Gaur eguerdian egindako aurkezpenean, Aaron Robles antolatzaile eta gidari zizurkildarra, Mari Anjeles Lazkano alkatea eta Iñaki Cuesta, Gipuzkoako Automobil elkarteko lehendakaria izan dira. “Kilometro inguruko ibilbidea prestatuko dugu eta auto bakoitzak hiru aldiz egingo du ibilbide osoa. Lehendabiziko itzulia froga modukoa izango da eta beste biak, erlojupean. Auto bakoitzak minutu eta erdiko denbora beharko du ibilbide osoa betetzeko. Abiadura froga baino, trebetasun froga da slaloma eta ikusgarria izaten da. Amaieran sari banaketa egingo dugu hantxe bertan”, azaldu du Aaronek.
Goizeko 09:00etan trafikoari itxita geratuko da kalea, Sacemgo zubitik Aurrera tabernaraino. Eguerdira bitarte egongo da itxita. Ikusleei, bertara hurbildu eta gozatzeko deia egin die Aaronek: “Bizkaiko partaide asko etorriko dira, beraz, gipuzkoarrek animoak beharko dituzte. Proba hau antolatuz, zaletasuna piztu eta harrobia sortu nahi genuke”.
“Estatu mailako autokros txapelketa egin berean ospatuko da eta horrek, partide kopurua murriztea ekarri du, baina hala ere, oso gidari onak ikusteko moduan izango gara. Aurten gainera, lehendabiziko aldiz neska bat ere ikusiko dugu slalomean”, azaldu du Iñaki Cuestak.