Jose Ignazio Jauregi, hegaztiak eraztuntzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 15a, 11:00

Jose Ignazio Jauregi andoaindarrari ume-umetatik datorkio txoriekiko zaletasuna. Zaletasun horretan pauso bat gehiago eman, eta ornitologian eta hegaztien eraztunketan aditua da gaur egun.

Aranzadi Zientzia Elkarteko jarduneko kidea da Jose Ignazio Jauregi. “Duela urte batzuk izan nuen Aranzadik txoriak eraztuntzeko egiten duen lanaren inguruko berri. Juan Areizagarekin harremanetan jarri nintzen. Gaur egun bera da Aranzadi elkarteko ornitologia saileko zuzendari eta beti izango ditut gogoan hark esandako hitzak: ‘eraztuntzaile izan nahi baduzu, hegaztietan jakituna izan beharra duzu’. Arrazoi guztia zuen. Bi urte behar izan nituen txorien inguruko ikasketak egiteko. Hegazti bakoitzaren ezaugarriak ikasi behar dira: izen zientifikoa, lumen aldaketa nola eta noiz egiten duten, noiz eta nora egiten duten migrazioa, arrak eta emeak nola bereizten diren, gazteak edo helduak diren… Ordu askotako lana eskatzen du. Eraztuntzaile talde batean aritu behar duzu ikasle gisa eta behin ikasketak amaituta, azterketa zorrotza gainditu behar da eraztuntzaile txartela lortzeko”.

Txoria zaintzea, lehentasuna
Kontu handiz egiten du Jose Ignaziok txoriari eraztuna jartzeko lana: “Kontuan izan behar da ahalik eta denbora motzenean eduki behar dela txoria eskuartean. Haien ongizatea da gure lehentasuna. Txoria harrapatuta dugunean, bere hankaren zabalera errespetatuko duen eraztuna jartzen zaio, normalean aluminiozkoa. Eraztun horrek ez die batere oztoporik sortzen euren ohiko bizimodua egiteko. Letra eta zenbaki bidezko kode bat ageri da eraztunetan, txoriaren nortasun agiriaren parekoa izango litzatekeena. Horrez gain, txoria zein elkartek eraztundu duen ere jartzen du. Modu horretan, eraztuna duen hegaztiren bat harrapatuz gero, segituan jakin dezakegu nondik datorren eta nork jarri zion eraztuna”.
Jose Ignazioren lana ez da amaitzen txoriari eraztuna jarritakoan. Txoria gaztea edo heldua den jakiten du lumen egoera, tamaina edota kolorearen arabera. Zenbait hegaztiren adina zehazteko, beharrezkoa da begien kolorea ere begiratzea. Harrapatutakoa arra edo emea den jakiteko lumak, ahosabaia, hegalen tamaina edo sabelaldearen tamaina begiratzen ditu Jose Ignaziok. Ondoren, neurketa ezberdinak egiten dizkie txoriei: hegaletako lumak, mokoaren luzera, burua eta mokoaren baturaren luzera, gorputzeko grasa kopurua, pisua… Datu guztiak txukun-txukun biltzen ditu Jose Ignaziok, urte amaieran Aranzadira bidaltzeko. Aranzadiko eraztunketa sailean gorde eta aztertzen dira urte guztiak zehar bildutako datu horiek guztiak.

Eguna argitu aurretik
“Kanpoan, aire librean egindako lana izugarri gustatzen zait. Etengabe batera eta bestera ibiltzen gara txoriak aztertzen eta datuak biltzen. Askotan gogorra egiten da; goizean goiz, eguna argitu aurretik mugitu beharra, errekan edo paduran sartu eta bustita ibiltzea…, honetan aritzeko, zaletasun handia izan behar duzu”, azaldu du Jose Ignaziok.
Txingudiko eraztuntzaileen elkarteko kide da Jose Ignazio eta elkarteko gainerako kideekin batera, hegaztien inguruko hainbat ekimenetan parte hartzen du: “Eraztuntzaile gisa, hainbat proiektutan egiten dut lan. Esaterako, Jaizubian eta Oriako Motondo inguruan habia egiten duten hegaztien monitorizazioan; erreka inguruetako hegaztiak eraztuntzen, bai Gipuzkoan baita Nafarroako kantauri isurialdean ere; bidaian doazen hegatxabalak aztertzen; habian dauden kaio gazteak eraztuntzen… Pasa zen urtera arte Plaiaundiko parke ekologikoan ere lan handia egin dugu. Horrez gain, aurtengo udan Doñanako estazio biologikoan lan egiten duten eraztuntzaileekin batera aritzeko aukera izan dut”.
Urte guztian izaten dute zereginik eraztuntzaileek. “Urtaro bakoitzak bere lana eskatzen du. Batzuetan, bertan habia egiten duten hegaztiak aztertzen ditugu, beste batzuetan, negua pasatzera etortzen direnak eta beste zenbait boladatan, gure lurraldea geldialdi laburra egiteko soilik erabiltzen duten hegaztiak aztertzen aritzen gara. Gure lana urtaroaren arabera moldatzen dugu. Oso interesgarria da, etengabe ikasten aritzea eskatzen duena”, azaldu du Jose Ignaziok.

Luma-aldaketak
Jauregiri bereziki hegaztien luma aldaketak aztertzea gustatzen zaio. “Espezie bakoitzak modu ezberdinean egiten du aldaketa hori, beharren arabera. Lumak aldatzeak indar eta energia asko galtzea ekartzen die eta oso garrantzitsua da garai egokienean egitea. Negua Sahara basamortutik gora pasatzen duten txoriek, udan egiten dute luma aldaketa, migraziorako bidaia hasi baino lehen. Urte horretan jaiotako kumeek eta habia egin duten txori helduek batera egiten dute luma aldaketa hori. Negua pasatzera Saharatik behera joaten diren hegaztiek berriz, atzeratu egiten dute luma aldatzeko garaia, bidaia luze hori egiteko ahalik eta energia gehien gordetzeko. Euren neguko bizilekura iritsi ondoren aldatzen dute lumajea, neguan, ostera ere Europara itzultzeko garaia iritsi baino lehen”.

Hegaztien munduko zenbait bitxikeria
Urteotan egindako azterketa lanetan, bitxikeria bat baino gehiago topatu dute Jose Ignaziok eta bere lankideek. Horien artean, Leitzan eta Ataun inguruan aztertutako bi ur xoxo daude. “Ur xoxoa txuri-beltza izaten da. Duela denbora gutxi aurkitu genuen Leitza inguruan guztiz beltza zen ur xoxoa eta aurren, ezaugarri bereko beste bat topatu genuen Ataunen. Momentuz ezaugarri horiekin aurkitu diren bakarrak dira. Topatu genuenetako bat emea zen, eta umeak eginda zegoen, baina ohiko izaten da mota horretako bitxikeriek animaliei arazoak ekartzea”.
Erreportaia lantzeko harrapatutako bi martin arrantzaleetako batek ere bazuen bitxikeria bat: mokoa ohi baino motzagoa zuen. “40 milimetro inguruko mokoa izaten dute martin arrantzaleek eta erreportairako harrapatutakoak, arrak, ia 8 milimetro motzagoa zuen. Horrek ere eragozpenak eragin diezazkioke biziraupenerako”.
Urrutiko lurraldeetan eraztundutako hegaztiak ere harrapatzen dituzte Gipuzkoako zeruetan. “Estatuan barrena Iconako kideek eraztundutakoak, Belgikan, Frantzian, Ingalaterran, Alemanian…, toki askotan kontrolatu dituzten hegaztiak harrapatzen ditugu. Kasu horietan berehala jakinarazten zaie jatorrian eraztundu zutenei, hegaztien mugimenduak kontrolatu ahal izateko”.

Arratsalde bat Leitzaranen barrena txoriak eraztuntzen
Bere etxea balitz bezala ezagutzen ditu Jose Ignaziok Leitzaran errekaren inguruak. Ordu luzeak eman ditu bertan, hegaztiak eraztundu eta aztertzen. Ur xoxoak (Cinclus cinclus) eta martin arrantzaleak (Alcedo atthis) dira, batez ere, bertan harrapatzen dituen txoriak, nahiz eta buztinikara horia (Motacilla cinérea) bezalako hegaztiak ere ikusi ohi dituen.
  1. Martin arrantzalea arra edo emea den jakiteko, mokoaren koloreari begiratu behar zaio. Emeek, naranja kolorekoa izaten dute mokoaren azpialdea eta arrek, guztiz beltza.
  2. Martin arrantzaleen adina antzemateko lau ezaugarri begira dakizkieke.
    • Mokoaren puntan txuriunea ageri bada, “Diamante txuria” bezala ezaguna, txoria gaztea denaren seinale. Txori helduagoek txuriunea galdu egiten dute mokoa pixkanaka igatuz joaten zaielako. 
    • Hankak beltzak dituen txoria gaztea da. Heldutasunean, kolore gorrikoak izaten dituzte hankak.
    • Martin arrantzale gazteak luma ilunagoak izaten ditu paparrean.
    • Lumen koloreak ere txoriaren adina zehazten lagun dezake. Helduek kolore biziagoak izaten dituzte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!