Gazte jendeari ez zaio akaso ezaguna egingo Juantxo Gorostidiren izena, baina 45 urtetik gorako gipuzkoarrek, kirolzale izan ala ez, gogoan izango dute txirrindulari urnietar bikain hau, ziklo-krosean punta-puntako kirolaria izan zena 1960 eta 1980 urteen artean. Gorostidi euskal txirrindularitzan bizirik dagoen mitoetakoa dugu egin zuen ibilbide oparo eta bikainari esker, zalantza izpirik gabe.
Aurten, Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak Juantxo Gorostidi Urnietar Prestu 2010 izendatzea erabaki du, hain zuzen ere txirrindulari urnietarra euskal txirrindularitzaren eta kirolaren eredutzat duelako, eta ez bere garaian bakarrik, baita geroztik ere, bere kirol ibilbidearen oihartzuna ez baita itzali urteen poderioz. Urnietar prestu 2010 izendatuz omenaldia egingo diote irailaren 29an, San Migel egunean, Jakutegi plazan ospatuko den ekitaldian, herri bazkariaren eta bertsolarien ostean.
Juantxo Gorostidi Etxeberria jaio Donostiako Ibaeta auzoan jaio zen, baina mutil koskorra zela Urnietara etorri zen bizitzera, lehenik Arantzibia baserrira eta, ondoren, Garmendira. Urnietan hazi, gizondu eta txirrindulari egin zen Gorostidi. Hamabost urte besterik ez zuela hasi zen ziklo-krosean eta txirrindularitza horretan jardun zuen hogei urtez, 1980an utzi zuen arte. Zaletu eta profesional gisa Espainiako 18 txapelketetan parte hartu zuen eta Munduko 12 txapelketetan. Munduko hamahirugarrenean parte hartzeko ere deitua zen txirrindua zintzilikatzea erabaki zuenean. Espainiako txapeldun hirutan izan zen eta bederatzitan bigarren izan zen. Munduko txapelketetan bere posturik hoberena zortzigarrena izan zen, Italian egindakoan. Gipuzkoako ziklo-kroseko urrezko domina jaso zuen eta Espainia mailan zilarrezkoa.
Irailaren 29an, San Migel eguneko Iñistor jaian egingo zaion omenaldiko bazkarian parte hartu nahi dutenentzat –heldu, gazte zein haur– txartelak salgai daude Urnietako Kantoi tabernan, Urnieta frutadendan eta Lekaio Kultur Etxean, helduentzat 25 eurotan eta haurrentzat 16 eurotan.