Zentzuz Mugitu eta hobeto bizi! lelopean ospatzen ari da 2010eko Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea. Kanpaina honen helburu nagusiena garraio mota iraunkorren aldeko sentsibilizazioa bultzatzea da, motordun ibilgailuak, besteak beste, CO2 isurpenen eta klima aldaketaren eragile nagusienetakoa baitira.
Aurtengo edizioan, ohiko mezuaz gain, aipamen berezia egin nahi zaio motordun ibilgailuen erabilera irrazional eta masiboak eragiten dituen osasun kalteei. Izan ere, motordun garraioa kardiopatia, asmoa, loditasuna eta bestelako gaixotasunekin zuzenean erlazionatua dago. Modu iraunkorragoan mugitzeak, aldiz, gure ingurunea errespetatzen eta zaintzen laguntzen digu, eta era berean, gure burua osasuntsu mantentzen eta bizi kalitate hobeagoa izaten lagunduko digu.
Hori dela eta, Tolosaldeko zenbait udalek eta Tolosaldea Garapen Agentziak bizikleta bira antolatu dute irailaren 19rako. Bizikleta biran parte hartu nahi dutenek bi ibilbide egiteko aukera izango dute:
1. Asteasu - Anoeta
2. Ikaztegieta - Anoeta
Bai Asteasutik, bai Ikaztegietatik bizikleta bira goizeko 10:30etan hasiko da eta Anoeta izango dute helmuga. Bertan, musikaz girotuta, hamaiketakoa banatuko zaie bizikleta zaleei eta, era berean, eskualdeko bizikleta denda batean gastatzeko bono baten zozketa ere egingo da partaide guztien artean.
Bestalde, gogorarazi larunbatean, Bigarren Eskuko Azoka ere antolatu dute Tolosaldeko udal batzuk eta Tolosaldea Garatzenek. Goizeko 10etatik 13:30ak bitartean, Villabonako Berdura plazan, iaz egin zen moduan, eskualdeko biztanleek mugikortasun iraunkorrarekin lotutako produktuak saltzeko aukera izango dute, hala nola: bizikletak, kaskoa, patineteak, mailotak, kilometro kontagailuak,... (informazio gehiago udaletako web guneetan edo 689 749 439 telefonoan).
Objektu edo produkturen bat saldu nahi duten pertsonek ondoren aipatzen diren guneetara eraman beharko dituzte saldu nahi dituzten produktuak irailaren 16a baino lehen:
Aduna: Udaletxean
Anoeta: Kiroldegian
Asteasu: Udaletxean
Berastegi: Udaletxean
Elduain: Udaletxean
Irura: Udaletxean
Tolosa: Udaletxean
Villabona: Udaltzaingoan, aldez aurretik deituta (943 693 980)
Zizurkil: Udaletxean
Beraz, anima zaitez eta parte hartu; Zentzuz mugitu eta hobeto bizi!