Oporraldiaren ondorena, egunerokotasunera buelta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 15a, 11:22

Azken urteotan oporrak egiteko ohitura zabaldu eta urte guztian zehar gehiago banatu badira ere, oraindik ere, oro har, udako hilabeteetan zehar egiten du jende gehienak eguneroko eginbeharretatik etena.

Udako giro ona aprobetxatuz, egunerokotasunarekin hautsi eta atsedenerako tartea izaten da udan; uztailean eta abuztuan batez ere. Udako oporraldia pasatuta, ordea, berriz ere eguneroko bizimoduari eusteko garaia da: lanera batzuk, ikastera besteak. Eskualdeko hainbat herritarrek udako hilabeteak eta ondorena nola bizitu dituzten adierazi dute.

4.-  Egunerokotasuna gustuko al duzu? Nola bihurtu atsegin?


EIDER COLADO
Asteasu
1.- Oporrik izan al duzu? Kanpora joan al zara?
Ekainaren amaieran hartu genituen oporrak ikastolan eta irailaren 7an hasi dugu ikasturte berria. Bi hilabete pasatxoko deskantsua izan dugu eta primeran ibili naiz. Asteasun oso ondo pasa dut lagunekin batera. Aurten, gainera, sorpresa polita izan dugu herrian: piszinak zabaldu dituzte eta oso gustura ibili gara. Herritarrontzat ezin hobeto: doan izan baitugu sarrera. Gainerakoan, Frantzian ere izan gara; Landetan. Oso urruti joan gabe, oso ondo pasa genuen.

2.- Zer egitea gustatzen zaizu gehien udan?
Lagunekin geratu eta uretara sartzea. Igeri egitea baino gehiago ur azpian ibili eta lagunekin jolastea gustatzen zait. Ez naiz oso lotia eta oso nekatuta ez banago behintzat, ez dut lo askorik egiten udan ere. Herrietako festak oso-oso gogoko ditut eta oraingoz behintzat, Asteasukoak gustatzen zaizkit gehien.

3.-  Eguneroko zereginetara itzuli al zara? Zer moduzkoa izan da buelta?
Eskolara itzuli eta lagunekin elkartzeko gogo pixka bat banuen, baina batere ez azterketetan pentsatzekoa. Oporrak eta gero, nagi handia sortzen du berriro hasteak. Iaz arte Asteasuko eskolan ikasten nuen, baina iaz DBHko lehen mailan hasi nintzenez, Villabonara joaten naiz orain.

4.-  Egunerokotasuna gustuko al duzu? Nola bihurtu atsegin?
Oporrak eta gero, asko kostatzen da berriz ere egunerokotasunera ohitzea. Hala ere gogoz hasi behar da, bestela ez dago aurrera egiterik. Arratsaldetan lagunekin geratu eta asko ikasten saiatzen naiz, azterketak gainditzeko.

AINHOA MARTIN
Larraul
1.- Oporrik izan al duzu? Kanpora joan al zara?
Etxetik kanpo lanik egiten ez dudanez, ez dut oporrik izan. Baina ekainaren hasieran kanpora joan ginen; lehen astean Bartzelonako lagun batzuk bisitatzera eta bigarrenean, Menorcara. Ekaina beti ere lasaiagoa izaten da, askoz ere bidaiari gutxiago ibiltzen da eta harrera hobea egiten dizute.

2.- Zer egitea gustatzen zaizu gehien udan?
Egun-pasa egitea gustatzen zait. Ogitartekoak hartu eta hondartzara, mendira edo txoko berriak ezagutzera joatea. Eguraldi ona aprobetxatu egin behar da, negua luzea izaten baita gero hemen. Gainera, Larraulen abuztuan zehar ez da jende askorik geratzen, gehiengoa oporretara ateratzen da eta, beraz, irteerak egiteko garai ona izaten da. Aurten, Asteasuko piszinak zabaldu dituztenez, hara ere dezentetan jaitsi gara. Garai onean zabaldu zituzten eta eguraldiak ere lagundu du. Primeran!

3.-  Eguneroko zereginetara itzuli al zara? Zer moduzkoa izan da buelta?
Etxetik kanpo lan egingo banu agian gogorragoa egingo litzaidake itzulera, baina etxean arituta, udan ere jarraitu egiten dut ohiko lanetan eta ez zait bereziki kostatzen berriz ere martxa hartzea. Herritarrak oporretatik itzulitakoan, abuztuaren amaieran izugarrizko aldea nabaritzen da Larraulen. Haurrak ditudanez, banuen egunerokotasunera itzultzeko gogo pixka bat; lagunekin ere elkar zitezen.

4.-  Egunerokotasuna gustuko al duzu? Nola bihurtu atsegin?
Segituan hartzen da eguneroko erritmoa; lehenengo eguna gogorra eginagatik, bigarrenean martxa hartzen da. Jartzea besterik ez da. Hori bai, oporren zain denbora luzez egoten gara eta berehala pasatzen dira gero.

JOXEAN ALTUNA
Amasa-Villabona
1.- Oporrik izan al duzu? Kanpora joan al zara?
Abuztuan hamabost egun hartu ditut eta gainerako opor egunak laster etorriko dira. Nafarroara joan gara kanpinez eta bost egun on eta beste hainbeste txar egin dizkigu. Oporrak egiteko ekaina gustatzen zaigu gehien; egunak luzeak izateaz gain, merkeagoa eta lasaiagoa delako. Ahal dugunetan behintzat, ekainean hartzen ditugu jai-egunak.

2.- Zer egitea gustatzen zaizu gehien udan?
Bi haurrekin ezin da gehiegi eskatu: igerilekura joan gara gehien. Parranden garaia bukatu zitzaidan niri; Santiotan pare bat egin baditut ere, dagoeneko ez naute gehiegi erakartzen. Aukera dudanean mendira joatea gustatzen zait gehiago. Ez dut kanpoko lurraldeetara bidaiatzea gogoko, nahiago dut hemen inguruan geratu eta irteerak egitea.

3.-  Eguneroko zereginetara itzuli al zara? Zer moduzkoa izan da buelta?
Larraulen herri lanetan aritzen naiz eta ez zait batere gogorra egiten oporren ondorengo buelta. Gustura aritzen naiz belarra ebakitzen, esaterako. Nik ez dut oporren osteko ‘depresio’rik izaten.

4.-  Egunerokotasuna gustuko al duzu? Nola bihurtu atsegin?
Egunerokotasunaz aspertzea lanean hastea baino gogorragoa egiten zait eta azkar jubilatzea da ez aspertzeko modu bakarrenetakoa. Seme-alabak elitezko kirolariak ateratzen bazaizkigu goiz jubilatuko gara, bestela lanean jarraitu beharko dugu. Bitartean, lan egin eta gero, mendira joango gara arnas pixka bat hartzera.

LUIS ARANA
Aduna
1.- Oporrik izan al duzu? Kanpora joan al zara?
Uda honetako oporraldia amaitu berri dut. Uztartza tabernan egiten dut lan eta abuztuaren 16tik irailaren 6ra arte itxita izan dugu. Errioxa aldean pasa ditut aurtengo opor egunak. Urtero toki ezberdinera joateko ohitura dut eta aurtengoan, Errioxa inguruan ibiltzeko hautua egin dut.

2.- Zer egitea gustatzen zaizu gehien udan?
Normalean kirola egiteko aprobetxatzen ditut opor egunak. Bizikleta, mendi ibilaldiak, korrika saioak… Urtean zehar ere kirola egitea gustatzen zait, baina askotan, eguneroko martxaren nekea pilatu egiten zait eta denboraz ere justu antzean ibiltzen naiz. Lanaz gain, ikasketak ere egiten ari naiz eta horrek ez du tarte gehiegirik uzten kirola edo beste edozein ekintza egin ahal izateko. Oporraldia aprobetxatzen dut gauza horiek guztiak lasaiago egiteko.

3.-  Eguneroko zereginetara itzuli al zara? Zer moduzkoa izan da buelta?
Irailaren 6an itzuli nintzen lanera eta irailaren 16an ekingo diot ikasturte berriari. Momentuz, itzulera ez zait oso gogorra egin; ondo moldatu naiz.

4.-  Egunerokotasuna gustuko al duzu? Nola bihurtu atsegin?
Zalantzarik gabe, oporrak hartzea beharrezkoa da. Hala ere, egunerokotasuna ere gustoko dut. Bizimodu ordenatuagoa egiten da eta hori ere ondo etortzen da. Normalean, ez dut ezer berezirik egin beharrik izaten lanerako itzulera gozoago hartzeko, gustura ekiten diot lanari.

ARANTXA PEREZ
Andoain
1.- Oporrik izan al duzu? Kanpora joan al zara?
Egia esan, niretzat urte berezia izan da aurtengoa. Ama izan berria naiz eta amatasuneko bajan nago oraindik. Horregatik, aurtengo udan ez gara herritik atera. Normalean kanpora joateko aprobetxatzen dugu udako oporraldia, urtero toki ezberdin batera. Duela bi urte, ezkondu ginenean, New Yorken izan ginen baina gainerantzean, gertuagoko tokiren batera joaten gara.

2.- Zer egitea gustatzen zaizu gehien udan?
Udako egunetan asko gustatzen zait egunpasak egitera irtetea. Berdin zait hondartzara edo mendira, baina eguna etxetik kanpo pasatzea asko gustatzen zait. Tarteka, hala ere, oso gustura hartzen dut etxean lasai egotea ere.

3.-  Eguneroko zereginetara itzuli al zara? Zer moduzkoa izan da buelta?
Oraindik ez naiz itzuli egunerokotasunera. Urrian amaituko zait amatasun baja eta orduan itzuli beharko dut lanera. Egia esan, ez dut berriro ere lanari ekiteko gogo handiegirik eta gogorra egingo zaidala iruditzen zait, baina oraindik ez dut horretan gehiegi pentsatu nahi. Iristen denean, ahalik eta ondoen moldatzen saiatuko naiz.

4.-  Egunerokotasuna gustuko al duzu? Nola bihurtu atsegin?
Egunerokotasunak baditu bere gauza onak, baina aukeratzeko emanez gero, nahiago izaten dut asteburuetako edota oporraldietako lasaitasuna. Aurtengoan, lanerako itzulera pixka bat samurtzeko, gure haurrari begiratuko diot, berak kentzen dizkit tristura eta pena guztiak eta.

J. IGNAZIO REBOLLO
Zizurkil
1.- Oporrik izan al duzu? Kanpora joan al zara?
Oraintxe amaitu berri dut oporraldia. Garai batean abuztu osoa izaten genuen jai gure lantokian baina orain, abuztua eta iraila artean banatzen dugu oporraldia. Nafarroako Iratxen izan gara aurten. Bi ume ditugu eta haiekin kanpinetara joaten gara normalean. Haurrentzako oso plan egokia dela iruditzen zaigu. Dagoeneko Nafarroara joaten garen hirugarren urtea da, nahiz eta beti kanping ezberdina aukeratu dugun.

2.- Zer egitea gustatzen zaizu gehien udan?
Gaur egun haurren arabera egiten ditugu udako planak. Oso gustura joaten dira igerilekura edota hondartzara eta momentuz, haien gustuetara egokitzen ditugu gure irteera gehienak.

3.-  Eguneroko zereginetara itzuli al zara? Zer moduzkoa izan da buelta?
Lanera itzultzea izan zen egunerokotasunerako lehen pausoa, bigarren pausoa haurrak eskolan hasi zirenean eman genuen. Eguneroko ordutegian murgilduta gabiltza dagoeneko. Itzulera hori ez zait batere gogorra egin. Bagenekien iritsiko zela eta aurrez hasi ginen pixka bat prestatzen, modu horretan ez da horren golpetik iristen.

4.-  Egunerokotasuna gustuko al duzu? Nola bihurtu atsegin?
Haurrak dauden tokian egunerokotasuna beharrezkoa dela iruditzen zait eta gustura hartzen dut. Oporretan ere oso ondo ibiltzen gara, baina lanera itzultzea beharrezkoa da. Gainera, ez gaude kexatzeko moduan; garai hauetan, lanpostua izatea pozik egoteko modukoa da.

ESTITXU ETXABE,
Eroski bidaiak
“Jaitsiera handia nabaritu dugu abuztuko oporraldien eskaeran”

Jende asko atera al da oporretara aurtengo udan?

Iazko urtearekin konparatuz, jaitsiera handia nabaritu dugu abuztuko oporraldien eskaeran. Aurreko urteetan jendea ilara luzeetan egoten zen zain eta aurten ez dugu horrelakorik izan, ezta gutxiagorik ere. Uztaila bitarteko bidaia eskaera, aurreko urteetakoaren antzekoa izan da, baina abuztuan jaitsiera nabaritu dugu. Nire ustez, lan munduaren ezegonkortasunak zerikusia izan du horretan. Jendeak ez zekien oso ondo irailean nolako lan egoera izan zezakeen eta ez dira ausartu oporretan diru asko gastatzera.

Aldaketarik nabaritu al duzue jendearen oporretarako ohituretan?
Nire ustez, egoera ekonomikoak baldintzatu du hori gehienbat. Garai batean bi astez kanpora joaten zenak, orain astebeteko egonaldia egiten du. Beste askok aukera merkeagoak bilatzen dituzte: lagunen baten etxera joan, familiartekoak bisitatzera…

Zein izan da oporretara joateko tokirik aukeratuena?
Irlak izan dira aurtengo protagonista nagusiak. Bidai agentziara ekaina aldera inguratuz gero, eskaintza onak aurki daitezke; umeentzako doako egonaldiak eta horrelakoak. Jendeak badaki horren berri eta aurten arrakasta handia izan dute irlek. Mediterraneo inguruko kostak berriz, aurreko urteetan baino jende gutxiago hartu du. Aldaketa hori herri txikietan nabaritu dugu gehienbat, hiriburuetako agentzietan kostarako bidaien eskaera berdintsu mantendu omen da.
Bestalde, atzerrirako bidaien kopurua bere horretan mantendu da, aldaketa handirik gabe.

Udazken ingururako eskaintza bereziak ba al dituzue?
Iraila, urria…, garai horretarako beti izaten da aukeraren bat. Askotan, gainera, azken momentuko eskaintza bereziak izaten dira. Aurten, badirudi Karibera joateko izango dela eskaintzarik zabalena. Horrez gain, urriaren 12ko zubia ere badator. Aurten ez da oso zubi luzea egokitzen eta ez dakigu jendeak zein joera hartuko duen.


OLLOGOYENGO UDALEKUETAN GUSTURA
Gazteen artean ohikoa da uda igarotzera lagunartean udalekuetara joatea. Amasa-Villabonako gazteek ere izan dute aukera hori, Malkar astialdi taldearen bidez.
Bi txandatan banatuta, ohi denez, Nafarroako Ollogoyen herrira joan dira udan Malkar astialdi taldeko kideak: 11-12 urteko 40 gaztetxorekin lehenengo eta 13-14 urteko 29 gazterekin gero. Adin bereko kideen arteko elkarbizitza egokia sortu eta ondo pasatzea da udaleku hauen helburua eta begiraleek adierazi dutenez, ederki bete dute asmoa, “oso ondo pasa dugu. Bi txandetako gazteekin oso gustura egon gara. Txanda batetik bestera salto handia dagoen arren, biekin ondo moldatu gara. Beraiek ere oso ondo pasa dute eta egindako lanaz harro gaude. Hurrengo urterako gogoz eta ilusioarekin itzuli gara”. Ane Urroz, Ibon Errotagaña, Irati Arrieta, Javi Rivero, Leire Treku, Maialen Ezkioga, Maitane Aierbe, Iker Urretabizkaia, Irati Usandizaga, Maialen Cano eta Odei Esnaola aritu dira begirale lanetan, batzuek bi txandatan errepikatu dutelarik. Zizurkil, Beasain nahiz Lazkaoko begirale gehiago ere izan da eurekin batera eta Villabonako apaiz Bittor Gorriaz gain, Ana, Loli, Begoña eta Emi sukaldarien laguntza izan dute. Guztiek borondatezko lana egin dute.

Ekintza mordoa
‘Musikaren mundua ezagutuz’ gaia hartu dute oinarrian Ollogoyengo bi txandetan zehar eta musikaren bidez eman diote munduari bira, “egun bakoitzean herrialde batean bageunde bezala, jolas eta dinamika ezberdinak landu ditugu. Herrialde horietako errealitatearen ikuspegiak aztertu ditugu, bertako kultura nahiz ohiturak ezagutuz”. Egonaldian zehar hainbat ekintza burutu dute: Iguzkitza herriko igerilekuetara joan, Lokiz mendira igo, bi eguneko ibilaldiak egin… Gazteei gehien gustatzen zaien ekintza mendi ibilaldiena dela azaldu dute Malkarreko begiraleek, “esperientzia berria izaten da beraientzat; batez ere kanpoan lo egitea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!