Mª Anjeles Uzkudun Tapia zendu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 19a, 20:10

Anjelez Uzkudun (1919-2010) asteasuarra larunbatean hil zen 91 urte zituenenean. Hutsune handia utziko du asteasuarren artean. Goxoa, gertukoa eta beti irribarrea eskaintzen duen emakumeak umezurtz utzi du herri osoa. Aiurri hamaboskariaren bitartez, Asteasuko aspaldiko kontu ugari helarazi zituen. 2007an, bestalde, oroimen historikoan oinarrituriko "Herio 1937" argitalpena gauzatu ahal izateko ezinbestekoa izan zen bere parte hartzea.

Hemeroteka: Aiurriri eskainitako azken elkarrizketa (2010, apirila)

Bideoa, hemeroteka: Uzkudun-Lasa Gurean, saria jasotzen (1:55 minutuan)

Jarraian, biografia laburra eta Aiurri-Bazkunaren aitortza:

 

BIOGRAFIA
Mª Angeles UZKUDUN TAPIA (Asteasu, 1919) Gerra zibila nerabezaroan bizitzea egokitu zitzaion belaunaldi hartako partaide, Mª Angeles Uzkudun hamar anai-arreba hazi zituen familia batean jaio zen, Apreterone etxean. Aita Udaleko administratzailea zen, baina etxe hartako jarduera nagusia apretak egitea zen (ezpartinak), eta bertan zegoen dendan herriko elikagai-beharrei eta gainerako guztiei erantzutea. Bertan zegoen ere herriko telefonoa, eta horrek Apreterone estrategiko bihurtzen zuen; makina bat joan-etorri egin zuten urteetan uzkuduntarrek herriko etxe eta baserrietara telefonoko abisuak ematen. Etxean, herria eta herriaren izana maitatzen ikasi zuten uzkuduntarrek; EAJ/PNV-ko familia abertzalea, gerra galdu ondoren galtzaile izatearen ondorioak hurbil-hurbiletik ezagutu zituzten.

Mª Angelesek gazte-gaztetandik ikasi zuen lan egiten; lehen-lehenik, etxeko senideekin apretak egiten, familiaren ofizioa horixe baitzen. Geroago, gerra ondoreneko eskasi eta behar gorriek, ordea, diru bila etxetik kanpo bultzatu zituzten, eta Mª Angelesek ileapaindegitza ikasi zuen, baita Madrilen espezializatu ere. Horretan jardun zuen urte askoan Asteasun bertan, erretiratzeko garaia heldu zitzaion arte.

Baina Mª Angeles Uzkudunengan orain azpimarratu nahi dugun ezaugarria betidanik herriko gai eta kulturarekiko astindu duen ezinegona izan da. Ezinegon horrek eraman zuen, 1977. urtean, Asteasuko neska-mutil gazteei euskal dantzak erakustera, Enara dantza-taldea sortzera eta urte askotan harri eutsi eta zuzentzera. Ezinegon horrek eraman zuen Aiurri aldizkaria sortu zenean 1994. urtean, bertan idatzi eta laguntzera, Asteasun Aiurik izan duen laguntzailerik leialenetakoa. Eta, geroztik, horretan dirau, Lekukotzak argitalpen honetan argi eta garbi gelditzen den legez Aiurrin Gerra zibilari buruz argitaraturikoak bilduz.

AIURRI AIPAMEN BEREZIAK EKITALDIA

2010eko martxoan Asteasun egin zen Aiurri Aipamen Bereziak ekitaldian Ohorezko aipamena jaso zuen. Diploma eta oroigarriaz gain, Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak hizketaldi hau eskaini zion:

OHOREZKO AIPAMENA
BIZITZA OSOKO JARDUN EREDUGARRI BATI


Aiurri Aipamen Berezi hauetako Ohorezko Aipamenaren helburua, urte luzeetako jardun eredugarria saritzea da, zenbaitetan bizitza oso batean buruturikoa. Gaur gure aipamen honekin omendu nahi dugun lagunak, aintzatetsi nahi dugun asteasuarrak behar beste merezimendu du, isilik eta apal-apal bizitza osoan izandako jokabideak urteen poderioz metaturikoak, asteasuar eta beterritar askorengan arrasto nabarmena utzi dutenak.
Asteasun jaio zen 1919. urtean, Apreterone etxean, eta, hain zuzen ere, bere jaiotetxeko ogibidea apretak edo ezpartinak egitea zen. Baina denda ere bazen etxe hartan, herriko elikagai-beharrak eta beste asko berdintzen zituen denda, denetarik piska bat izaten zuen horietakoa. Gure omenduaren haurtzaroko garai haietan telefonoa ere apurka-apurka Gipuzkoan barrena zabaltzen ari zen eta Asteasura ere iritsi zen, nora eta Apreteronera, nora ba bestela... Telefonoak, dendak eta ezpartinek Apreterone etxe eta toki estrategiko bihurtu zuten Asteasun, eta estrategikoa, nolabait esatearren, bertakoen jarduna.
Dagoeneko antzemango zenioten: Anjeles Uzkudun Tapiaz ari naiz, Apreteroneko Anjeles, bertakoentzat. Etxean hamar anai-arreba, Anjeles gazte-gaztetandik hasi zen etxeko negozioan laguntzen, apretak egitea zela, dendan aritzea eta, oso maiz, herriko etxe eta baserrietara joan-etorria egitea telefonoko abisuekin, Apreteronekoa baitzen herriak erabili ohi zuen telefonoa.  Anjeles neska koskorra zelarik Estatu espainiarrera II. Errepublika iritsi zen eta, Errepublikarekin batera, oro har euskaldunon, eta, zehazki, euskaltzale eta euskal abertzaleon itxaropena piztu zen, gure herriarentzat, gure kulturarentzat, gure hizkuntzarentzat etorkizuna egon bazelakoan. Pizkunde giro hori berta-bertatik ezagutu zuen Anjelesek, uzkunduntarrak EAJ-ko jarraitzaile baitziren, eta Anjelesek orduan ezagutu zituen –baita parte hartu ere– herriko Batzokian taularatzen ziren antzezlanak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak.

Etxeko giro euskaltzale eta abertzale horretan ikasi zuten uzkunduntar gazte eta nerabeek herria eta herriaren izana ezagutzen eta maitatzen. Anjeles betirako harrapatuko zuen garai hatan bizi eta ikasitakoak.

Baina 1936ko altxamendu militarra iritsi zen eta altxamenduarekin batera gerra, herioa eta zorigaitza, eta hauek guztiek Asteasu gogor jo zuten, baita, neurri batean, Apreteroneko ateak ere. Andoaingo guardia zibilek ez zuten onik izan uzkuduntarren aita, salaketa bat medio, espetxera eraman zuten arte; salaketaren arrazoia oso sakona eta mamitsua zen: porque era un pájaro de cuidao!... Salaketa zelebre hura medio hilabete pasa zuen espetxean eta garaiko 2000 pezeta ordaindu behar izan zuen.  Halaxe ziren gauzak garai hartan; eta uzkuduntarrak pozik halere aita, beste asteasuar batzuk bezala, fusilatu ez zutelako. Anjelesen ahizpa Mertxek ere, beste bi asteasuarrekin batera, jasan behar izan zuten altxamendu militarrarekin bat egin zuten herriko maiseatzaileen erasoa: ilea guztiz moztu eta agerian ibili arazi zituzten Emakume Abertzaleen Batzako kide izateagatik.

Giro horrek gauzak asko aldatu zituen Apreteronen eta, eskasiak ea behar gorriak eraginda Anjeles gazteak etxetik atera egin behar izan zuen lan bila:  ileapaintza ikasi zuen eta lanbide horretako ikasketa bereziak egin zituen azkenik Madrilen. Gero, urte askoan bere lanbidean jardun zuen, euskal kultura negu-lo luze batean zetzan bitartean.
Frankismoaren zulo beltzean euskal kulturarentzat argi izpiren bat ikusteko garaia heldu zenean, berriro ere Anjelesengan gazte-senez ezagutu zuen euskal kulturarekiko grina ernatu zitzaion eta gure ohitura, usadio  eta folklorearekiko atxekimendua azaltzen hasi zen.

Hil zen noizbait diktadorea eta euskal kulturak loraldi berri bat ezagutzeko aukera izan zuen. Anjelesek, negu luzearen aje eta nagi guztiak astindu –ordurako 56 urte zituen–, eta Asteasun euskal giroa berreskuratzeko lanari ekin zion. 1977. urtean, herriko neska-mutil gazteei euskal dantzak irakatsi beharrak Asteasun dantza taldea sortzera bultzatu zuen, eta ekimena ekaitzaren ostean, udaberrian iritsitakoa balitz bezala Enara izena eman zion. Antolatu eta  zuzentzeaz gain dantza talde horri urte askotan eutsi zion.
Larramendi Bazkunak Aiurri aldizkaria sortu zuenean ere, ezinegon horrek Anjeles guregana ekarri zuen, bertan idatzi eta informazio iturri agortezin gisa laguntzera. Ordurako Anjelesek 75 urte zituen, inoiz ez zuen euskaraz argitaratu, baina eginkizunak ez zuen beldurtu, ezta zapuztu ere, eta urteetan ezagutu dituzuen bere zutabeak idazten eta argitaratzen hasi zen, Asteasun izan dugun lankiderik leialena izateraino. Anjelesek eman digu urte horietan guztietan Asteasuko hainbat usadio, gertakari eta istorioen berri.
Herrian Iturri zaharretik deituriko ekimen etnografikoa sortu zutenean ere Anjeles bertako partaide egin zuten, bere lekukotasunak balio handia zuelako garai bateko Asteasuko ohitura, usadioak eta bizimodua ezagutzeko; nor hoberik herriaren berri emateko hamaika bider telefono abisuak eramanez aldenik alde Asteasu ibili zuenak, herritar guztiekin hartu-emanean jardun eta herriko taupada hain hurbiletik bizi izan zuenak baino?
Lehen ere saritu genuen Gerra garaiko eta orduko fusilatuen eta zigortuen bere lekukotasuna eman zigunean, umiltasunez baino zintzoki eman ere. Lekukotzak bilduman argitara emandako artikulu horiek oihartzun handia izan zuten Asteasun, eskualdean eta baita kanpoan ere.

Anjeles Uzkudun Tapia asteasuarrei eta gu guztioi eredu eta aitzindari gertatu zaigu, bere apaltasunean ekintzaile zintzo, bidelagun jator eta biderakusle nondik nora ibili behar genuen ikasteko garaian. Berak egin du ozen hizketa hala behar zenean, eta urratsa eman du erraza gertatzen ez zenean, beste inork egin ez zuenean, beti sasoiko euskalgintzako ekimen berri bati hats eman behar zitzaionean. Horregatik, eman diogu 2009. urteko ohorezko aipamen hau, Asteasu eta Beterri osoa harro egon litezkeelako halako emakume eta euskaltzalea bertako alaba izateaz.

Gaur, gure ohorezko aipamena jasotzea etortzekoa zen Anjeles ekitaldi honetara, baina herenegun bere anaia Alejo hil zen Lapurdiko Ziburun, 97 urte zituela, eta Anjelesentzat nahigabe handia izanik, bere 91 urterekin, ez du indarrik izan gure artera etortzeko. Beraz, Mila Iztuetak jasoko ditu gure aipamenaren saria eta agiria, datorren astean Anjelesen esku uzteko.

Eraman diezazkiola ere, gu guztion txalo beroa eta eskerrona.
 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!