Giro ona nagusi Zizurkilgo festetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 13a, 12:39

Irailaren 8an hasi eta 12ra bitartean festa eta giro ona nagusitu ziren Zizurkilen. Ekintza ugari izan zen eta, urtero legez, koadrilen eguneko bazkarian bildu zen herritar gehien.

Irailaren 8an, txupinazoaren aurretik, jende ugari gerturatu zen arratsaldeko III. Kros mistoa jarraitu eta korrikalariei animuak ematera. Iaz 28 bikotek izena eman bazuen, aurten parte hartze dezente handiagoa izan zen: 42 bikote atera baitzen korrika. Helduen lasterketaren aurretik haurren saioa izan zen; Ander Arruabarrena herritarra ailegatu zelarik lehen postuan helmugara. Helduen artean iazko bikote berberak irabazi zuen froga: Karmen Perea eta Enrike Arabaolaza donostiarrek, hain zuzen. Bigarren eta hirugarren postuak herritarrentzat izan ziren: Nerea Amilibia eta Joxe Mari Etxeberriarentzat bigarrena eta Aitziber Ibarbia eta Oier Ibarbia anai-arrebentzat hirugarrena. Iluntzean, Patrikanzulo eta Txoritxoak koadrilek jaurti zuten jaien hasierako suziria. Pailazoz jantzita egin zuten euren lana eta trikitilarien kalejirarekin batera, buruhandiak ere atera ziren Atxulondo Kultur Etxetik. Ohi denez, lehen gaueko afaria jendetsua izan zen eta eguraldia zertxobait aldrebestuagatik, giro onak ez zuen hutsik egin ondorengo orduetan ere. Biharamunean, Jubilatuen eguna izaki, hainbat ekintza izan zuten eurei zuzenduta: meza, toka eta igel txapelketa edota bazkaria. Goizean herriko haurren dantza ikuskizuna eta arratsaldean haiei zuzendutako jaialdi alaia gailendu ziren. Kantukale taldeko kideak arduratu ziren iluntzea kantuz alaitzeaz eta gauean, Txan magoak bere trukuen erakustaldia eskaini zuen plazan.

Asto karrera, jendetsua

Ostiralean Gazte eguna nagusitu zen gainerako ekintzen artean. Bazkarirako gazte ugari bildu zen eta baita ondorengo kontzertuetan ere. Zaunk, Che Sudaka eta Deskontrol taldeek jarraitzaile ugari elkartu zuten plazan. Ohi denez, larunbatarekin izan zen koadrilen eguna. 450 herritar bildu zen plazan bazkaltzera eta bazkalondoko pentatloi frogan koadrila gehienetako kideek hartu zuten parte. Pentatloiaren azken froga asto karrera izaten da eta aurtengoa jendetsua izan zela nabarmendu behar; bai parte hartzaileen aldetik, baita ikusleen aldetik ere. Mozorro gauean Inauterien itxura hartu zuen Zizurkilek, era askotako mozorroak ikusi ziren. Dianaren ondoren, Urkamendi elkarteak urtero antolatzen duen sardina jate eta sagardo dastaketarekin eman zitzaion hasiera festetako azken egunari. Motozerrarekin egurrean egindako lanak erakutsi eta gero, berriro ere herritarrena izan zen parte hartzea dantza herrikoian nahiz melokotoiaren agurrean. Bertso saioak ere ez zuen hutsik egin jaietan: Anjel Mari Peñagarikano, Aitor Mendiluze, Sustrai Kolina, Xabier Silbeira, Iker Zubeldia eta Amaia Agirre Jon Zalduaren esanetan aritu zirelarik. DJ Bull arduratu zen jaiak agurtzeko plazako giroa puri-purian jartzeaz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!