Ehunmilak proba: "Merezi izan zuen"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 15a, 10:46

Joan zen uztailaren 16tik 18ra, Euskal Herrian sekula egin den mendi lasterketarik luze eta gogorrena burutu zen: Ehunmilak froga. 167 kilometroko bidea egin zuten helmugara iritsi ziren parte hartzaileek.

Eskualdetik lagun ugarik hartu zuen parte; baina probaren gogortasuna tarteko, guztiek ez zuten amaitzea lortu. Jose Luis Ferreira Portu asteasuarra, 47:13ko denbora eginez, Aitor Agirre Pertzillas amasarrarekin batera ailegatu zen helmugara. Probako bizipenen berri azaldu du Portuk.

Nolatan animatu zinen halako proba batean izena ematera?
Portu:
Erniotik korrika nentorren batean lagun batekin topo egin nuen; gustatuko zitzaidan proba bat prestatzen ari zirela eta entrenatzen hasteko esan zidan. Ez zidan besterik aurreratu, baina entrenatzen jarraitu nuen. Urte hasieran, proba publiko egin zenean eman nuen izena. Egia esan, oso gustuko dut mendia eta gaztetxotatik asko ibiltzen naiz.

Aurrez proba gehiagotan parte hartu izan al duzu?
P.:
XIV orduko mendi martxaz gain, oso gutxitan atera izan naiz. Mendian nire gisa ibiltzea gustatzen zait gehiago: oinez, korrika nahiz bizikletan. Gainerakoan, Behobia-Donostian hartu izan dut parte.

Zer moduzko esperientzia izan da Ehunmilak egitea?
P.:
Izugarrizko abentura. Ibiltzera ohituta dagoen edozeinek egin dezake, baina gogoa behar da; ondo prestatu beharreko proba baita. Mentalki ondo sentitu nintzen, baina fisikoki gogorra egin zitzaidan: proba amaitzea lortu nuen, baina oina minduta nuela. Entrenatu, ibilaldian parte hartu eta ongi pasatzea ziren nire helburuak eta lortu dut: lesioak probaz guztiz disfrutatzen utzi ez bazidan ere. Argi neukan proba amaitzera aterako nintzela eta ez bidea ordu kopuru baten barruan egitera. Merezi izan zuen.

48 ordu, nola antolatu zenuen denbora?
P.:
Oinez segi eta segi, ia etenik egin gabe; hornidura guneetan soilik geratuz. 48 ordutan hiru ordu laurden egin nuen lo eta gutxi izanagatik, asko lagundu zidan. Jaten ez nuen oso ondo asmatu, denetik nahastu bainuen pixka bat. Ondo elikatzea oso garrantzitsua izan arren, nik ez nion garrantzi handirik eman eta bukaerarako bere eragina izan zuen. Hala ere, uste baino hobeto ailegatu ginen helmugara. Urretxutik aurrera Pertzillas amasarrarekin eta beste partaide batekin batera egin nuen bidea. Eskerrak postuetan kalimotxoa ere ematen zuten. Bidea bizitu zigun horrek, bestela zozoegia izango baitzen.

Ibilbidea aurrez ezagutzen al zenuen?
P.:
Bazen entrenamenduetan aurrez bide osoa egin zuen jendea. Nik lehenengo aldiz egin nuen eta Asteasu inguruko nahiz Aralarko zati batzuk ezagutzen nituen. Ibilbidea ikusgarria iruditu zitzaidan, hemendik urte batzuetara errepikatzeko modukoa.

Zein zati egin zitzaizun gogorrena?
P.:
Etxegarateko tartea. Izugarrizko lokatzak eta ur putzuak sortu ziren, bidea penagarri zegoen. Lehen gauean euria, hotza eta haizea izan genituen eta igandean izugarrizko beroa. Larunbatean igandeko beroa egin izan balu ez dut uste iritsiko nintzenik, beroa lagun txarra baitut.

Eta politena?
P.:
Zoragarria izan zen igandeko egunsentia, Aizkorrira igoera. Tontorraren azpialdeko bidexkan korrika ibili ginen, gustura gainera. Jaitsiera gogorragoa izan zen; oinean mina hasi baitzitzaidan.

Zer moduz helmugaratzea?
P.:
Oso pozik. Zortea izan nuen azken finean, erorialdi batek baldintzatu egin baitezake proba amaitzea. Helmugara iritsi ginenean poteoa egin genuen ospatzeko eta gero afaltzera joan ginen. Gauerako oinak min egiten zidan eta astebete lanera joan ezinik igaro nuen; jende asko bezala, tendinitisarekin.

Zein asmo aurrerantzean?
P.:
Beti bezala, mendian jarraituko dut; oinez, korrika, bizikletan eta motorrean ere bai. Hurrengo urtean edo ahal dudanean, Chamounixko lasterketan parte hartzea gustatuko litzaidake. Presarik gabe, dagoeneko ez ditut hogei urte eta.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!