Gatazka futbolean: Fernando Narciso Patronatuko lehendakariaren ikuspegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 16a, 11:02

Aurreko Aiurri astekarian Ontzerri eta Euskalduna futbol taldeetako ordezkariek Andoaingo futbolaren inguruan sortu den gatazkaren inguruko iritzia eman ahal izan zuten. Batzuren eta besteren adierazpenetan Allurralde Udal Kirol Patronatua aipatzen zuten. Oraingoan, Patronatuko lehendakariak azken asteotako gertakizunen inguruko adierazpenak eskaini dizkio Aiurriri.

Azken asteotako gatazkaren inguruan zein da zure iritzia?
Fernando Narciso.
Polemika hor dago, kalean. Hilabeteak dira Ontzerrikoak Allurraldeko bulegoetara etorri zirela, kirol teknikariari kluba sortzeko ideia aipatu zioten orduan.
Kluba formalki eratu aurretik, ni neu Ontzerrikoekin bildu nintzen. Orduan hitzez azaldu zidaten haien egitasmoa zein zen. Futbolean jokatuz ondo pasatzea helburu zuen lagun talde modura aurkeztu ziren hasieratik.

Andoainen entrenatu eta jokatzeko aukera eskatuko zutela iragarri zidaten orduan. Lehen bilera hartan, Patronatuko lehendakari gisa, Euskaldunako ordezkariekin biltzeko deia egin nien.

Taldea sortu eta, ondoren, dokumentazio osoa aurkeztu zuten. Bigarren bilera egin nuen Ontzerrirekin. Ordurako banekien Euskalduna-Ontzerri kluben artean ez zela akordiorik izan. Zehazki ez dakit zein den zatiketaren arrazoia. Haiek azaldu beharko dute hori.
Lehendakari bezala, Patronatuaren ikuspegiaren jakitun, uste dut auzia ondo bideratzen ari ginela. Baten batek dio ez dudala Ontzerrirekin bilerarik egin nahi izan. Ba, begira, azken asteotako gertaera zatar horien aurretik birritan bildu nintzen Ontzerrikoekin.
Kirol Patronatuak Ontzerriren bi eskaera nagusiak aztertu ditu. Entrenamenduei dagokionez, Patronatuak eta Euskaldunak Ubitarten erabilerarako hitzarmena sinatu dute aurten. Euskaldunari zein aukera zegoen galdetu zitzaion eta entrenamenduetarako ordurik ez dagoela erantzun zuten. Nolanahi ere, Allurraldeko kirol teknikariak gazte horiek Buruntzaldeko beste futbol zelaian entrenatu ahal izateko gestio lanak egin ditu.
Ontzerrik Ubitarten jokatzea zen bigarren eskaera. Patronatuak berriro Euskaldunari galdera egin zion eta hauek idatziz erantzun zuten, baietza edo ezetza argitu gabe. Gauzak horrela, ezohiko batzarra deitzea erabaki nuen. Gaiaren inguruan mahai gainean bi proposamen zeuden. Gehiengo osoak Patronatuak urte luzez martxan jarri duen kirol ereduari eusten dio. Kirol ereduari garrantzia ematen dio, eta alde horretatik kirol egiturak bikoiztea negatiboa dela deritzogu. Kirol jarduerari dagokionez, herri mailan, jarraitu beharreko eredua Euskalduna dela deritzot.

Uler dezaket erabakiarekin baten bat zapuztuta egotea, baina onartezina da ezohiko batzarraldiaren irteeran gertatu zena. Onartezina da deskalifikazioa eta iraina. Gazteentzat injustua izan liteke, uler dezaket, baina onartu ezin dudana da Ontzerriko lehendakariaren aldetik jaso nituen irainak. Ez da onargarria.

Ezohiko batzarraldi horretan Ontzerrikoei hitza ematea aztertu al zenuten?
F.N.
Ez zen ideia hori aztertu. Ni bilerara sartu nintzenean haiek atarian ziren. Haietako inork ez zuen deus esan, eta bileran parte hartzeko aukera eskatu izan balute nik ez nuke inolako arazorik izango lehendakari bezala aukera hori aztertzeko. Neuk egiten dut bileren gai ordena, eta alde horretatik ez nuen inolako eskaerarik jaso.

Denboraldi honetarako bakarrik izango den irtenbidea aztertu al da?
F.N.
Batzarraldian Ontzerriri ezezkoa erantzun zitzaion. Kirol ereduari dagokionez, Ontzerriri gomendioa luzatu zaio. Allurraldek benetako aukera  ikusten du baldin eta Euskaldunarekin uztarketa bat ematen bada.
Horretarako berriro elkarren artean hitz egin behar dute. Uste dut hortik letorkeela irtenbidea. Juntak ez ditu egitura paraleloak onartuko. Nik dakidala, Euskaldunak bere egituran uztartzeko gonbitea luzatu zion Ontzerriri. Baina badirudi hori ez dela Ontzerriren borondatea.

Bukatzeko, Patronatuko lehendakari bezala, dei berezia egingo al zenieke bi taldeetako eragileei?
F.N.
Ontzerrikoen jarrera ez da positiboa izan. Euskaldunarekin uztartzea aztertu beharko lukete. Patronatuan gaia serioski aztertu dugu. Protesta egiteko eskubide osoa dute, baina neurriz kanpo jokatu dute.

Nik dudan informazioaren arabera, Euskaldunak uneoro integrazioa eskaini die. Eta jakin badakit Euskaldunakoak jazarpen zatarra jasotzen ari direla.
Zuhur jokatu behar da, gatazka hau ez da klub bat bideratzen dutenen artean ohikoa. Are gehiago, gatazka noraino iritsi den ikusita Andoainen beste garai batzuetan gertatu zena datorkit gogora.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!