Urak bideratzeko lanak, abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 15a, 10:51

San Migel inguruan lan handiak egiten ari dira azken asteotan. Lanen helburu nagusia, saneamenduko ur hoditeria berritzea izango da eta urte amaierarako lan guztiak amaituta izatea espero dute.

Uztailan hasi zituzten lanak Zizurkilgo San Migel ermitaren inguruko auzoan. Mari Anjeles Lazkano alkateak eman ditu lanen inguruko azalpenak: “Aurrez bagenekien auzo horretako euri urak ez zeudela ondo bilduta eta horrek zenbait arazo ekartzen zizkiela bertako biztanleei. Egin beharreko lana argi zegoen, saneamendu sare berria sortu eta ura Adunibar inguruko errekaraino bideratzea. Proiektua lantzen hasi ginenean, arazoa guk uste baino handiagoa zela ikusi genuen, eta oso beharrezkoa zela ur horiek lehenbailehen ondo bideratzea. Lan horiek egiteko, estatuak udalerri guztiei ematen dien dirulaguntza erabiltzea erabaki genuen. Iaz pilotalekua berritzera bideratu genuen bezala, aurten, ur hoditeria jartzeko baliatu dugu dirulaguntza”.

Ur sare eta herribidea
Ur hoditeria berritzeaz gain, beste helburu bat ere badute lanek: “Itxita zegoen herribide bat berreskuratuko dugu lanak amaitzean. Hodiak sartu behar zirela aprobetxatuta, San Migel ingurutik Adunibar ingurura bitarteko herribidea zabalduko da oinezkoentzat. Toki aldapatsu samarra da, baina bihurgune zabala eginez, aldapa pixka bat leuntzea lortu da. Udaletxearen nahia da Zizurkilgo beheko eta goiko aldeak oinezkoentzat lotzea eta lan horiekin, lehen pausoa eman dugu”. Loidi baserriaren parean, errepidearen alboan pasako dira hodiak eta zabalgune berri hori ere, oinezkoentzat egokituko da lanak amaitutakoan.
Horrez gain, etorkizunera begirako beste hoditeria bat ere jarriko dute. “Uraren hodiak sartzeko zuloa ireki beharra izan denez, beste hodi bat pasatzeko ere aprobetxatu dugu. Edozein momentutan beharra sortuko balitz, elektrizitate edota telekomunikazio sare berria sartu ahal izateko prest geratuko da”, gaineratu du Mari Anjelesek.
Acuña enpresa ari da lanak egiten eta lau hilabateko epea izango dute lanak amaitzeko. “Lizitazioa ateratzeko garaian,   langabezian zeuden hiru pertsona lan honetarako kontratatzea jarri zen  baldintza gisa eta hori ere alderdi positiboa da. Kontratatutako zenbait langile, gainera, zizurkildarra da”, azaldu du Mari Anjeles Lazkanok.

Dirulaguntzen bidez
200.000 euro inguruko aurrekontua izan dute lanek. “Estatuko dirulaguntzak bideratu ditugu lan horiek egiteko. Biztanle kopuruaren araberako dirulaguntza ematen du estatuak eta aurten, iaz baino diru gutxixeago eman badute ere, Zizurkil bezalako herri txikientzat oso garrantzitsua da dirulaguntza hori. Mota honetako beharrei irtenbidea emateko modua zabaltzen digu”.
Auzoko biztanleen jarrera ere azpimarratu nahi izan du alkateak: “Proiektua lantzeko garaian bizilagunekin elkarlanean aritu ginen, euren arazoei ahalik eta irtenbide egokiena emateko. Zenbait auzokidek lursailak eman behar izan dituzte lanak egin ahal izateko eta hasieratik oso jarrera ona erakutsi dute”.

Etorkizunerako lanak
Urtea amaitu baino lehen amaituko dituzte lanak. Ondoren, zonalde horretan urak sortzen duen bigarren arazo bati helduko diote: “Euria egiten duenean, menditik jaitsitako urak arazoak sortzen ditu errepidean eta horri irtenbidea eman nahi diogu. Foru Aldundiaren laguntzaz bideratuko ditugu lan horiek eta horrenbestez, zonalde horretan euri urak sortzen dituen arazoak konponduta geratuko direla uste dugu. Datorren urte hasieran ekingo diegu errepide inguruko lan horiei”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!