Adreiluak antena ezkutatzen ari dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 24a, 11:53

Egun gutxi dira Andoaingo Udalak eta auzotarrek jakin dutela Bazkardon bertan telefono
mugikorren antenak ipini dituztela. Ama Kandida etorbideko lantegi baten teilatuen kokatuta daude, adreiluek ezkutatuta. Auzotarrak protesta egiten hasi dira.

Bazkardo auzoko hainbat bizilagun Orbelan lantegiko teilatuan kokatuta dagoen antena sortaren aurka daude. Telefono mugikorrenak dira, eta haserre dira ezkutuan altxa dituztelako. Orain lau urtejarritakoak dira eta telefono konpainiek orain eskatu dute baimena udaletxean. Nerea Izagirre eta Jon Uranga Bazkardoko auzotarrak
antena horien aurkako protestaren bultzatzen ari dira.

Zerk eragin du auzotarren kexa?
Nerea Izagirre: Orain hiru aste aste Udal jakinarazpena jaso genuen. Aditzera ematen zigutenez, Ama Kandida etorbideko 13 zenbakian (Orbelan lantegia) Vodafonek telefono antena jartzeko baimena eskatu zuen. Proiektua ikustera abiatu ginen udaletxera. Aparejadoarekin hizketan hasi eta, aitortu zigunez, lekua ikustera joan zenean dagoeneko antena jarrita zegoen! Lau urte omen zeraman jarrita, eta funtzionamenduan. Ezkutuan.
Lantegiaren ondo-ondoan bizi gara, baina antena zegoenik ere ez genekien.

Eta nola da posible zuek lau urtetan antenaren berri ez izateaz gain, ikusi ere ez egitea?
Jon Uranga: Izkutuan egindako gauza da, inork ez ikusteko moduan. Nonbait, lehendabizi adreiluzko egitura bat egin zuten teilatuan, tximinia dirudiena, eta ondoren antena ipini zuten barruan. Horrenbestez, etxeko terrazatik ikusita antena muturraren aurrean agertzen zaigu, Orbelango teilatuan; hori bai, ikusi, ladreiluzko egitura besterik ez da ikusten.
 
Nerea Izagirre: Esan behar da auzoan alarma piztu denez geroztik inguruko jendearekin harremanetan jarri garenean, gauzak lotzen joan garela. Nonbait, Vodafonekoak Ikutza baserriko bizilagunengana jo zuten, antena haien etxean jartzea proposatuz; trukean dirua eta teilatua berritzea eskaini zieten. Familiak ezezkoa erantzun zien; orduan, antza denez, Orbelanera jo zuten. Bestalde, tabernari batek eta bizilagunek esanda jakin dugu orain lau urte, abuztuan, Orbelanen teilatua berritzen aritu zirela.  
 
Teilatura begiratuz gero, egitura bat ez, bi agertzen dira…
N.I.: Ezusteak bata bestearekin iritsi dira. Donostiako “Antenarik ez” plataformako kide batek Industria saileko planoak erakutsi zizkigun eta han agertzen zenez, beste bi antena zutik daude, aurrenekoaren ondoan, Movistar eta Amena operadoreen antena bana. Horiek biak baimena eskatu duen bestearen ondoan daude nonbait, txikiagoa den adreiluzko bigarren egituraren barrenean.
 
Legearen aldetik, zer esan zizuen udalak?
N.I.: Aparejadoreari teilatuan antenak jarri izana legez kanpo ote zegoen galdetu genion; hark ez zuen ilegaltasuna aipatu nahi izan. Orduan “ezkutuan?” bota genion, eta hark baietz erantzun zigun. Gauzak horrela, Udalak zein jarrera hartuko zuen galdetu genion; Lege arautegia betez gero, antena onartu egin beharko duela, hori izan zen bere erantzuna. Antza denez, antena jartzaileek ez dute aparteko lizentziarik behar, salbuetsitako jardueretarako lizentziarekin nahikoa baitute (alegia, ingurumenean eta pertsonen osasunean eragin txikia dutelako jarduneko baimenaz salbuetsita gera daitezkeen jardueretako lizentzia). Horretarako, beraz, beraiek jakinarazi egin behar dute antena jartzera doazela, eta nahikoa dute txostentxo teknikoa aurkeztu eta tasa ordaintzea.
 
Auzotar modura alegazioak aurkeztu dituzue. Azal ditzakezue argudio nagusien nondik norakoa, laburki?
J.U.: Udal jakinarazpenak hiru asteko epea zehaztu zuen, eta korrika eta presaka egin behar izan ditugu. Arrazoiak azaldu ditugu hiru antenen aurka, nahiz batek eskatu lizentzia baimena.
 
N.I.: Arrazoi asko dauzkagu, baina funtsean, batetik ezin dugu sinetsi Udalak ez zekienik orain lau urtez geroztik antena hor dagoela; udaletxeko tramitea bete behar izaten baita edozein obra zibil egiteko. Hiru antenak ilegalak direla diogu, jarri aurretik ez dutelako alegazio eperik ireki. Europatik datozen ebazpenak aipatzen ditugu; antenen potentziari dagokionez bereziki. Aldi berean, Udalari eskatu diogu Udal arautegia egin dezala.
 
Antenei lotuta, zer eskatzen duzue zehazki?
N.I.: Guztion osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeen hiru antenak kentzea, legea bete ez izanagatik jaso dezaketen isunaz gain. Dena den, ez dugu gauza askorik espero. Zaila ikusten dugu gure eskakizunari kasu egitea; azken batean herritar gisa hasieratik ari gara babesik eza sentitzen dugu, Udalak, Orbelan lantegiak eta telefono operadoreek eraginda.
 
Alegazioak nork sinatuta aurkeztu dira?
J.U.: Alegazioak Udal jakinarazpena jaso dugun bost etxebizitzatako familia guztiek eta egun gutxiren buruan bildu izan ditugun hainbat bizilagunen izenean egin dira. Hala ere, idatzi bat banatu dugu auzoan, eta antenen berri eduki ahala, gero eta gehiago dira protestarekin bat egiten ari direnak.
 
Orbelango zuzendaritzarekin edo langileekin egon zarete?
 J.U.: Oraingoz zenbait langileekin egon gara hizketan, eta gu bezain harrituta daude. Hurrengo egunetan mugitzen hasiko diren itxaropena dugu, euren osasuna ere jokoan dagoelako. Bestalde, Orbelanen ondoan dagoen Thyssen (Cenia) lantegiko zuzendaritzak ere alegazioak aurkezteko asmoa azaldu du, eta horretarako epea luzatzea eskatu omen du; bertako langileen eskaera izan dela uste dugu.    E
 
“UHIN ELEKTROMAGNETIKOEN KOPURU HIRUKOIZTU EGITEN DAAUZUNEAN BIZI GARENONTZAT”

Aurkeztu dituzten alegazioetan Europatik datozen ebazpenak aipatu ditugu; Europan antenen potentzia 0,1 microwatio cm2 murriztea gomendatzen ari dira. Hiru antenek neurri hori nabarmen gainditzen omen dute,“eta gainera, jasan beharreko uhin elektromagnetikoa hirukoiztu egiten da auzuneanbizi garenontzat”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!