Hitzordu ugari igandean Leitzaranen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 24a, 11:57

Ibaien nazioarteko egunaren harira, ekitaldi ezberdinak antolatu dira igande honetarako Leitzaran Bisitarien Etxean. Eta horien artean, noski, ibaira irteera gidatua. Arrantza Eskolako arduradun Patxi Urruzunoren esku burutuko da. Goizeko 10:30etan arrantza eskolaren parean dagoen ibaiaren ekosistema orokorra azalduko du, eta arrain eta intsektuen bizi zikloan eragina duten faktore garrantzitsuenei arreta berezia jarriko die. Horrez gain, hil gabeko arrantza artearen erakustaldia egingo da. Ondoren, Arrantza Eskolan bertan arrantza egiteko beharrezko diren euliak lantzeko tailerra eskainiko da. Arrantzarekin amaitzeko, heriotzarik gabeko jardueraren inguruan bideoa eskainiko da.
 
ROKODROMOA LEITZARAN BISITARIEN ETXEAN
Ibaiaren eta arrantzaren erakustaldiez gain, bisitarien etxean rokodromo bat jarriko dute goizeko 11:00etik 14:00etara. Hamalau urte arteko gazteek bost metroko pareta bertikala igotzeko aukera paregabea izango dute. Bestalde, bisitariek Uraren Interpretazio Zentrora doan sartzeko aukera izango dute, goizeko 10:00etatik 14:00etara. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!