Festa egun polita izango da iraileko azken igandean Asteasun, goizez eta arratsaldez. 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabalik egongo da Azoka eta ganaduaz gain, artisauak, trikitilariak edota zanpantzarrak ikusteko aukera izango da, besteak beste. "Goizeko 10:00etan, azokarekin batera, mikologia erakusketari hasiera emango zaio. Bigarren urtez, arroz-esne lehiaketa burutuko da, sariak eguerdian banatuko direlarik. Goizean zehar, gainera, esne behien erakustaldia ere izango da eta, arratsaldean, haur eta gaztetxoei zuzenduta, Gorritiren animaliekin gozatzeko aukera eskainiko da", azaldu du Iñaki Amenabarrek.
Ganadua, bertakoa
Antonio Arteagak animalien artean aukera zabala erakutsiko dela adierazi du: behiak, ardiak, ahuntzak, poney-ak..., denetarik. Ganaduaren identitatea bertakoa, asteasuarra izango dela argi utzi nahi izan du, "Asteasuko identitatea izango dute erakusketako behi eta gainerako animaliek. Herrian jaio eta hazitakoak izango dira, kanpotik inportatu gabeak". Frisona arrazako behien erakustaldia bost sailetan banatuko dutela jakinarazi du asteasuarrak, "1.- lehen umealdiko bigak, lehen esnealdia bukatutako biga onentsuenak. 2.- Umealdi bat baino gehiago egindako behi onenak. 3.- Kalifikazio nahiz puntuaketa onenekoak. 4.- Bizi guztian esnealdia eman dutenak. 5.- Ume gehien egin dituzten Asteasuko behiak".
Denetariko postuak
Ainhoa Etxabe kultur teknikariak postuak bi eremutan kokatuko direla argitu du, pilotalekuan batetik eta plazan jarriko den karpan bestetik. Postuen eskaintza zabala izango da, Ainhoaren hitzetan, 60-65 postu artean guztira. "Eskulanak: bitxigintza, larrua, egurra, beira... Elikagaiak: Gazta, eztia, ogia, pastelak, kontserbak, barazkiak, marmelada, menbrilloa... Eskuz eta artisau eran egindako produktuak eskainiko dira". Elikagaiei lotuta bereziki, Ainhoak herritarren parte hartzea azpimarratu nahi izan du. "Herriko azokan parte hartzera herritar ugari animatzen da eta eskertu egin behar zaie egiten duten ahalegina: ez baita gauza bera urte guztian azokaz azoka ibiltzea edota urtean behingorako prestatzea". Iaz bezala, aurten ere esne behiei garrantzia emango zaie Asteasuko Azokan, eta esnearen garrantziaz ohartarazteko, esnea banatuko da bertaratuen artean edateko. Gainera esnea eraldatuta egiten diren produktuak ere erakutsiko dituzte Goena nahiz Mahala etxeek: yogurtak, gazta...
Etortzeko gonbidapena
Iñaki Amenabar alkateak prentsaurrekoa amaitu aurretik, eskualdeko, Gipuzkoako nahiz etorri nahi duen euskal herritar oro gonbidatu du Asteasuko Azokara gerturatzera, egitarau borobila prestatu baitute.