Behi esnea, azokako bereizgarri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 15a, 10:20

Irailaren 26an izango da Asteasuko azoka berezia. Behi-esnea da azken urteotako azokako bereizgarria. Arretxe baserriko Aitor Alkain azokaz eta bere lanbideaz aritu da.

Arretxe baserriko behiak betidanik izan dira ikusgai Asteasuko Azoka berezian: “Azoka hasi zenetik eraman izan dira Arretxeko behiak. Aurten ere, hamar buru eramango ditugu. Duela hiru bat urte aldaketa nagusi bat egin zuten azokako egitarauan; eguerdian, behirik onenak jendaurrera ateratzen dira euren ezaugarriak azalduz. Behi guztiak elkarrekin jarritakoan, ezaugarri berezi horiek ez ziren nabarmentzen eta kartelak jarri arren, jendeak ez zuen horien berri izaten. Esne kopururik handiena eman duen behia, lehen umealdian esne kopuru handia eman duena…, bost kategoria ezberdinetan nabarmendu diren buruak jartzen dira ikusgai. Oso aldaketa polita izan zen hori, oso interesgarria eta bereizgarria”.

Bertako produktuei bultzada
Gustuko du Aitorrek Asteasuko azoka: “Behi-esneari bultzada emateko ekimenak antolatzen dituzte, eta hori beti da ona. Iaz, Kaiku etxeak eskainitako behi-esnea banatu zuten jendartean, esne freskoa. Horrelako ekimenek gure baserrietan ekoizten diren produktuak ezagutarazteko balio dute. Garrantzitsua da bertako produktuari bultzada ematea. Gauza jakina da supermerkatuan erosketako gurditxoa bete behar duenak produktuen prezioari begiratuko diola, eta hori ere ulertzekoa da, baina bertako produktuak ere zaindu egin behar dira”.
Duela hamahiru urte iritsi zen Aitor Arretxe baserrira: “Bertako nagusia zen Pello Otegi gaixotu egin zen eta hark egin zidan proposamena. Ni aiarra naiz eta hango baserria uztekotan nenbilela, orduantxe jaso nuen hona etortzeko proposamena. Betidanik izan dut gustuko baserriko lana ete bereziki, ganadua. Oso gaztetatik izan dut garbi nik honetatik bizi nahi dudala, eta horretan saiatzen ari naiz. Gaur egun laurehun buru daude gure ustiategian eta horietatik berrehun bat jezten ditugu. Kopurua igo eta hirurehun buru jezteko asmoa dut”.
Ganadu lehiaketatan ere parte hartutakoa da Aitor: “Garai batean asko ibiltzen ginen horrelakoetan eta gaur egun utzita badut ere, hemendik lasterrera berriro ere aurkezten hasteko asmoa badut”.

Gastu handiak, sarrera txikiak
Baserritarren egoera ez da batere erraza: “Guk ekoitzitako produktua, bai haragia baita esnea ere, duela hogeita hamar urteko prezio beretsutan saltzen da. Gastua berriz izugarri handitu da. Pentsuak, esaterako, sei pezetako igoera izan du aste gutxitan. Eta hori bakarrik ez; argindarra, BEZ zerga, bizimodua bera…, gastuak asko igo dira. Gaur egun, baserritarren egoera oso zaila da”.

Esnearen salneurri duina
Aitor Alkainek oso garbi dauka zein den baserritarren helburua: “Sektore honetan gabiltzanok esnetik bizi nahi dugu. Erakunde ezberdinetako dirulaguntzak jasotzen ditugu eta diru hori oso ondo etortzen da, baina hori estalki bat besterik ez da. Esnearen prezio duina mantentzea izango litzateke egoerari buelta eman eta gustatzen zaigun lanetik bizitzeko modu egokiena. Bide horretan, ordea, erakundeek ez dute indarrik egiten. Zurrumurruek diotenez,  datorren urtean esneak gora egingo du berriro eta urte hobeak etorriko dira, baina iritsi arte, gastuak ahal den tokitik murriztu eta ustiakuntzari eutsi besterik ez dago”. Gure eskualdean indar berezia dute esne-behi ustiategiek eta hori nabarmendu nahi izan du Aitorrek: “Asteasu, Zizurkil, Aia…, inguru honetan esne-behi asko dago. Gainera, gazte jende asko dabil honetan lanean. Baserria mantentzen jakin izan dugu eta hori zaindu beharra dagoela iruditzen zait”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!