Hori Antolamendurako Plan Orokorrari baiezkoa eman dio Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 24a, 11:44

Asteazkeneko Udal batzarraldian garrantzia handiko gaia aztertu zuten udaletxean. Alkateak adierazi zuen eran, plana osatu ahal izateko “zailtasun eta eztabaidak ugari izan dira baina Udal hau osatzen dugunon gehiengoaren borondatearekin gainditu dira. Gaur herritarren aurrean aurkezten duguna ideiak, herritarren beharrak eta gaur egun garrantzia hartzen duten kontzeptuak trukatzeko saio luzeen emaitza da”. Bozketan, UDA, Ezker Abertzalea eta EAJ planaren aldeko agertu ziren. Herrigintzako ordezkaria abstenitu egin zen eta PSOEkoek aurkako bozka eman zuten.

Sozialistek zera adierazi zuten, “18 alegazio aurkeztu genituen eta horietatik gutxi batzuk izan dira onartuak, ez gaituzue kontutan hartzen” adierazi zuen PSOEko ordezkariak. Plan honek interesak dituela gehitu zuen sozialistak.

EAJko Maribel Vaqueroren arabera, “plan honek herritarren beharrak asetzeko interesa besterik ez du eta hiru alegazio aldi izan ditu; partaidetzatik pasatuta dator beraz”.

Ezker Abertzalearen aburuz, plan honek herritarren interesak ditu, “PSOEk ez luke plan honen ibilbidea lotsagarri utzi behar. Prozesu hau, asko eztabaidatu, landu eta onartutako izan da”. “Herri honentzat erantzun erreal bat da plan hau, orainari begiratzeaz gain, gerora begira egiten saiatu gara, denborarekin jokatuz”, Ezker Abertzaleko Iñaki Mendizabalen arabera.

Partaidetza garaia
Alderdi bakoitzak bere iritzia agertu eta bozketa egin ondoren, planaren inguruko partaidetza tartearen berri eman zuten. Hiri-antolamenduko Plan Nagusia aztertzeko eta eztabaidatzeko urriaren 6, 13, 19 eta 26an izango dira batzarrak Lekaio Kultur Etxean. Azaroaren 2an berriz, Idiazabal kaleko berrikuntzen inguruko batzarra izango dela adierazi zuten.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!