Aldaketarik ez Larraulgo eskolan

Irailaren 8an ekin zioten ikasturte berriari Larraulgo haurrek. Hamazazpi haur biltzen dira ikasgeletan eta momentuz, ez da aldaketarik izan.

Pasa zen ikasturtean jaso zuten Larraulen, hamabi urte arteko hezkuntza zerbitzua herrian izango zutela jakinarazten zien Hezkuntza sailaren ebazpena. Ebazpen hori, ordea, ez da bete. Duela bi urte Pello Errota ikastetxearen ikasgela bat herrian zabaltzea lortu zutenetik, Larraulgo Eskola txikia sortzea zen herritarren helburu nagusia eta pozik hartu zuten jakinarazpena, baina ebazpena ez da bete. Aurreko ikasturte bukaerako egoera, bere horretan mantendu da ikasturte berriaren hasieran ere.
Jexux Mari Irazu guraso elkarteko zuzendaritzako kideetakoa da eta hark azaldu du egoera. “Gure eskuetan dagoen dokumentu ofizialak zerbitzua martxan jarriko dela esaten du eta guk horri heltzen diogu. Uda inguruan Arartekoarengana jo genuen eta hark ere garbi ikusi zuen irregulartasuna zegoela gai honetan guztian”.

Haurrak, herriko eskolara
Ikasturtea hasi da, eta larrauldarrek argi azaldu dute euren jarrera: “Iraila iritsita, gurasook argi dugu gure haurrak herriko eskolara ekarriko ditugula. Momentuz ez dugu baztertzen epaitegietako bideari eusteko aukera ere. Hezkuntza sailaren ebazpena ez da bete eta egoera hori luzatzen ari da gure kalterako”.
Eskolako gaia epaitegietara eramateko aukera aztertzeko lehen pausoak eman dituzte abokatuekin hitz eginda. Hala azaldu du Jexux Mari Irazuk: “Udalak eta gurasoek batera emango genuke pauso hori. Azken batean, administrazioak Udalari agindu zion hezkuntza zerbitzua herrian izango genuela eta Udalari dagokio epaitegietarako pausoa ematea. Gurasoak ere atzetik izango gara, zalantzarik gabe. Hala ere, ez da hori izango gure helburu nagusia. Iaz Legebiltzarrean egindako agerraldia errepikatzea ez dugu baztertzen eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan Legez besteko proposamena aurkezteko aukera ere aztertzen ari gara. Ideien faltarik ez dugu. Udako hilabeteetan atsedenaldia hartu dugu, baina ikasturte berriarekin batera, indarra egiten hasiko gara berriro ere”.

Hezkuntza sailaren azken erantzuna
Aurrez emandako pauso guztiak berriz ere errepikatu eta indartzeko gogoz ageri dira Larraulen: “Jaurlaritzari berriz ere jakinarazi diogu gure eskolaren gaur egungo egoera zein den eta Udalak bilera eskaera ofiziala egin du. Hezkuntza sailaren eskutik jaso genuen azken erantzuna, Celaa sailburuarena, uztaila inguruan iritsi zen. Egoera lehengo bera dela besterik ez zuen esaten erantzun horretan, egoera hori zein den zehaztu gabe. Gure eskuetan dagoen azken jakinarazpen ofizialak esaten duenez, ordea, hamabi urte arteko hezkuntza zerbitzua Larraulen izatearen aldeko ebazpena egin zuen Hezkuntza sailak”.

Elkarlanean
Itziarren eta Zubietan ere arazoak dituzte hezkuntza zerbitzua bertan izateko eta larrauldarrek haiekin harremanetan jarraitzen dute: “Guztiek egoera desorosoa dugu eta elkarrekin indar egitea egokia izan daiteke”.
Hamazazpi ume hartzen ditu Larraulgo eskolak ikasturte honetan. Pello Errota ikastetxearen ardura da Larraulgo haurrei hezkuntza zerbitzua ematea. Momentuz, ordea, sei urte arteko zerbitzua bakarrik aurreikusten da Larraulen: “Ikastetxearen jarrera beti izan da oso ona gurekiko eta egoera honetan, hori eskertzekoa da. Sei urte betetako haur bat dugu eskolan. Matrikularik ez da egin eta gurasoek eskatu genuen matrikula egitea. Guztiok ziurtasuna nahi izaten dugu, normala den bezela. Eskolako lehen ikasgela zabaldu zen momentuan esan ziguten ikasketak hemen hasten zituzten haur guztiek 12 urte arte bertan aritzeko aukera izango zutela eta guk horri eusten diogu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!