, honek ez du zerikusirik profesionaltasunarekin. Hasteko, goizetan entrenatzera ohitu beharra daukazu; orain ilunabarretan egokitu behar baita orain. Eta batez ere, lantokitik edo ikastetxetik datorren gaz- Iñigo Idiakez, Urbitarteko harmailetan. Idiakez jokalariekin, asteburuko partida prestatzen. teekin ari zarela kontuan hartu behar duzu, futbolaren kontura bizi ez den jendearekin, alegia. Ez dute gutxi egiten eguneko zereginak bete eta gero ilunabarrean! Hortaz, aldatu behar duena zeu zara, eta ez ingurukoak.
 
Larramendi torneoarekin batera hasi zinen, abuztuaren azkenaldera. Ez duzu denbora askorik eduki lan egiteko…
I.I.: Aurreko egunetan hasi nintzen egia esanda, baina batzuren eta besteen oporrak direla medio, denbora hartu behar izan dugu talde osoa batu zedin. Dena den, aitortu behar dut oso kontent nagoela mutilekin; gogo biziz etortzen dira entrenamenduetara, eta zelaian burutzen ditugun saioak pentsatu bezala ateratzen ari dira.
 
Zuzendaritza, zaletuak, instalazioak… Zer nolako inpresioa jaso duzu orain arte?
I.I.: Oso ona, eta pozik nago. Harrobia zaintzen duen kirol egitura ikusi dut, jokalari gazte asko dagoela atzetik… Zuzendaritzak, teknikoek eta gainerako guztiek ere ahal duten heinean laguntzen saiatzen direla konturatu naiz. Ni ere ahal dudan guztia ematera etorri naiz, eta gauzak ondo aterako direla sinetsita nago. Pena ematen didan gauza bakarra, iazko bostpasei jokalari aurten gurekin ez izateak ematen dit.
 
Ligako bi partidu jokatuta, balantze txikia egiteko unea heldu da agian…
I.I.: Denok ere maila beretsukoak izango garela iruditzen zait. Alegin 3-1 galdu genuen, baina irabazteko aukera izan genuen; zelaia txarra zen eta horrek ere ez zigun asko lagundu. Joan den igandean, berriz, talde sendoa daukan Oriokorekin berdindu genuen; kosta egin zitzaigun haien arearaino hurbiltzea, baina batez ere nire jokalarien jarrera gustatu zitzaidan, inoiz ez baitzuten partida galdutzat eman. Nik uste pixkanaka-pixkanaka, partidaz partida egin behar dugula borroka, jakinda nor garen, non gauden....
 
Taldea definituko zenuke?
I.I.: Eraikitzen ari den taldea da gurea, 10-12 jokalari etorri berriak direla kontuan izan behar da; hots, bigarren erregional mailako bost, beste hainbeste jubeniletatik igo direnak... Daukaguna osatua dagoen oinarria da: zelaiaren erdia iazko jokalariek, atzean Jonatan kapitana, eta gero aurrean Artola. Hortik aurrera ia denak ere nahiko berriak dira.
 
Helbururik markatu al duzue?
I.I.: Une honetan partidaz partida aurrera egitea da gure asmoa, lehen esan bezala. Eskarmentu handia zuten iazko bospasei jokalari haiek gurekin geratu izan balira, orduan igotzeaz hitz egingo genukeen. Gauden moduan, ordea, egunez egun gogoz lehiatzea egokitzen zaigu.
 
Taldeari zurea den estilo propioa erantsi nahiko diozu…
I.I.: Garrantzitsuena ondo jokatzea da, baina hori ez da erraza. Izan ere, badakigu nola jokatzen den mailan hauetan: baloiari ostikoa eman eta aurrera eginez, alegia. Gu saiatzen gara pittin bat baloiaz gozatzen, kalitatezko jokoa egiten..., batzutan gauzak nahi bezala ateratzen dira eta besteetan ez.
 
Entrenatzaile gisa, zure burua definituko al zenuke?
I.I.: Bi pertsonalitate guztiz ezberdinak agertzen ditut jokalari garaiak eta oraingoak alderatzen hasiz gero. Zelaian suhartsua nintzen. Entrenatzaile bezala, aldiz, lasai egoten saiatzen naiz. Izan ere, pentsatzen dut segurtasun eza eta urduritasuna transmititzen baduzu, giroa nahasi egin litekeela zure inguruan. Arriskua egoten da jokalariak ere garrasi eta zalapartarekin kutsatzea. Nik nahi dudana da eurek lasai joka dezatela. Akatsak zuzentzeko, batez ere partidatako atsedenaldiak hartu behar dira.
 
Oraindik osasun betean zaude. Ez al zaizu zelaira irteteko tentaziorik sortzen?
I.I.: Egia da sasoi onari eusten diodala. Ia egunero entrenatzen dut Realeko beteranoekin, horiekin bosteko txapelketa jokatzen ari naiz, padelean ere banabil… Osasunak erantzuten dizula ikusita normala izan daiteke tentaldiren bat edukitzea behin edo behin. Hala ere, nik orain Euskalduna da buruan daukadan gauza bakarra; mutilekin entrenatzeko gogoa, Euskaldunari ahalik eta gehien lagundu ahala izatea, Euskalduna klub bezala hazten laguntzea, harrobiko gazteak lehen bait lehen igotzeko aukera izatea, eta noski, Euskalduna dagokion tokira ahalik eta azkarren igo ahal izatea. Iñigo Idiakez, Euskaldunako entrenatzailea Euskaldunako entrenatzaile berria da Iñigo Idiakez, Realeko jokalaria izandakoa. Realaz gain, Rayo Vallecano, Oviedo, Derby County eta South Hamptonen jokatu eta gero, Añorgako jubenilak entrenatu zituen iaz. Kaskar samar ekin dio ligari Euskaldunak partida bat galdu eta bestea berdindu ostean, baina Idiakezek jokalariengan konfiantza badu. “Zuzendaritza, teknikoak eta gainerako guztiak ere ahal duten heinean laguntzen saiatzen dira eta ni ere ahal dudan guztia ematera etorri naiz. Gauzak ondo aterako direla sinetsita nago”

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!