Josune Arretxe, herritar askoren bihotzetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 15a, 10:54

1981eko uztailaren 18an jaio zen Josune Arretxe Zugarramurdi; Amasako Sandra baserriko alaba, hiru anai-arrebetan zaharrena. Joan zen irailaren 1ean zendu zen gaixotasun larri baten ondorioz.

Hstoriako ikasketak egin zituen Gasteizen eta ondoren, baita administraritzakoak ere. Albizturko enpresa batean egin zuen lan, bulegoko kontuak aurrera eramaten.  2007ko hauteskundeen ondoren, ANV-EAE alderdiko Udal taldeko zinegotzi zen, Ingurumena eta Mendiak, Ongizatea eta Emakumeak taldeetako batzordeburu zelarik. Lan aipagarria egin zuen udaletxean nahiz herrian, bere ardurak ongi baino hobeto betez eta gai potoloenetan ere aurrez aurre arituz. Hizketarako nahiz jendearengana heltzeko ahalmena zuen eta jendaurrean aritu beharrak ez zuen izutzen. Ahots goxo eta lasaiaz, ondokoa entzunez hartzen zuen hitza. Bere azken agerpen publikoak iazko Santio jaietan hil zen Remi Ayestaran Udal kidearen inguruan egin zituen; bata joan zen urriaren 10eko herri omenaldian, plaza jendez lepo beteta zegoela, Udal taldearen izenean, eta bestea, igaro berri den uztailaren 31n, Remi Ayestaranen I. urteurreneko omenaldiaren harira. Azken honetan, Remi gogoratuz, berak idatzitako olerkia irakurri zuen bertaratuen aurrean. Duela urtebete eskas azaleratu zitzaion sabeleko gaixotasun larria. Indartsu eta gogor saiatu zen egoera larriari aurre egiten, azken ordura arte amorerik eman gabe. Santio jai hauetan ere, bere Udal ardurak ahal zituen ondoen betez, ekitaldi askotan hartu zuen parte, argazki kamera eskuan, argazkilari lana eginez. Neska adoretsua zen, ezbairik gabe. Ezagutu zutenengana erraz iristen zen eta, zalantzarik ez, ezagutu zutenek bere galera barruan sentitu dute.

Talde eta elkarteekin lanean
Udaleko lanetan ez ezik, herrian harremana izan zuen talde eta elkarteengan ere arrasto sendoa utzi du Josunek. Besteak beste, Aritza kultur taldearen hastapenetan parte hartu zuen; ‘Euskaldunon sustraiak eta memoria’ ikastaroen bultzatzaile eta aurkezle izan zelarik. Aritzaren sorreran taldekide izan zuen Pello Joxe Aranburuk atsegina, alaia eta saiatua moduan gogoratzen du amasarra. “Historiako ikasketak zituenez, ederki ezagutzen zuen gaia eta jendaurrean hitz egiten ere bazekien, bere figura atseginarekin, lasai-lasai. Oso ondo konpontzen zen taldekideokin”. Hutsuneak Betez emakume taldearen sorreran ere parte hartu zuen, garrantzitsua baitzeritzon emakumeak elkartzeko ekimena martxan jartzea. Emakume taldeko kide Maxux Alvarezek harreman estua izan zutela adierazi du, “laguntza handia eskaini zigun taldea osatzerakoan eta baita ondorengo urteetan ere. Hitz onak izan zituen beti guretzat. Bihotzean gordeko dugu”. Era berean, El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin ere hartu-emana zuen. Eskualdeko hainbat herri aipatu komunitatearekin senidetu zirenean, El Salvadorrera joan eta bertatik bertara ezagutu zuen hango egoera, Mikel Arrastoa zizurkildarrarekin batera. Itzuleran, Aiurri aldizkarian eginiko elkarrizketan, “krisiarekin beldurtuta gaude hemen baina han, aspaldidanik bizi dira egoera horretan”, adierazi zuen. Bidaiaren ondoren, I. Senidetze eguna jarri zuten abian, El Salvadorrekiko elkartrukea indartu eta herritarrengan gaiarekiko gertutasuna bultzatzeko. Elkartasuna eta solidaritatea maite zituen.
Bere bizitza laburra eta, aldi berean, betea izan da. Mila esker Aiurriko lan taldearen izenean, emandako guztiagatik.

AMASAKO GAZTIAK: “Bere bideari eusten ahaleginduko gara”
Familiarteko eta lagunarteko neska zen Josune, eta bihotz-bihotzez, amasarra. Josuneren irudia eta hainbat oroitzapen  gogoan, Amasako hainbat gaztek hitza hartu du.

Zer diozue gaixotasunaren aurrean erakutsi zuen indarraren inguruan?
Amasako Gaztiak:
Josune indartsu agertu zen hasieratik eta gaitzari aurre egiten saiatu zen, momentu batean ere etsi gabe. Etorkizunera begiratzen zuen beti, ‘sendatzen naizenean hau eta beste egingo dut’, esaten zuen. Bisitan joandakoan harrituta geratzen ginen nondik ateratzen ote zuen halako indarra. Guk bera animatu beharrean, berak gu animatzen gintuen askotan. Oso baikorra zen eta aurrera begiratzen zuen. Gaixorik egonagatik, beti izaten zituen ideiak buruan eta besteengan asko pentsatzen zuen. Amasako haur eta gaztetxoak etorkizuna zirela esaten zuen eta haiek buruan, ekintzak antolatzea gustatzen zitzaion. Oso eskuzabala zen eta etxera bisitan joandakoan beti eskaintzen zuen zerbait. Berak jan ezin bazuen ere, besteei emateko prest izaten zen: txokolatea eta txurroak ere prestatu izan zizkigun.

Neska langilea eta saiatua zen. Baita Amasako eguneroko bizimoduan ere…
A G.:
Ekintzak antolatzen, ideia berriak bultzatzen nahiz parte hartzen lehenengoa zen. Badaude Amasako Gaztiok urtero errepikatzen ditugun hainbat ekintza: Loatzoko igoera, abenduaren 24an kantari ateratzea, urtarrileko lehen larunbatean Leitzara oinez joatea, San Juan bezperako ospakizuna…, horiek antolatzen beti hartzen zuen parte, baina baita asmo berriak abian jartzen ere: Amasako Kultur Etxea ireki zutenean berak antolatu zituen lehen ikastaroak: besteak beste, sendabelarrena edota sukaldaritzakoa. Oso mitologia eta sorginzalea zen –nonbaitetik zetorkion Zugarramurdi bigarren abizena– eta akelarrea ere bideratu zuen behin. Bestalde, duela hiru urte, Samartiñetan Martina sorgina zintzilikatzea bere ideia izan zen. Herritarrek parte hartzeko antzerkia martxan jartzen ere ahalegindu zen eta lortu zuen halako batean.  Bertso afariak,  jaietako parodiak…, beti martxan izaten zuen burua. Abenduaren 24an Olentzaro Amasako haurrengana jaistea ere berak bultzatu zuen eta gaixotasunaren berri joan zen azaroan jakin zuen arren, iazko jaitsiera ere berak antolatu zuen…  Aurrerantzean bere bideari eusten ahaleginduko gara; indarra ematen du horrek eta gainera,  horixe nahiko zukeen berak ere.

Amasar sentimendua barru-barrutik bizi zuen…
A G.:
Amasar petoa zen. Oso bizirik zuen sentimendu hori eta horregatik erakutsi zuen ekintzak bultzatzeko halako indarra. Oilasko-joko egunean kanporatzen zuen gehien amasar izaera. Goizean goizetik gogo biziz hasten zuen festa. Aurreneko baserrietan, pixka bat esnatu arte asko eserita egoten bagara, bera hasiera-hasieratik hasten zen dantzan eta gainerakoak animatzen. Giro alaia jartzen zuen irrintziak botaz, kantatuz, alboka joz, dantzatuz… Goizeko seietarako hasten zen, “aupa gaztiak! Zemuz gea?”, eta aurrez mugikorrez mezua bidaltzen zuen oilasko-jokoa bazetorrela esanaz: “hemen deula, hemen deula!”.
Oso ahots ona zuen, askotan abesten zuen elizako koruan bakarlari gisa. Oilasko-joko egunetan, baserriz baserri joaten ginenean, askok ‘kantora’ moduan ezagutzen zuten.

Zer nabarmenduko zenukete Josunerengan?
A G.:
Oso pertsona alaia zen, beti irribarrez agertzen zena. Langilea eta ekintzailea izateaz gain, besteen onean pentsatzen zuen. Ideia ezberdineko nahiz adin guztietako pertsonei entzuten zekien. Denekin konplitzen zuen. Asko balio zuen.

Samartiñak gainean dira. Zein asmo duzue?
A G.:
Bilerekin hasi berri gara eta festa txukunak antolatzen saiatuko gara. Dudarik gabe, festetan gogoan izango dugu Josune eta baita urtetan berak egindako lana ere. Aurrera begira, omenaldia eskaini nahi diogu Amasan.

Elkarrizketan Eneko Gurrutxaga, Jokin Etxeberria ‘Melu Txiki’ Ioritz Galarraga, Alazne Gurrutxaga, Ainhoa Barandiaran, Oihana Iguaran eta Nagore Etxeberria amasarrek hartu dute hitza, Amasako Gaztien ordezkari gisa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!