Peña Madridista Siempre Fieles Andoaindarra, elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 16a, 10:56

Askok jakin ez arren, Real Madrilek badu peña bat Andoainen. Madrilekiko pasioa bizi duten andoaindar mordoska batek osatzen du, 12 urtetik hona. Egoitza ere badu, Madrilen partidak eta golak elkarrekin gozatzeko. Felipe Perales peñako sortzaileetako bat da. 

Zein izen du peñak?
Felipe Perales. Peña Madridista Siempre Fieles Andoaindarra. Real Madrilen armarria da gurea. Hori bai, C eta F daramatza honek, baina gureari S eta F jarri dizkiogu; Siempre Fieles-en inizialak, alegia.  

Zenbat herritarrek osatzen duzue peña?
F.P. 32 bazkide gara une honetan. 1998ko urtarrilean peña sortu genuenean 50 baino gehiago bildu ginen, baina jaisten joan da kopurua urteen poderioz.

Zein profileko jendeak osatzen duzue taldea?
F.P. Gazteak, ikasleak, langileak, jubilatuak… Ogibidez ere aniztasuna da nagusi; lehendakaria bera, Luis Astudillo herriko mediku ezaguna da. Peñako kide bihurtu arte askok ez genuen elkarren ezagutzarik, baina argi dago batzen gaituena Madrilekiko pasioa dela.

Hamabi urteko zuen historia txikia egin dezakezu?
F.P. Toron, Cano eta hiruron arteko burutaldia izan zen behingo batean. 50 lagun bildu, Real Madrilek eskatzen dituen estatutuak onartu eta komunisten tabernan hasi ginen elkartzen; Madrilgo bi direktibo etorri ziren sortu genuen egunean.
Iaz, azkenik, Arrate taberna izan zen egoitzan jarri ginen. Egoitza honetatik txinarrak, afrikarrak, gaztetxoak… denetik pasa dira ostalaritzako negozioa aurrera atera nahian, baina porrot egin dute azken urteetan. Itxita zegoen, eta errentan hartzera ausartu ginen iaz; ondo doakigu oraingoz. Lekua nahiko utzia zegoen, eta txukun samar jarri dugu; inbertsio handia egin dugu diruz, eta batez ere esku lanean, denok ere zerbait jarriaz. Elkarte baten moduan funtzionatzen du orain, eta bazkideek nahi dutenean erabil dezakete, partidak ikusteko, afariak egiteko...

Andoainen peña baten beharra ikusi zenuten…
F.P. Argi dagoena da Real Madrilek milaka zaletu dituela Andoainen eta Euskadiko hainbat tokitan. Beste kontua da gero horiek kalean-eta zenbateraino adierazten duten zaletasun hori. Askok esaten digute bazkide egingo direla; agindu bai, baina horretan geratzen dira gero. Asmoak asmo, errealitatea da peñak sentimendu zuria modu kolektiboan bideratzeko aukera ematen duela, nahi duenak etorri.

Madrilen aurkako “zaletasuna” ere zabalduta dago…
F.P. Hori bizitza honetan ulertzen ez dudan gauza bat da. Milaka dira “antimadridismoa” beren taldearekiko zaletasunaren gainetik jartzen dutenak! Pentsatzen jarrita, Real Madrilen alde jokatzen duen fenomenoa da hori; mundu guztiak Madril aipatzen du hitzetik hortzera, kazetariek ere hari begiratzen diote beti… Esaerak dion bezala, berdin dio norberarengandik gaizki esaka jardutea, kontua hizpide izatea da.

Zer motatako ekitaldiak antolatzen dituzue urtean zehar?
F.P. Real Madrilek jokatzen duenean biltzen gara egoitzan; bazkideak beren lagunekin etortzen dira eta leporaino jartzen da, Champion League egunetan batez ere; egundoko giroa sortzen dela esan beharrik ez dago, nahiz eta nahiko pattal ibili Madril azken urteetan. Bestelakoan, Madrilera irteera bat antolatzen da urtean zehar, partidaren bat ikusteko.
   
Madril Donostiara hurbiltzen denean ere egun berezia izango da zuentzat, ala?
F.P. Klubak Gipuzkoan garen laupabost peña deitzen gaitu, bilduta dauden hotelean zizka-mizka egitera; Lorenzo Sanz eta Florentino Perez, besteak beste, ezagutzeko aukera izan dugu, eta jokalariekin argazkiak atera izan ditugu. Aurten ikusteko dago Mourinhorekin, horrelako kontuetan zorrotza dela diote eta…
Horrez gain, klubak sarrerak ematen dizkigu. Peñako kide batzuk taldean gustura joaten dira Anoetara, Madril animatzera; nik nahiago dut partida Andoaingo egoitzan ikusi.

Zergatik?
F.P. Ez daukat oso eskarmentu onik. Zelaiko bazter bateko sarrerak ematen dizkizute… Reala bigarren mailan egon zen urte batean Bilborako sarrerak eman zikiguten. Ultrasur-ekoen ondoan jarri gintuzten. Zer gertatu zen? Horiek Herri Nortekoekin liskarra sortu zutela, eta tartean harrapatu gintuztela gu. Ez zen une gozoa izan guretzat.

Real Sociedad-Real Madril igandean. Egoitzan Realeko zaletuak ametituko al zenituzkete?
F.P. Zalantzarik gabe. Gonbidatuta daude, eta animatzen badira ondo pasako dugu elkarrekin, hori ziurtatuta dago.

Pronostikorik emateko moduan?
F.P. Madrilek 1–3 irabaziko duela iruditzen zait.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!